Kontzientziak eta zientziak

Goizeko 9:30 dira eta etxeaz bestaldeko espaloian taxi bat gelditu dut.

– Hola, buenos días. ¿Me puedes llevar a CIDECI UniTierra?

-¡Claro! ¿Alguna ruta preferible?

-Pues, no.

Oraindik goiz xamar denez eta ahoko kafe zaporea guztiz desagertu ez denez, badirudi biotako inork ez duela tertuliarako gogo handirik. Banda musika ez zait gehiegi gustatzen, baina mexikar askorentzat egunaren doinua da eta beste zenbaitentzat ametsen doinua, irratia alboan behar baitute loak hartzeko. San Ramón merkatua atzean utzi dugu eta horrekin batera salgaiez betetako kale estu jendeztatuak. Kotxe barruan dantzan goaz, asfaltoaren ordez harrizko eta hautsezko lurra dugulako oinen eta lau gurpilen azpian. Koloretako etxeak daude alde bietan, gero eta txikiagoak.

Heldu gara periferikora. «Sancris»eko mendateak orrazten dituzte hainbat txabolek. Gris kolorea hartu du paisaiak eta kaleko txakurrez gain, makina bat saltzaile dago errepide ertzean, izan zortzi urteko haur edo 69 urteko amona. «Cinturón de la pobreza» deitzen diote toki honi. Mexikon maiz gertatzen den bezala hemen ere nahikoa da kale bat gurutzatzea aberatsen eta pobreen arteko aldea norainokoa den ikusteko, usaintzeko eta sentitzeko; hain da handia, non eguzki eta ilargiaren argiarekin aldera baitaiteke, zapore gazi eta gozoarekin, Amazoniako oihan eta Saharako basamortuarekin, krabelinaren lore berri eta arrosa ihartuarekin, kale kantoiko jatetxeko janariaren usain gozo eta eguneroko arto-irinezko babarrun takoekin, joan den denboraldiko oinetako moderno eta zolarik gabeko sandalia erabiliekin, teilazko eta uralitazko teilatuarekin, hesitutako eta beirarik gabeko leihoarekin, lau gelako eta gela bakarreko etxearekin, diru-zorro bete eta hutsarekin.

Ez dut sinesten denborak arazoak konpontzen dituenik; izan ere, kolonialismoaren garaian sortu zen mendekotasunak bere horretan darrai. Mexikon Europa osoan baino errekurtso natural gehiago dagoen arren, mexikar gehienek ez dute horren abantailarik sekula ezagutu. Kolonialitatea bizi-bizirik dago, Europako ateak erabat itxita eta mundu guztia hankaz gora.

Halako pentsamenduak darabilzkidala, konturatu naiz hiriaren mugara iristen ari garela, mendateak eta basoak ikus baititzaket kotxearen aurrealdeko kristaletik.

-No falta mucho, ¿verdad? –urduri nago, iristeko gogoagatik seguruenik.

-Tres cuadras, no más.

Kalearen bukaeran eskuinetara biratu du, bide bakarra baita. Poliki goaz zuloz jositako errepidean zehar. Heldu gara.

-¿Cuánto es?

-35 pesos.

-Vale, te doy justo. ¡Muchas gracias!

-¡Hasta luego!

img-20161229-wa0004

img-20161229-wa0006

Kotxetik jaitsi naiz eta unibertsitateko sarrerako atea zeharkatu dut. Koloreek eta berdetasunak bete dituzte nire begiak lehenbizi. Ez dauka zerikusirik hiru urtez astelehenetik ostegunera hainbeste ordu pasa nituen Gasteizko Letren Fakultatearekin. Pertsona ugari dago han eta hemen, adin guztietakoak, eta nire atzetik jende andana dator.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean «L@s Zapatistas y las ConCiencias por la Humanidad» kongresua ospatzen ari da, EZLNk (Ejército Zapatista de Liberación Nacional) seigarren aldiz antolatzen duen ekitaldia. Txiapaseko CICEDI UniTierra unibertsitatean zapatisten galderak erantzuteko ahaleginean dabiltza hainbat zientzialari eta, aldi berean, zientzien eta kapitalismoaren arteko harremana zein den eztabaidatzen. Horrez gain, aztergai hartu nahi da zientzialariek sistema kapitalistaren eraikuntzari eskaini dioten laguntza eta gaur egun ekonomia-ereduak aurrera egin dezan oraindik ere eskaintzen diotena. Hizlarien artean Amerikako (kontinente osoko!) eta Europako adituak daude, baita kongresuko edukien inguruan zer galdetu duten hainbat zapatista ere. Askotariko gaiak hizpide izango dira egunotan: manipulazio genetikoa, astronomia, merkataritza ekologikoa, adimen artifiziala eta beste gai orokorrago batzuk, adibidez, zientziaren esanahia. Programa osoa Enlace Zapatista web orrian dago eskuragarri. Klik egin orduko argi ikus daiteke kongresuak duen garrantzia eta hedadura; izan ere, ehun baino gehiago dira bertan jasotzen diren hitzaldiak eta bestelako ekintzak. Interesa izanez gero, kongresu osoa Radio ConCiencias irratian entzun daiteke, zuzenean, radiostream bidez, zein hitzaldien bideoen bitartez.

Aldiberean, abenduaren 29tik 30era bitartean beste kongresu aipagarri batek hartu du UniTierrako barrutia, Mexikoko «V. Congreso Nacional Indigena» batzarraren bigarren etapak, hain zuzen ere. Herri indigenek jasan duten eta oraindik ere jasaten duten zapalkuntza kapitalista landuko da bertan, horrek eragindako esplotazioaren, naturaren hondamenaren eta arrazakeriaren ikuspegitik. Programaren eta bestelako xehetasunen berri izateko, Enlace Zapatista atarian informazio interesgarria bildu dute.

Mota honetako ekitaldiek gogoetarako abagune ezin hobea eskaintzen digute, eta guk ere hala amaitu nahi dugu gaurko kronika. Kongresuak ez ezik, taxiko bidaiak ere mezu berdina igortzen digu. Sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean, binomioek bere horretan jarraituko dute: kolonialista eta kolonizatuak, pribilegiodun eta miserableak, aberats eta pobreak. Zeresanik ez pobreziaren gerrikoak. Zorionez, bada munduan zehar egoera aldatu zein hobetu nahi duenik edota alternatibak sortu, eta ziur gaude ekitaldi honek asko balioko duela irratia lagun dutenen edo bertaratzeko aukera dugunon bihotzak epeltzeko eta ideiak freskatzeko.

cideci

img-20161229-wa0007

Elixabet eta Maddalen

«Zuhaitza hartzera etorriko? Muxu. Aita»

Egongelako zuhaitza eguberrien zati da jende askorentzat. Gure idazleak erritu berezi bat jarraitzen du; abenduaren 24an aitarekin batera basora joaten da eguberrietako zuhaitza hartzera.

buch-tannenbaum

Istorio honek haserrea eragin dezake, lapurtzea ez baitago ondo, eta abenduaren 24an basotik zuhaitz bat hartzea lapurtzea da, noski. Bai, behintzat, denek egingo balute. Baina ez da horrela; aitak eta biok soilik egiten dugu halakorik.

Urtero joaten gara basora esku-zerra laranjaz zuhaitz bat moztera; amaren autoan eramaten dugu etxera; egongelan jartzen dugu betiko lekuan, eta borla gorriak eta bestelakoak zintzilikatzen dizkiogu. Duela zenbait urte, girlanda dirdiratsuak genituen; eguberriak pasata, amak txukun-txukun gordetzen zituen hurrengo urtera arte. Gaur egun ez dugu halakorik.

Hasierako urteetako apaingarrietatik, egurrezko figuratxoak geratzen zaizkigu. Gizontxo bat da nire gogokoena; lera batean eserita dago, denbora igaro ahala geroz eta okertuago. Duela egun batzuk aitaren SMS bat jaso nuen: «Zuhaitza hartzera etorriko? Deituidazu. Muxu. Aita».

Ez dakit zergatik hasi genuen guztia, horrekin hazi naiz-eta. Gure familian zera kontatzen da: gurasoak 70eko hamarkadan hirira bizitzera etorri zirenean, baso-eremu zehatz batean zuhaitz bat mozteko baimena eman zigun basozainak negu batez. Ahizpak eta biok baimen hori luzatu egin zela uste genuen, baina laster konturatu nintzen ez zela hala. Ahizpak horren berri izan zuenean, nahikoa sumindu zen.

Azken finean, ez daukagu inolako arrazoirik zuhaitza hartzeko. Ez gara pobreak, Wolfdietrich Schnurre-k idatzitako Mailegua istorio zoragarriko aita-semeak bezala. Alabaina, mundu-mailako krisialdi ekonomikoak egun Berlinen dituen eraginak irudikatzen dituzte.

Bikoterik gabeko aita langabeak eguberri-festa polit bat oparitu nahi dio bere seme Brunori. Halere, sosak ez zaizkio heltzen ezta etxea berotzeko ere. Azkenik, ideia bat bururatzen zaio aitari: «Zuhaitz bat lapurtzea lotsagarria da, baina onargarria da maileguan hartzea».

Schnurre-ren istorioan zuhaitzik gabeko eguberriak benetako eguberriak ez diren bezala, abenduaren 24an zuhaitza hartzera joatea horien zati da guretzat. Eguerdi aldera gurasoenera joaten naiz. Amak jada prest izaten du dena.

Hasteko, kafea eta etxean egindako gailetak egoten dira; laranja-pontxea sukaldean egoten da, gerorako, eta amak  autoko maletategian utzi ditu eskuzapi zaharrak, orratz-hostoez babesteko. Autoan, beso baten luzerako zerra eta lanerako bi eskularru pare daude ere bai. Autoan sartu eta martxan jarri besterik ez dugu behar.

Berehala identifikatzen dugu gure zuhaitza. Gehienez ere 1,80 metro luze da; azpialdea ez da oso zabala; gorantz estutzen da, punta ahalik eta zuzeneraino heldu arte, posible bada simetria mantenduz, eta adarren artean ezin du zulo handiegirik eduki.

Irregulartasunak apaingarriei esker disimula ditzakegu geroago, edo hain polita ez den aldea leihorantz biratzen dugu. Hostoek motzak, sendoak eta berde-berdeak izan behar dute. Behin, izei zuri bat izan genuen, baita hosto zimel eta ahul samarrak zituen beste bat ere. Baina alferrik izan zen.

Zereginak banatzen ditugu. Nik gidatu egiten dut, eta eskularruak eramateaz arduratzen naiz. Aitak zerra eramaten du. Basora heltzean, ibiltzeari ekiten diogu, eta zuhaitz-hautagai bat aurkitzen duenak besteei deitzen die, hurbil daitezen. Orduan zuhaitza inguratzen dugu; aitak adarrak astintzen dizkio, eta zera esaten dugu: «Mmm, hostoak ondo daude, baina hiru punta ditu eta enborra okertuta dago». Edo: «Oso ondo hazi da, baina handiegia da».

Zenbaitetan, segituan aurkitzen dugu gure zuhaitza. Hala ere, bilaketarekin jarraitzen dugu gutxienez ordu erdi batez bederen. Nork daki aurrerago ez ote dagoen hobeago bat. Gainera, aita-alaben erritua motzegia litzateke.

Erabakia hartzen dugunean, aita makurtu egiten da, gerritik gora desagertu egiten da beheko azken adarren azpitik, eta zerratzen hasten da. Balantzan egiten du zuhaitzarekin batera. Puntari eusten diot irmoki, eta aita arnasestuka ikusten dut. Enborraren diametroa 15 cm inguru luze da, eta aitak, duela pare bat urte zerrari aspaldi kamustutako xafla aldatu zionetik, minutu bat baino gutxiago behar izaten du hura mozteko.

Zuhaitza azpialdetik altxatzen dut; aitak puntari eusten dio; pare bat aldiz altxatzen du, eta lurrean uzten du bere nagusitasuna erakutsiz. Hosto solteak erori egiten dira. Beharrezkoa bada, azpiko adarrak mozten ditu. Enborrak luzera egokia izan behar du zuhaitza euskarrian kokatu ahal izateko.

Bata aurrean eta bestea atzean, zuhaitza autora eramaten dugu. Beti izaten da arazotsua zuhaitza bertan sartzea. Enborra maletategitik sartzen dugu bultzaka; geroago, zuhaitza deskargatzean, adarrak trabatu egiten dira, eta apurtzeko arriskua dago. Aldiz, puntatik sartzea erabakitzen badugu, zuhaitza kargatzean apur daitezke adarrak.

Berez, ibilaldi bat egin genezake basoan, eta itzuliko bidean zuhaitza erosi. Hala egin genuen behin. Zirimiri apur bat ari zuen, eta ilunabarra zetorren. «A! Utz dezagun zerra alde batera, eta goazen zuhaitza erostera», pentsatu genuen. Enbor okertuko izei bat hartu genuen; hosto mehe eta argi-argiak zituen, pare bat adar makur eta punta baldarra. Saltzaileari geratzen zitzaizkion zuhaitzen artean kaskarrena aukeratu genuen.

Etxera heltzean, autotik atera genuenean, amak zera esan zuen: «Oi! Polita da gero». Behar beste borlarekin zerbait hobetu genezake. Autora igo ginen ostera; benetako zuhaitz bat hartu genuen basotik, eta gure erritua beharrezkoa zela frogatu genion geure buruari urte hartan. Argi eta garbi zegoen erositako zuhaitza eskasa zela.

Gure herria baso zabal batez inguratua dago; ondo ezagutzen dut. Lehen, zaldiz ibiltzen nintzen bertan. Denborarekin, aitak eta biok gaitasuna lortu dugu estatistika bat egiteko konifero-erreserben eta eguberrietako zuhaitz-plantazioen garapenaren inguruan. Urtero-urtero goitik behera arakatzen ditugu pare bat leku. Gure gogokoenetako bat herriko tiro-eremutik gertu dago.

Behin, zerra eta zuhaitz moztu berria ziztu bizian bueltatu behar izan genituen basora, parez pare pertsona batzuk zetozelako. «Arratsalde on! Eguberri on, bai, benetan paraje ederrak, a zer lasaitasuna. Aiooo!». Aurrera jarraitu genuen ahalik eta sotiltasun handienaz, jendea begien bistatik galdu genuen arte. Orduan, atzera egin genuen, zerra zein zuhaitza aurkitu ahal izateko.

Duela bi urtera arte, bertan aurkitu izan dugu sarri gure zuhaitza, baina, egun, ez da oso eremu emankorra. Oro har, lehenagoko zuhaitzak politagoak ziren, edo besterik gabe gazteagoa nintzen, eta zuhaitz guztiak politak iruditzen zitzaizkidan. Ez dakit oso ondo.

Duela pare bat urte, eguberri-zuhaitzen plantazio bat aurkitu genuen lehenbizikoz. Berez, ez da halakorik egin behar. eta larrialdi-irtenbide bat baino ez zen izan. Izan ere, halako batean, ezinezko egin zitzaigun basoan zuhaitz bat aurkitzea; denbora mordoa eman genuen inguruan gidatzen, eta hainbat baso-eremutan ibili ginen alferrik. Ezinezkoa da etxera zuhaitzik gabe bueltatzea, eta, abenduaren 24an, 14:00etan itxi ohi dute zuhaitz-saltokiek.

Ibiltzen hasten garenerako, beraz, ez da beste inor egoten inguru zabalean. Behin hesi baten gainetik igaro ginen. Orduan, istorioak asmatzeari ekin genion, norbaitek zuhaitza mozten harrapatuko bagintu. Adibidez, «alaba ezustean etorri zaigu bisitan Estatu Batuetatik, eta ez geneukan zuhaitzik; ezinezkoa da hori; uler gaitzazue». Orain arte, ordea, ez dugu gure istorioak kontatzeko beharrik izan.

Duela urte batzuk, uste dut 2002ko eguberrietan izan zela, kristoren izozteak egon ziren jaiegunetan, eta  nolabaiteko kaosa nagusitu zen Saxonia Behereko kaleetan. Oinez joan behar izan genuen, eta eguberri-zuhaitzen plantazio bakarra besterik ez zegoen kale bat haratago. «Ez zaizu ezer nabaritu behar; egin lasai-plantak, eta inork ez digu ezer galdetuko», esan zidan aitak. Gure zuhaitza etxeraino eraman genuen herri erditik zehar. Eta, hainbesteko lasai-plantak egin genituen, ezen inork ez baitzigun galdetu zertan ari ginen.

Hosto guzti-guztiak izotz geruza batez estalita zeuden, eta zuhaitza egongelan sartu genuenean, segituan bidali gintuen amak kanpora. Orduan, tarte luze bat igaro genuen garajean laranja-pontxea edaten eta zuhaitza ile-lehorgailuarekin lehortzen.

Askok ez ditu familiaz inguratutako eguberriak maite, eta derrigortuta joaten da gurasoenera. Ni gustura joaten naiz etxera, besteak beste, aitarekin zuhaitz bila joaten naizelako. Aurten ere tiro-eremura joango gara lehenik. Agian gauzek hobera egingo zuten, eta bertan aurkituko dugu gure zuhaitza.

Maddalen

Jatorrizkoa: TAZ.de. „Kommst Du Baum holen? LG Papa“.

Koloretako eguna

Beltza, dena beltz ikusten dut gaur, zer gertatzen zait, baina? Euria ote? Horri leporatuko diot errua gaurkoan, bada, ez baitut beste ezertan pentsatu nahi, izan ere, dagoeneko beltza da eguna, ez dago horri buelta gehiago eman beharrik, ezta?

Eta gaur? Zeinen polita eguna! Etorkizun erabat zuria ikusten dut gaurkoan, ene, baina zer nolako poza! Ahaztu zait dagoeneko atzoko egun beltza…

Baina ezin, ezin holan bizi, nekatuta nago, egun batean goian, bestean behean, arrazoi argirik gabeko aldaketa bortitzak pairatzen ditut, errusiar mendi batean banengo bezala sentitzen naiz, muturreko sentipenak, orain ezin hobeto, hurrengo honetan zulotik atera ezinik.

Ez al dute esaten bizitza ez dela zuria edo beltza? Gris mordoa dagoela?

Bada, ni ez nago ados, grisa ere tristea baita, egun grisa zer da bestela? Egun tristea, ez dut inolako zalantza izpirik, eguzki izpirik gabeko eguna baita egun grisa! Nik koloretako egunerokoa nahi dut, gaur berdea, bihar urdina, eta etzi? Nork ote daki? Larrosa? Turkesa moduko egun berde-urdina? Hori bai hori, egunero-egunero kolore ezberdinez gozatzea, begietan dirdira more, gorri eta laranja izatea!

fullsizerender-1

Maite

Matriarka eta latina?

Makina bat aldiz entzungo zenuen Latinoamerikan emakumeak etxeko zutarriak direla, sendoak, kantariak, gartsuak, ipurtandiak, umoretsuak, nekaezinak. Eta ez da txantxa, emakumea arduratzen baita haurrak hezteaz, eguneroko otorduak prestatzeaz, eta horiek erosteko sosak etxera ekartzeaz; lanordu amaiezinak aguantatzeagatik, etxean nahiz etxez kanpo lan egiteagatik, honegatik eta hargatik meritu itzela dute. Harrigarria da, bai Latinoamerikan bai munduko beste zenbait txokotan, hainbeste lan eta izerdiren ostean emakumeak zergatik ez diren gehiago konkortzen. Edo apurtzen.

Baina… Batzuen errealitatea oso garratza da: goizean ohetik erori orduko lanerako prestatu; bi ordu igaro lantokira iristeko, baina ez kotxean bakar-bakarrik eta gustuko duzun irrati katea entzunez, jendez ipurtzuloraino betetako autobus batean baizik; lantokian zortzi ordutik gora pasa, eta hori guztia hamabostean behin 1.500 peso mexikar irabazteko, hau da, 75 euro inguru; lantokitik etxera, bi orduko bidaiaren ostean, zortea baduzu, eta hiru trafiko handiko ordua egokitzen bazaizu; heldu da ordaindu gabeko bigarren lanaldiaren garaia; badakizu zenbat ordu geratzen zaizkion egunari? Etxean lau aho eta biloba bat dauzkazu, ziurrenik ez ziren hainbeste izango antisorgailuak horren garestiak izango ez balira, kondoi bakar batek 20 peso (euro bat) baino gehiago balio baitu, eta litro erdi coca colak 11 (50 zentimo); aitak eta amak janaria doan ematen dizute, eskerrak!, honezkero gosez hilda egongo baitziren etxeko guztiak hala izango ez balitz; arropa garbitu eta janaria prestatzen duzu familia guztiarentzat, eguna joan eta eguna etorri; eta gizona? Gizon matxoa orain ez da zurekin bizi, nahiz eta ezkondu ostean 17 urte luzez elkarrekin elkarbizi; mozkortia izateaz gain neskazale amorratua, hamaika aldiz engainatu zaitu, lagundu behin ere ez, aldiz, egunero mindu; are gehiago, etxean bizi zen bitartean beste neska batekin ere bizi zen. Zatitu zuen bere bizitza. Eta beste batzuen bihotza.

Ba, sinesgaitza eta amesgaizto hutsa dirudien arren, egia da kontatutako guztia.

img-20161012-wa0004

Elixabet

Adreiluak

Euskalzale, euskara ikasle, irakasle, euskaldun zahar, euskaldun berri:

Heldu da beste behin euskararen nazioarteko eguna. Euskararen eguna egunero den arren, gaurkoa egun seinalatua da hori bera gogorarazteko. Eta abenduaren 3rako plan bila bazabiltza, adi! Izan ere, 51. aldiz ospatzen ari da Durangoko Azoka abenduaren 2tik 6ra, eta munduko beste hainbat txokotan ere liburuak azoka erraldoietako protagonistak izaten ari dira azken egunotan. Guadalajarako Nazioarteko Liburuaren Azokan laster bukatuko da, baina azaroaren 26tik abenduaren 4ra ehunka libururen aurkezpenak egin dituzte, hamaika mahai-inguru, eztabaida, hitzaldi, makina bat irakurraldi, bederatzi kontzertu. Liburuak zer diren irakurri nuen azokari buruzko programa batean eta zuri, Durangoko Azoka zale amorratuari, han irakurritakoa kontatu nahi dizut, euskaraz, noski:

«Liburua toreroaren kapa da, eguzkiarentzat eta euriarentzat aterkia, inozokeriaren gezien aurkako ezkutua, zerua itotzen duen ergelkeriaren aurkakoa, liburua ametsik onenak izateko burkoa da, amesgaizto bikainenak izateko iltzedun ohea, liburua musuzapia da malkoentzat, baltsamoa da zaurientzat, liburua gizartea, etxeak, hormak, unibertsoak eraikitzen dituen adreilu hau da (Benito Taibo).» «Irakurri duguna gara; aitzitik, liburuek gure bizitzetan utzitako hutsa izango gara (Tomas Eloy Martinez, Argentina y otras crónicas, 2011).»

Liburuetan sinesten dugunok badugu, hortaz, asteburuan zer egin. Bai Euskal Herrian bai Mexikon, izan dadila  liburuz inguratutako asteburua eta sar dadila kalabazan.

51-durangoko-azoka

guadalajarako-nazioarteko-liburuen-azoka-kartela

Elixabet

OIHANAREN DEFENTSAREN GAKOAK. CHICO MENDES ETA SERINGUEIROAK.

Geroz eta gehiago dira gizakiak naturari eragiten dizkion kalteak, eta geroz eta gehiago dira egoera horren aurrean alarma piztu duten pertsonak. Egunkaria hartu eta ingurumenari buruzko berriak irakur ditzakegu egunero; normaltasunaren dinamikan sartu direla dirudi, baina munduko boteretsuenek ez dute hori aldatzeko interesik erakusten. Hala ere, badago ingurumena babestearen alde borroka egiten duenik, Brasilgo seringueiroek edo kautxu-biltzaileek XX. mendean erakutsi zigutenez. Artikulu honetan, Hego Amerikako komunitate horrek abiatu zuen borroka ulertzen lagunduko diguten zenbait gai landuko ditugu, eta, horretarako, Javier Moro idazlearen Senderos de libertad liburuko hainbat pasarte euskaratu ditugu. Oihanaren defentsa sutsuenaren erakusle da seringueiroek 1940ko hamarkadan abiatu zuten borroka.

Bigarren Mundu Gerran, kautxurik gabe geratzen ari zirela ikusita, Estatu Batuetako agintariei berebiziko interesa piztu zien Amazonia oihanak, han baitago munduko kautxu-erreserbarik handiena. Laster otu zitzaien hura ustiatzeko plan bat, eta, hala, milaka brasildar errekrutatu zituzten seringaletan edo kautxu-zuhaitzak zeuden eremuetan lan egiteko. Historiak argi utzi du langile-klasea beti egon dela dirua eta negozioa egin nahi duten nagusien menpe, seringueiroen kasuan, fazendeiro edo lur-jabe boteretsu eta esplotatzaileen menpe, alegia. Horrelako egoeren aurrean, erreakziorik naturalena mugimendu gisa antolatzea da, historian zehar hainbat lurralde eta garaitan gertatu den moduan. Kautxuaren soldadu deiturikoek, sen natural horri jarraiki, hala egin zuten, eta apurka-apurka, lan baldintza ustelez jabetu ostean, antolatzeari ekin zioten. Gizadiaren iraganaldiko gertaerak aztertzen dituen ezagutzak, beste behin, agerian utzi digu mugimendu orok buruzagi bat behar duela. Chico Mendes izan zen Amazoniako kautxu-biltzaileen artean kohesio-lanak egin zituena; ingurukoei irakurtzen eta idazten erakutsiz hasi zen, eta denborarekin hark sortu zituen, nazioarteko beste ekintzaile batzuen laguntzaz, seringueiroen ahotsa izango zen sindikatua eta alfabetatzeko ezinbestekoa izango zen eskola-sarea. Prozesu historiko horren xehetasun guztiak kontatzen dizkigu Javier Moro idazleak Senderos de libertad lanean, hiru urtean zehar Amazoniako eszenatoki esanguratsuenetatik bidaiatu eta protagonistekin hitz egin ondoren.

seringal

Seringueiroak lanean.

Ekologismoak egiten gaitu

Brasilgo seringaletan jaiotako borroka horri hertsiki lotuta, ezin dugu ahantzi ekologismoaren gaia. Izan ere, seringueiroek ez zeukaten zalantza izpirik: beren eskubideen aldeko borrokak ezin zuen zentzuzkoa izan ekologismorik gabe. Arrazoia agerikoa da: ingurumena kaltetuz gero, naturak hiltzeko arrisku geroz eta handiagoa dauka, eta harekin batera bertan bizi diren gizaki guztiek. Ingurumenaren babesa, beraz, borroka guztien oinarria da, ekologismorik gabe, ez baikara ezer, eta, hortaz, ezin defendatu gainontzeko eskubide eta ideiak. Kautxuaren soldaduek bizileku zuten oihanaren pixkanakako suntsipena bizi zuten, boteretsuen negozioek eta interesek eraginda. Deforestazioa nabarmena zen; ganaduak dirua ematen zuenez, lur-jabe handien artean baso-eremu zabalak soiltzeko praktika geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari zen. Era berean, Brasilek berak zein munduko beste herrialde ahaldunenek Amazonia zuten jomuga beren makroproiektu suntsitzaileak garatzeko, besteak beste, Transamazónica errepidea, eragin zuen zoritxarraren ondorioz «Transmiseriana» izenarekin bataiatua. Hondamendia datu zehatzen bidez adierazte aldera, hona hemen liburuaren pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Ez zen soilik planetako espezie bizidunen suntsipenik handiena izan Kretazeoa amaitu zenetik. Lur osoaren osasunari mehatxu egiten zioten substantzia kaltegarriz betetzen zuen atmosfera Amazoniaren hondamenak. Hala, Amazoniak bat egin zuen herrialde industrializatuen multzoarekin, Estatu Batuak buru zirela, planetako baliabideen bi heren kontsumitzen baitute, munduan gutxiengo diren biztanle batzuen bizimodua mantentzeko. Paradoxa da Amazoniak, munduan gutxien industrializatutako eremuetako batek, Frantziak eta Espainiak batera baino substantzia kutsatzaile gehiago isurtzea. Segituan azaleratu zen deforestazioaren beste ondorioetako bat  zuhaitz gehien mozten ziren eskualdeetan euriteak % 20 murriztu zirela erreparatu ostean; hots, hainbat zientzialarik urtetan zehar aurreikusitakoa: klima-aldaketa eta horren eragin konponezinak mundu osoan. Izan ere, Amazoniako oihana ez da planetaren birika edota atmosferako elementu garbitzaile erraldoia —hirurogeiko hamarkadako ekologistek modu okerrean sinetsarazi zutenez—; aitzitik, hezetasunaren funtsezko erregulatzailea da. Oihanean egiten duen euriaren hiru laurden lurrera heldu aurretik lurruntzen dela aintzat hartuta, erraz uler daiteke lurrunketa hori murriztu egiten dela zuhaitzak moztean, eta, hortaz, prezipitazioak behera egiten duela. Hori Amazonaseko arroaren eskalara egokituz gero —bertako oihanak planetako ur gezaren bolumenik handiena birziklatzen du, Amazonasen 6.720 kilometroei esker munduko ibai guztiek isurtzen duten bolumenaren bosten bat askatzen baitu ozeanoan; hau da, egun bakarrean Tamesis ibaiak urte osoan askatzen duena bezain beste—, erraz uler dezakegu arazoaren larritasuna. Haren 10.000 ibaiadarrei esker —lerro zuzenean 80.000 km neurtuko lukete, mundua ekuatoretik bi aldiz inguratzeko adina—, Amazonaseko adarkadurak planetako izaki bizidun guztiengana heltzen dira kliman duten eraginaren ondorioz. Aurkikuntza horiek partekatzen zituzten zientzialariak harriturik zeuden, XX. mendearen amaieran ilargiaren gainazaleko zenbait eremu hobeto ezagutzen baitziren oihanekoak baino. Amerikar botanikari batek adierazi zuen legez, arazoa zera da: ilargiak ez du aldaketarik jasango milioika urtean zehar, baina bitartean, mende-amaierako urteetan, oihan tropikaletako hogei hektarea desagertzen ari ziren minutuko.

Zinez kezkagarriak dira, bada, gutxi batzuen interesek planeta oso bati eragin diezazkioketen ondorio larriak, kasurik okerrenean, heriotza ekar dezakete-eta. Dena den, egoera katastrofikoenetan ere, beti argitzen du itxaropen-izpiren batek iluntasunean. Seringueiroen komunitatea ez zegoen bakarrik; hasiera-hasieratik Chico Mendesek hainbat elizgizonen babesa jaso zuen, eta Sena Madureiran 1975ean lehen sindikatua sortu zenetik, horien arteko elkarlana giltzarri izan zen. Nazioarteko sostengua beranduago heldu zen, bereziki Estatu Batuetako hainbat ekintzaile ekologistaren eskutik. Sindikalista brasildarrarekin harremanetan jarri eta arazoa nazioartera zabaltzeko kanpaina abiarazi zuten, Brasilgo agintariek begiak estalita zituztela baitzirudien. Oihanaren aldeko borrokak eragindako neke eta sufrimendua ez zen alferrikakoa izan, Chico Mendesi eta izen-abizena duten beste hainbat ekintzaileri esker —kontsekuente izateko, Maria Alegretti eta Bruce Rich aipatu behar, beste askoren artean—, Amazoniako hondamendi ekologikoak mundu osoan oihartzuna izan zuen, eta hainbat sektoretan ardura pizteko balio, adibidez, hainbat politikariren artean. Tamalez, urteek erakutsi digute ez dela lortu naturaren suntsiketa behin betiko amaitzea; bai, ordea, hondamendiaren erritmoa mantsotzea, hainbat herrialdek Amazonian gauzatu nahi zituzten proiektuetako batzuk geldiaraztea lortu baitzuten. Badugu, beraz, zer eskertu zailtasun ororen gainetik ama-lurra defendatzeko hautua egin zutenei.

Indigenekin bat

Seringueiroekin batera, Amazoniako indigenak izan ziren hondamendiaren biktima zuzenenak, hots, XX. mende amaierako kolonialismoaren biktimak. Horren adibide garbia da Polonoroeste proiektua, Boliviarekin muga egiten zuten lurren 25 milioi hektarea ekoizpenera bideratzeko plana. Oihana konkistatzeko saiakerak 1.200 kilometroko errepidea marraztu nahi zuen Brasilgo lurretan, baina bertan bizi ziren indigenak oztopo zirenez, beharrezkoa zen lurrak desjabetzea. Ba al dago kolonialismoak bizirik jarraitzen duela erakusteko adibide garbiagorik? Bigarren Mundu Gerraren ondoren deskolonizazio-prozesua era arrakastatsuan gauzatu zela saldu ziguten, baina oraindik ere, 70eko hamarkadan, indarkeria neurrigabea pairatzen zuten Hego Amerikako biztanle askok. Horren harira, hona hemen Mororen liburuko pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Oihana laukitan zatitu nahi zuten, errepideek espazio huts erraldoiak gurutza zitzaten, baina, egiazki, oihana ez zegoen hutsik. Jendea zegoen: seringueiroak, ribeirinhoak, fruitu-biltzaileak, indioak, cablocoak. Oihanean bizi zen jendea —eta oihanetik bizi zena— eta, hortaz, hura zaintzen zuena. Milaka urtean zehar basoan bizi izan ziren hainbat komunitate indigenez osatutako herriek egun batetik bestera lekualdatu behar izan zuten. Indarrez ebatsitako beren lurretan agrovila direlakoak (nekazari-hiriak) sortu ziren, gobernuak diruz lagundutako nekazaritza- eta abeltzaintza-enpresek sustatutakoak, eta kolonoak joaten ziren hara bizitzera, lur berrien irrikan, Amazoniako klimaren eta lurraren ezaugarriak ezagutu ere egin gabe. Babes tekniko zein finantzariorik gabe, aldez aurreko prestakuntzarik gabe, inolako laguntzarik gabe, porroterako hautagai perfektuak ziren.

Lurren desjabetzea ez zen bukatu gabeko kolonialismoaren jarraipenaren ondoriorik larriena izan, baizik eta hainbat tribu indigenen desagerpena. Basoaren suntsitzaileek ez zuten inolako mugarik, eta patrikak betetzearen truke edozer egiteko gai ziren, kostua edozein izanda ere. Ibaietako kutsadurak eta basoen suntsipenak gaixotasuna eta heriotza baino ez zien ekarri oihaneko biztanleei, eta beren biziraupena arriskuan zegoela ulertu zuten. Horrenbestez, seringueiroek hasitako ibilbideari herri indigenak batu zitzaizkion eskuz esku kolonialismoari aurre egiteko.

Zoritxarrez, berrogei urte beranduago, borrokak jarraitzen duela esatera behartuta gaude, historia berbera behin eta berriz errepikatzen baita. Azken hilabeteotan, esaterako, Standing Rockeko siouxen kasuak zeresan handia eman du. Indioen lurraldea zeharkatuko duen petrolio-hodi erraldoiaren aurkako protestetan milaka herritarrek hartu dute parte, eta gaur egun proiektuaren % 70 baino gehiago eraiki den arren, manifestariek ez dute etsi. Horra kolonialismo sutsuenaren beste adibide bat.

Heriotzak sortzen ditu heroiak

Chico Mendesek oztopo eta zailtasun ugariri aurre egin behar izan zien bere aldarriak zabaltzeko orduan. Brasilgo agintariak entzungor egin zieten seringueiroen eskakizunei, eta haien aurkako gorrotoa hedatzeaz arduratu ziren. Egoeraz jabetuta, Chicok behin baino gehiagotan izan zuen amore emateko tentazioa, baina bidegabekeria guztiekin amaitzeko grinak pisu gehiago izan zuen.

Chico Mendes.

Chico Mendes.

Urte horietan sortutako tentsioa geroz eta handiagoa zen, eta indarkeria egunerokotasunaren zati bilakatu zen, tasa beldurgarriak gainditu arte. Izuaren haziak bikain erein zituzten pistolari taldeek oihaneko bazterrik galduenetan ere; edo hobe esanda, pistolariek, poliziak, gobernuak eta fazendeiroek, guztiak batera elkarlanean aritu baitziren seringueiroen aurkako gurutzada hartan. Seringueiroek erresistentzia baketsuaren aldeko apustua egin zuten arren, asko izan ziren tiroz hildakoak. Eta hilabeteek aurrera egin ahala, Chicok bazekien berak ere hala bukatuko zuela. Nolanahi ere, ez zuen etsi eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, baina Xapurín jaiotako seringueiroak ezin izan zuen bere kezka ezkutatu jendaurrean eman zuen azken hitzaldian:

Ez dut lorerik nahi nire hilotzean, oihanetik hartuko dituztela baitakit. Nire heriotzak hiltzaileen inpunitatearekin amaitzeko balio dezala nahi nuke soilik. Izan ere, Acreko poliziaren babesa jasotzen duten horiek nire pareko 50 pertsona baino gehiago hil dituzte 1975. urteaz geroztik nekazarien eskualdean. Hots, Amazoniako oihana salbatu nahi duten eta suntsipenik gabe aurrera egitea posible dela erakutsi nahi duten seringueiroen buruzagiak hil dituzte. Adio, plazer bat izan da. Xapuríra itzuliko naiz heriotzarekin topo egitera, inork ez bainau hartaz libratuko; ziur nago. Hil nahi nautenak salatu ditut, baina inork ez du neurririk hartu. Ez naiz fatalista; errealista naiz.

Eta ezin ukatu Chico errealista zenik, egun batzuk beranduago, abenduaren 22an, bi pistolarik haren etxeko lorategian hil baitzuten, seringueiroaren emazteak eta bizkartzainek afaltzen zuten bitartean. Planeta osoan entzun zen Alves aita-semeek jaurtitako bala, eta ordura arte jaramonik egin ez zuten mundu guztiko komunikabideek hitz onak idatzi zituzten Chicori buruz. Hala, Xapuríko gizontxoa heroi bilakatu zuten, eta Amazonian gertatzen ari zen sarraskia bistaratu. Chicoren irudia oso presente dago oraindik ere, eta ama-lurraren hondamenak bere horretan jarraitzen duen arren, hura bezalako jendea dagoen bitartean, ezin esperantza guztiz galdu.

Maddalen

BIBLIOGRAFIA:

– Moro, J. Senderos de libertad. Barcelona: Seix Barral, 1992.

Kaleko bakarrizketak

kaleko-bakarrizketak

Azaroan bete-betean sartuta gauden arren, eguzkia jaun eta jabe izan da gaur egun guztian. agian horregatik daude maindireak, kuleroak eta kolore guztietako arropak nonahi zabalduta. Nagusi kaleko guztiak ados jarri dira gaurko egunean arropak kanpoan zabaltzeko. Eskuinetara doan kalean sartu naiz. Hemengo batzuk ere jarri dute dagoeneko garbigailua. Nik ere horixe egingo dut etxera heltzen naizenean. Eta zer prestatuko dut afaltzeko? Etorkizunari begira egoteak ez dit uzten oraina dastatzen. Uste dut oraindik baditudala leka batzuk hozkailuan. Errepidea gurutzatu dut. Afalostean gitarra jo dezaket, eta musika entzun, vals bat adibidez, Shostakovichen bigarrena, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru… Seguruenik mundua hobea izango litzateke kantua aterako balitz jendearen ahotik hitzen ordez; gehiegitan eteten dituzte hitzek momentu bereziak.

− Aio, politt hori!

Nire mutil-lagun ohiaren ahots sendoa izan da gaurkoan.

Elixabet

Egunero-egunero

Iluntasunean bidaiatzen duen sugea, pasabideetan zehar doana, gelditu, aurrera egin, gelditu, aurrera egin, behin eta berriz lan berbera, eta nekagabe jarraitzen du hala ere. Errepikagarritzat joko dute askok haren lana, baina milaka eta milaka inurritxo hari esker heltzen dira kasik txoko guztietara. Gainera, ez dago bakarrik sugetxoa, lagun ugari ditu, haiekin gurutzatzen da noizean behin, eta “tu tuuu” eginez agurtzen ditu. Batzuetan, gelditu eta elkarrizketatxoren bat izateko tartea ere badute, baina ziztu bizian alde egin behar izaten dute horren ondoren.

Iluntasunean bizi da sugetxoa, bai, baina badu argi propioa behar izanez gero, dena den, bidea buruz daki eta laguntza gabe heltzen da helmugara egunero-egunero. 8 orduko lanaldiak luzetzat jotzen dituzuela? Sugetxoak 19 ordu egiten ditu lan egunean, eta asteburuetan, 24! Atseden hartzeko denborarik ere ez du gixajoak, eta hori gutxi balitz, gaixotzen denean inurriak sutan jartzen dira, haserreturik, suge gaixoari haien arazoen errua leporatuz.

Ez da erraza ez sugetxoaren bizitza, baina arazo guztien gainetik gailentzen da zoriontasuna, egunero haien txokora iristen laguntzen dieten pertsonen poztasuna, eta horrelaxe jarraitzen du sugetxoak aurrera egin, gelditu, aurrera egin, gelditu… Baten batek dio, goizaldeko ordu txikietan “lor dezaket, lor dezaket,…” xurrumurrua ere entzun izan duela metroko tunel luzeetan zehar.

fullsizerender

Maite

Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna II

Kolonbiatik Argentinara

Aurreko asteko postaren jarraipena tokatzen da gaurkoan. Banaketa geopolitikoari jarraituz, eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna deskribatu ostean, heldu da Hego Amerikakoen txanda. Hor doa!

Kolonbia

Kolonbian hamaika hizkuntza indigena hitz egiten dira, bi kreolera, ijitoera eta espainiera kolonbiarra. Guztira 65 hizkuntza indigena baino gehiago erregistratu eta ikertzen ari dira. Hori dela eta, eztabaida bizi-bizirik dago hizkuntzalarien artean, batzuen iritziz 13 familia linguistikotan sailkatzen direlako hizkuntza guztiak, eta beste batzuen ustez gehiagotan. Legeari dagokionez, 2010eko urtarrilaren 25eko hizkuntzen legeak hainbat berrikuntza ekarri zituen. Hizkuntza eskubideak «aintzat hartu nahiz babesten» ditu, eta hizkuntza natiboen «babesa, zaintza eta sustapena» bultzatzen du.

Venezuela

Espainiera ofiziala den arren, «herri indigenen hizkuntzak ofizialak dira errepublika osoan». Horixe dio Venezuelako konstituzioaren 9. artikuluak. Miglazzia eta Capmbellen ikerketen arabera, hamar bat familia linguistikotan sailka daitezke Venezuelan hitz egiten diren hizkuntzak: caribe, chaimas, arawaka, macro-chibcha, guahibo, saliba, macro-pano, tupi, macro-puinave familiko dialektoak. Era berean, hizkuntza isolatuak daude, euskararen kasuan bezala, familia linguistiko batean sailkatu ezin izan direnak, alegia. Guztia 33 hizkuntza indigena hitz egiten dira, baita horien dialekto eta aldaerak ere. Tamalez, horietako batzuek hiztun gutxi dauzkate eta hilzorian daude.

Ekuador

Hego Amerikako herrialderik txikiena izan arren, hizkuntza aniztasuna ez da horren urria. Espainiera Ekuadorreko herritar guztientzat hizkuntza ofizial bakarra izateak beste hizkuntza batzuenganako bazterkeria eragiten du. Quechua da hizkuntza indigenetan gehien ikertu dena, baina beste hamar bat hitz egiten dira oraindik. Ekuadorreko 1998ko konstituzioaren erreformak dio espainiera ofiziala dela eta quechua, shuar eta gainerako antzinako hizkuntzak ofizialak direla herri indigenentzat legeak ezartzen dituen alorretan.

Peru

Gehien hitz egiten den hizkuntza quechua da, nahiz eta beste hainbat existitzen diren. Beste herrialde batzuetan gertatzen den bezalaxe, Peruren kasuan ere lan nekeza da zenbat hizkuntza elkarbizitzen diren zehaztea. Gainera, hizkuntzetako batzuk oraindik ikertu ez direnez, egitekoa zailagoa bihurtzen da. Herrialde honetako hezkuntza ministerioak zenbait ikerketa egin ditu gaur egun hitz egiten diren 47 hizkuntzen inguruan. Horietatik lauk Andeetan dute jatorria, eta gainerakoek, Amazonako oihanean. Hainbat arrazoi dela-eta, hizkuntza asko desagertu egin dira dagoeneko eta beste batzuek patu eta arrisku bera dute. Peruko gobernuak hizkuntza indigenen legea onetsi zuen eta, horren arabera, «hizkuntza indigenen hiztunek beren hizkuntza propioan arreta jasotzeko eskubidea dute gobernuaren edozein instituziotan». Kontua da eskubide linguistiko hori ez dela beti betetzen, eta herritar gehienei ezinbestekoa zaie espainiera jakitea.

Bolivia

Konstituzioak aurrera pausoak eman ditu hizkuntza indigenen mesedetan. Eleanitz, kultura eta nazio anitzeko gisa definitzen du gobernuak Bolivia. Baina teoria gauza bat da eta gehiegitan urruntzen da praktikatik. Edonola ere, 36 nazio eta herri aitortu zituen 2009an konstituzio berriak. Horren arabera «bai espainiera bai hizkuntza indigenak ofizialak dira», eta hizkuntza hauek aipatzen dira bertan: aymara, araona, baure, bésiro, canichana, cavineño, cayubaba, chácobo, chimán, ese ejja, guaraní, guarasuawe, guarayu, itonama, leco, machajuyaikallawaya, machineri, maropa, mojeñotrinitario, mojeñoignaciano, moré, mosetén, movima, pacawara, puquina, quechua, sirionó, tacana, tapiete, toromona, uruchipaya, weenhayek, yaminawa, yuki, yuracaré eta zamuco. Halaber, gobernuko zerbitzuetan bi hizkuntza ofizial erabiltzen dira: bata espainiera, eta bestea tokiaren araberako hizkuntza indigena bat.

Txile

Latinoamerikako herrialderik luzeenean elkarbizi diren hizkuntza indigena nagusiak hauexek dira: aimara, mapudungun, chesungun, quechua eta rapanui. Tamalez, hizkuntza guztiak ez daude sasoi berean eta batzuk hilzorian daude, hala nola, yagán eta kawésqar. Beste zenbait iraganean geratu dira iltzatuta, inork ez baititu hitz egiten gaur egun: chango, atacameño, diaguita, chono, tehuelche, yagan eta onas.

Paraguai

Paraguaiko hizkuntzen politikari buruzko ataria ireki bezain pronto, espainiera edo guarania aukeratu behar da. Biak dira ofizialak, baina hizkuntza gehiago ere hitz egiten dira, noski. Gutxienez hamaika herri indigena bizi dira Paraguain, bakoitzak bere hizkuntza hitz egiten du, baina gaur egun pertsona gutxi dira; hori da, esate baterako, guanáren kasua, mendebaldeko guaraniarena, baita angaité eta sanapaná hizkuntzena ere. Halaber, plautdietsch ere hitz egiten da, Bigarren Mundu Gerraren garaian hainbat menonita Paraguaira joan baitziren bizitzera.

Uruguai

XIX. mendera arte Uruguain hainbat hizkuntza hitz egiten ziren: charrúa hizkuntzak, guaranitik eratorritako lau hizkuntza eta afrikar jatorrikoak. Denboran zehar gauzak asko aldatu dira, ordea, eta hizkuntza gehienak desagertu egin dira. Gaur egun, espainiera nagusi da Uruguaiko lurretan.

Argentina

Argentina da katalogo honetako azken herrialdea, baina ez du hargatik garrantzi gutxiago. Bertan hitz egiten diren hizkuntza indigenetako batzuk ez dira familia linguistikoetan sailkatuak izan, hala nola, mapudungún eta chon hizkuntzak. Baina beste batzuk honako bost familia linguistiko hauetan sailkatzen dira: mataco-mataguayo, tupí-guaraní, guaycurú eta quechua. Gutxi gorabehera 15 dira familiotan sailkatzen direnak, baina horietako batzuek hiztun oso gutxi dituzte gaur egun. Iraganean hiztun kopurua bikoitza zen, baita hirukoitza ere, baina aldaketek eta egoera berriek hizkuntza horietako askoren patua aldarazi dute.

Ondorioak

Hizkuntza indigena askoren hiztun kopuruak beherakada itzela jasan du azken mendeetan. Historiak argi eta garbi erakusten du hizkuntzen egoera etengabe aldatzen dela, izan ere, batzuk atzean geratzen dira, eta beste batzuek aurrera egiten dute. Horixe bera erakusten du Latinoamerikako hizkuntza aniztasunari buruzko katalogo honek. Zergatik geratzen dira, ordea, hizkuntza batzuk iraganean iltzatuta?

Hainbat arrazoik eragiten du hizkuntza baten heriotza eta, orokortzea sekula ona ez den arren, banaketa geopolitikoaren araberako herrialdeetan hizkuntzekin zer gertatu den azaltzen saiatuko gara. Hizkuntza batzuk isolatuta geratu dira, ez dira garai berrietara egokitu (idazkera, baliabide digitalak, eta abar); globalizazioa izan daiteke beste eragile bat, kasu askotan homogeneotasuna baitakar; beste arrazoi garrantzitsu bat koloniekin hertsiki lotua dago; izan ere, europar jatorriko hizkuntza, ohitura, bizimodu, erlijio eta kulturek bertakoak ordeztu zituzten. Are gehiago, esan daiteke kolonialitatea oraindik bizi-bizirik dagoela, hizkuntza indigenak oraindik ere baztertu egiten baitira, gutxietsi eta ahaztu. Ez dezagun, beraz, akats berbera egin.

Kontuak kontu, heldu gara amaierara eta, hargatik, sarreran aipatutako ideia berbera errepikatuko dut: hizkuntza indigenek sekulako kultur ondasun ez-materiala osatzen dute.

Iturriak

Kolonbia

http://lenguasdecolombia.caroycuervo.gov.co/

Venezuela

https://www.oas.org/juridico/mla/sp/ven/sp_ven-int-const.html

Ekuador

http://congresosdelalengua.es/rosario/ponencias/aspectos/haboud_m.htm

Peru

http://www.minedu.gob.pe/campanias/lenguas-originarias-del-peru.php

http://www.defensoria.gob.pe/blog/las-lenguas-originarias-del-peru/

Bolivia

http://www.unicef.org/lac/BOLIVIA_revisado(1).pdf

http://www.eabolivia.com/blogs/15797-36-idiomas-oficiales-de-bolivia-son-presentados.html

Txile

http://www.humanidades.uach.cl/documentos_linguisticos/document.php?id=86

http://chitita.uta.cl/cursos/2012-1/0000247/recursos/r-1.pdf

Paraguai

http://www.spl.gov.py/

http://www.spl.gov.py/es/application/files/9314/6798/1505/MEMORIA_2015_original.pdf

http://www.portalguarani.com/742_jose_zanardini/13463_lenguas_indigenas_del_paraguay__por_dr_jose_zanardini.html

Uruguai

http://www.historiadelaslenguasenuruguay.edu.uy/

http://www.escueladigital.com.uy/historia/precolonial/indigenas.htm

Argentina

http://cuadernos.inadi.gob.ar/numero-04/ana-carolina-hecht-lenguas-indigenas-de-argentina/

http://coleccion.educ.ar/coleccion/CD9/contenidos/recursos/datos-mapas/mapa1.html

Elixabet

Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna I

Mexikotik Antilletara

Berbaratzazaleak, gaurkoan gai berri bat landuko dugu atarian: Latinoamerikako hizkuntzen aniztasuna. Zein hizkuntza hitz egiten dira Latinoamerikan? Zenbat? Zaila da galdera horiek zehatz-mehatz erantzutea, asko baitira egoera oso desberdinetan elkarbizi diren hizkuntzak. Aniztasuna hain da handia, non, bitan banatuko baitugu informazioa. Herrialdeen banaketa geopolitikoa oinarri hartuta, gaur, Mexikon hasita, Erdialdeko Amerikako herrialdeen berri emango dizuegu; eta, datorren astean, Hegoamerikako hizkuntza aniztasunarekin jarraituko dugu.

Lehenik eta behin, hizkuntzak zer diren azalduko dugu labur-labur. Hizkuntza guztiek jatorri bera dute: mintzaira. Moreno Cabrerak honela azaltzen du: «Mintzaira gizakiaren gaitasun berezi bat da, eta horri esker, ahozko seinaleak nahiz keinuak transmititu ditzake intentzio edota eduki jakin bat komunikatzeko (Moreno Cabrera, 2014)». Gaitasun horrek gizakia animaliengandik bereizten du. Hizkuntzak etengabe aldatzen dira eta komunikatzeko aukera zabala eskaintzen dute. Gainera, gaur egun, hizkuntza askok tradizio idatzia dute.

Hortaz, hizkuntzak ondasun publikoa dira, eragozpen berezirik ezean, pertsona orok baitu ahozko seinaleak nahiz keinuak transmititzeko gaitasuna. Halaber, munduko hizkuntzek kultur ondasun ez-material izugarria osatzen dute.

Jarraian Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna azalduko dugu, ikuspegi orokor bat osatzeko asmoz. Gutxi dakigu kontinente amerikarrean dauden hizkuntzei buruz eta, horregatik, herrialde guztiei buruzko informazio apur bat bildu dugu. Katalogo xume bat osatzea da helburua, kontura gaitezen indoeuropar jatorria duten hizkuntzez gain, askoz gehiago hitz egiten direla. Ea ba, guztiok zerbait ikasten dugun!

 

Mexiko

Mexikon legeak ez du ebazten hizkuntza ofizialik, nahiz eta biztanleen gehienentzat espainiera mexikarra ama hizkuntza izan. Europarrek inposatutako hizkuntza honetaz gain, hamaika familia linguistiko daude. Hizkuntza indigenen institutu nazionalak (INALI) honako hauek zehaztu zituen: álgica, yuto-nahua, cochimí-yumana, seri, oto-mangue, maia, totonaco-tepehua, tarasca, mixe-zoque, chontal-Oaxaca, huave. Era berean, familia horietan hizkuntza mordoa sailkatzen da; hizkuntza indigenen inguruan eginiko azterketa sakonenak gutxienez 68 hizkuntza katalogatu zituen. Hori gutxi balitz, 364 aldaera linguistiko identifikatu dira.

Guatemala

Erdialdeko Amerikako herrialde honetan, 2003an, hizkuntzen inguruko lege bat ebatzi zuen Guatemalako gobernuak (Ley de Idiomas Nacionales), eta lege horrek dio espainiera dela hizkuntza ofiziala. Herri maia, garifuna eta xinkaren hizkuntzei dagokienez, «Estatuak aitortu, sustatu eta errespetatzen ditu». Hizkuntza horiek oinarrizkoak dira nazioaren identitatearentzat, eta «kontuan hartu beharko dira administrazio publikoan». Hezkuntza elebidun eta kultura artekoaren zuzendaritza orokorraren (Dirección General de Educación Bilingüe Intercultural) arabera 22 hizkuntza hitz egiten dira proto-maia familiaren baitan eta, horiez gain, xinka, garifuna eta espainiera. Lurralde txikia izan arren, hainbat hizkuntza autoktono daude. Tamalez, hizkuntza horien erdiak ez du 20.000 hiztun baino askoz gehiago.

Belize

Nahiz eta ingelesa hizkuntza ofiziala den Erdialdeko Amerikako herrialderik txikienean, Belizeko espainiera hitz egiten dute gehienek. Ingelesa eta espainieraz gain, plautdietsch ere hitz egiten da. Hortaz, nabarmena da indoeuropar familiako hizkuntzen presentzia, baina gainerako herrialdeetan gertatzen den moduan, Belizen ere hitz egiten dira beste jatorri bateko hizkuntzak, esate baterako, garifuna edota proto-maiatik datozen maia quekchi, maia mopan eta maia yucatekoa. Horretaz gain, kreolera ere hitz egiten da; hau da, jatorri desberdinetako hiztunen artean komunikatzeko beharrak eraginda sortu zen hizkuntza.

El Salvador

Salvadorreko hizkuntza ofiziala espainiera da konstituzioko 62. artikuluaren arabera. Hiru herri indigena bizi dira El Salvadorren, nahua pilpil, lenca eta kakawira, eta hargatik, hainbat hizkuntza: nahuat da ikertuena eta hiztun gehien dituena; beste zenbaitek ez dute sasoi bera, hala nola, lenca familiko poton eta kakawira herriaren pisbi hizkuntzek.

Honduras

Pilpil hizkuntza Hondurasen ere hitz egiten zen, baina tamalez, gaur egun ez. Patu bera izan zuten, beste batzuen artean, chorti, lenca eta matagalpak. Beste hizkuntza batzuk arriskuan daude, jicaque-tol familiako tol, esate baterako, eta beste zenbaitek hiztun gutxiegi dituzte, misquitoak, besteak beste, 30.000 hiztunek soilik hitz egiten baitute Gracias a Dios departamentuan. Tawakhak miskitoaren jatorri bera du, eta paya herriak hitz egiten du. Horiez guztiez gain, espainiera ere hitz egiten da, eta ofizialtasuna duen hizkuntza bakarra da.

Nikaragua

Nikaraguako Errepublikako konstituzioaren 11. artikuluak dio Nikaraguako espainiera hizkuntza ofiziala dela. Edonola ere, Atlantikoko kostaldean zenbait hizkuntza indigena elkarbizi dira, miskitoa, adibidez; beste batzuk oso hiztun gutxi dituzte, sumoak eta ramak; eta beste zenbait hil egin dira, sutiaba, beste batzuen artean.

Costa Rica

Costa Rican soilik espainiera da ofiziala, nahiz eta chibcha familiako hainbat hizkuntza ere hitz egiten diren; guztira 24 izan dira identifikatuak eta beste batzuk desagertzear daude. Halaber, otomangue familiako chorotega ere hitz egiten da. Osasun onean dauden hizkuntza indigenetako bi bribri eta guaymia dira.

Panama

Panamaren kasuan ere espainiera da gehien hitz egiten dena eta ofizialtasuna duen bakarra. Orain arte aipatutako herrialdeetan gertatzen den bezalaxe, hainbat hizkuntza daude: emberá, waunaan, moveré, kuna, teribe eta bocotá; bribri eta seie ere hitz egiten dira, baina gutxi. Ingeles oinarriko kreolera ere hitz egiten dute zenbaitek Panaman.

Antillak

Antilletan gehien hitz egiten den hizkuntza espainiera da eta, bai Kuban, bai Dominikar Errepublikan ofiziala da. Edonola ere, konkistaren eta kolonialismoaren garaia baino lehen hainbat hizkuntza indigena hitz egiten zen, hizkuntza arahukoak, besteak beste, eta gaur egun, horien maileguak dauzka uharte hauetan hitz egiten den espainierak.

Iturriak

https://www.academia.edu/7300273/_QU%C3%89_ES_EL_

Mexiko

http://www.inali.gob.mx/

http://www.inali.gob.mx/pdf/CLIN_completo.pdf

Guatemala

http://alertanet.org/guate-idiomas.htm

http://www.mineduc.gob.gt/digebi/mapaLinguistico.html

Belize

http://www.ethnologue.com/country/BZ/languages

El Salvador

http://www.ccniselsalvador.org/node/126

Nikaragua

http://amadeoarticulos.blogspot.com.es/2013/05/las-lenguas-indigenas-de-nicaragua.html

Costa Rica

J. Diego Quesada, Las lenguas indígenas de la Costa Rica actual, Universidad Nacional: Costa Rica.

Panama

http://www.binal.ac.pa/panal/mapa.php?lang=es

Antillak

http://cvc.cervantes.es/lengua/anuario/anuario_10-11/lastra/p04.htm

Elixabet