Berbaratzaren lehen urteurrena dela-eta, atari hauxe noiz, non, nola, zergatik eta nortzuk sortu zuten kontatzen duen istorioa:
Kutxiko Erresuma
Maiatzeko eguzki printzekin ernatu zen Berbaratzan lehen loretxoa. Baina, noski, lorea ernatzeko aurrez hazia erein behar da. Hazi hori, funtsa, iturburu, eta, aldi berean, ideia ere baden hori 2014ko neguan erein zuten Kutxiko Erresuman. Freskura galanta egiten zuen urte garai hartan Kutxiko kaleetan, eta, hala ere, bertan elkartzen omen ziren ia iluntzero hainbat berbalapiko. Asko gustatzen zitzaien euskaraz hitz egitea, eta itzultzea.
Urte bereko otsailaren 13an, betiko moduan Kutxin elkartu ziren iluntzeko zazpiak aldean, eta denbora aurrera zihoan arren, inork ez zuen etxeratzeko asmorik; osteguna baitzen. Asteko egun horretan ordu txikiak arte egoten ziren Kutxin ohiko berbalapikoak eta beste hainbat. Hamaika aldiz kexatu izan dira bizilagunak zaratagatik eta hurrengo eguneko lur itsaskorragatik, baina, alferrik. Eta, oraindik ere, ez dirudi antzinako tradizio hori aldatuko denik.
Kontuak kontu, egun hartan berritsu laukoteak ohiko lekuan ohiko orduan topo egin zuen, eta baratzari buruz hitz eta pitz ibili ziren ordu luzez; haiek bai berbalapikoak. Horrela sortu zen ideia, eta, hilabete batzuk geroago, hazi hartatik jaio zen lehen lorea. Orduz geroztik askoz gehiago ernatu dira.
Handik hilabete gutxira joan egin ziren Kutxitik. Baina batzuek diote etortzen direla oraindik noizean behin. Hiri edo herri bat du bakoitzak bizileku, elkarrengandik urrun, Kutxiko Erresumatik ehunka kilometrora; hala ere, moldatzen dira baratzean aritzeko.
Urtebete igaro da geroztik, eta Berbaratzak sekula ez bezelako itxura dauka: gero eta anitzagoa, koloretsuagoa, eta zabalagoa. Zenbaitek dio ezkaratz on bat dela horretarako gakoa, su bajuan, kontu handiz, berbak sukaldatu ahal izateko. Berbalapikoek esaten zuten hizkuntza dela guztion eguneroko ogia; itzultzea, aldiz, kanpoko lehengai exotikoekin bertako errezetak sortzea; eta, itzultzaileak, hizkuntzen sukaldariak direla. Lau berbalapiko berritsu haiek itzultzaileak ziren, afizioz, eta agian, egunen batean, ofizioz.
hitzak itzulika, jiraka eta bueltaka;
lau haizetara zabaldu daitezela
sukaldeko eta atariko
burutaziorik goxoenak.
2015eko maiatzaren 12an
Ainhoa, Elixabet, Maite eta Maddalen