Manifestua

OSAGAIAK

  • milioika hizki
  • gogo mordoa
  • ideiak sormenez blai
  • kupel bete originaltasun
  • nahi beste hitz
  • dozena bat metafora
  • hamaika ilusio
  • eta batez ere…

munduko txokoak elkartzeko zubiak, hizkuntzen arteko zubiak.

ERREZETA

Baratz oparoa dugu, eta bertan ereindako milioika hizkietatik ateratzen dira garaian garaiko fruituak. Gure (ber)baratzeko produktuak zeharo bereziak dira; gogo mordoarekin lan egiten dugunez, hitzen uzta paregabea lortzen dugu. Geu gara idazle. Ideiak sormenez blai ditugu eta hori kupel bete originaltasunekin nahastuz, sorkuntza lanak ekoizten ditugu baratzean. Egunez egun aritzen gara bertan, euripean zein eguzkipean, ez da lan makala! Eta behar beste denbora igarotakoan, gure esfortzuari esker, atera egiten dira! Prosazko frutak, barazki zientifikoak, lore lirikoak eta ipuinetako kalabazak! Baina, tarteka, gure fruituak ez dira nahi bezain mamitsuak izaten. Eta, orduan… xomorro xelebre batzuek gure lana tentuz dastatzen dute. Gu beti epaia jasotzeko prest gaude. Ze arraio! Hori ere beharrezkoa da. Honenbestez, zatoz eta dastatu gure (ber)baratzeko berbazko berdura berdeak!

Itxoin, itxoin! Guztia ez da baratza, bertan ereiten ez duguna kanpotik ezkaratzera ekartzen baitugu. Ekarri eta prestatu! Nahi beste hitz lapikora bota, erantsi dozena bat metafora eta hamaika ilusio, eta su baxuan irakin. Munduko edozein bazterretako osagaiek balio dute, hizkuntza askotako hitzek, eta horiek mimo handiz kozinatuz, euskaratu egiten ditugu. Munduko txokoak elkartzeko, zubiak egiten ditugu, hizkuntzen arteko zubiak. Arrotz gerta dakizkizuekeen ‒keteketen, kar kar‒ osagaiak dastagarri bihurtzen ditugu: hipitz upulepergapaitzapak bopor-boporkapa epeltzepeapan euskara bihurtu!

 Izan dadila zuen aho-gozagarri, on egin!

  Gasteizen, 2014ko maiatzean

Ainhoa, Elixabet, Maite eta Maddalen

Oharra: nahi duenak eskuragarri ditu azalpen-orriak.

Azalpen-orriak

Kaixo, lagunok!

Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua bukatu berri dugun lau artaburu gara: Ainhoa Eguren , Elixabet San Sebastian , Maddalen Subijana  eta Maite Urzaa.

Blog honetan euskararen mundua gure ekarpenekin aberastea dugu helburu, maite duguna eginez. Eta zuekin elkarbanatzeko prest gaude. Hiru multzotan sailkatuko ditugu gure lanak: ezkaratzean itzulpenak «prestatuko» ditugu, baratzean sorkutza-lanak «erein» eta hirugarren multzoan, azkenik, kontu interesgarriak eta bitxikeriak helaraziko dizkizuegu.

Irakurketa on!

Ainhoa. Elixabet, Maddalen eta Maite