Zenbat geruza…

Tapiz-fabrika

Mila eta bat gauen moduan, goazen denok hegan

Zenbat tapiz, zenbat geruza, pilan-pilan daude ezin kabituta.
Inguruan duguna tankerakoa ote?
Denok gainean egon nahi, badaezpada ere.
Gorriak, urdinak zein arreak izan, denok behar genuke leku bat bizitzan.

Ainhoa

 

Burdinazko erraldoiak

20150506_163413

 

Burdinazko erraldoien zaratak ibaiaren lasaitasuna eten du, iratzargailuaren alarmak gau sakona eten duen bezalaxe. Goizeko bostak eta hamabi minutu. Ohetik altxatu, aurpegia eta hortzak garbitu, arropa jantzi, eta «diru-zorroa, giltzak, mugikorra… dena prest». Etxetik atera eta autora abiatu da, gaur ere izotza egin du. Kristal izoztuak garbitu eta martxa; berrogei minutuko bidea du aurretik. Berrogei minutukoa dela dio erlojuak, baina bi ordukoa dela iruditzen zaio. Heldu da, dagoeneko, hainbeste gorroto duen tokira. Hamar orduz lan egin behar duela pentsatzean, adorea guztiz galtzen du segundo erdi baten, baina ezin da gora begira geratu, eta indarra berreskuratzen du, berak ere ez daki nola.

Hogeita zortzi urte dauzka, eta horietatik hamabi lanean igaro ditu. Institutua amaitzean aitak argi eta garbi esan zion: «Badakizu nondik zatozen, langile familia batean jaio zara. Ez pentsa ikasketak egiteko gai izango zarenik». Geroztik, iratzargailua du bidelagunik fidelena, goizero-goizero esaten dio «egun on». Tira, gaurkoa ez da hain egun kaxkarra; otsaila dela kontuan hartuta, nahiko zeru polita dago. Urdina da nagusi, eta laino zuriak tartekatzen dira han-hemenka, kolore-nahasketa atsegina sortuz.

Hamar orduak igaro dira, eta makinatzarrek lortu dute langilerik handiena ere txikienetan txikien sentiaraztea. Nekeak beheraka tira egiten dio, eta kosta egiten zaio urratsak ematea, baina azkenean kotxera heldu da, indargabe. Orain beste berrogei minutu behar ditu etxera iritsi arte, eta denbora-tarte hori nahikoa da bere buruan gogoeta pizteko. Ez zaio beharbada bizitzarik zoriontsuena egokitu, baina badaki ordu gutxi falta direla berriz ere gauaren sakontasunean murgiltzeko, iratzargailuaren alarmak hori eteten duen arte, burdinazko erraldoien zaratak ibaiaren lasaitasuna eteten duen bezalaxe.

Maddalen

Itsasoaren zirrara

ura

Zutik nago.

Jauzi batez, eskuak lehenengo, burua segidan, lepoa, besaburuetatik hasita gerriraino, ipurdia, izterrak, oinen puntak azkenik, uretan murgildu naiz. Itxi ditut begiak. Uraren kontra talka egin bezain pronto isildu dira zipriztinak.

Isilik dago dena. Gero eta motelago egiten dut aurrera, urak geldiarazten nau. Gatz zaporea sentitu dut ahoan. Belztura erabatekoa da. Segundo mordoa daramat urpean. Tarteak motza dirudi, ordea.  Ez dut ezer ikusten, belarriak ere itxita dauzkat. Ura sentitzen dut nire inguruan, eta bere presioak lasaitzen nau. Hiriko zarata nekagarrien arrastorik ez; uretako oihartzun bitxiak soil-soilik. Jauzi egin dudanetik ez ditut giharrak mugitu, eta oraindik aurrerantz noa, ehun eta hirurogeita sei zentimetro luze-luze eginda. Airea falta zait. Burbuilen zaratak esnarazi nau. Lehenengo besoekin eta gero hankekin indarra egin dut. Banoa eguzki bila. Argi-izpiak sentitu ditut azalean. Ireki ditut begiak, eta belarriak, eta ahoa. Gogotik hartu dut arnasa

ur gainean.

Etzanda nago.

 

Elixabet