Kolonialismoak herrien egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aldatzeaz gain, badu eragina literaturan. Kolonizatzaileen mende egondako herrietako literaturari gagozkiolarik, literatura post-koloniala izendapena erabiltzen da maiz.
Gaurkoan Tsitsi Dangarembga afrikar idazle, film-ekoizle, irakasle eta kultur aktibistaren Nervous Conditions eleberriaren atal bat dakarkizuegu euskaraz. Emakume ikasia da, Ingalaterran hazi eta hezia eta gerora bere jaioterri Hego-Rhodesiara (independentzia lortuz geroztik Zimbabwe) itzulia. Emakumeen emantzipazioari, arrazei, eta klase sozialei buruz lan asko egin du.
Haren Nervous Conditions lana zimbabwetar emakumeen eskutik ingelesez argitaratutako lehen eleberria izan zen, eta Commonwealth idazleentzako sarietan afrikarren atala irabazi zuen 1989an. Izenbururako Jean-Paul Sartrek erabilitako termino bat baliatu zuen Dangarembgak: Nervous Conditions edo urduritasun-egoera. Liburuaren hasieran saiatzen da azaltzen zer esan nahi duen: «The condition of native is a nervous condition», oro har, jarduera kolonialek kolonizatuen emozio eta baldintza psikologikoetan duten eraginaz ari da. Eleberri erdi-autobiografiko honetan patriarkatuaren botereari, genero-bereizketari eta gizarte-klaseei buruz ere hausnartzen du. Idazlan ezin-gomendagarriagoa. Gozatu!
NERVOUS CONDITIONS
TSITSI DANGAREMBGA
Nhamo zazpi urte bete zituen urtean hasi zen eskolan. Gobernuak zioen adin horretan haurrak kognitiboki nahikoa garatuta zeudela eta zenbakien eta letren abstrakzioak ulertzeko gai zirela: 1 + 1 = 2; k-i-t-s-i = kitsi. Nhamo gelako ikasle gazteenetakoa zen. Beharbada guraso batzuek, atzeratu kuadrilla bat ginela pentsatuz, erabaki zuten hobe zela haurren gaitasunak apur bat heltzen uztea, hezkuntza formalaren eskuetara pasa aurretik. Eta, jakina, eskola-kuotak ere hor zeuden. Arrazoia edozein izanda ere, gutariko asko ez ginen hasten eskolan zortzi edo bederatzi urte bete arte, baina Babamukururen eraginez eskolatze goiztiarra izan genuen gure familian, Hego Afrikan ikasketak eginak baitzituen eta hezkuntzari buruz dezente baitzekien. «Goiz hasi beharko lirateke», esan zion Babamukuruk gure aitari, «garuna moldagarri daukaten bitartean». Hortaz, ezin zen bestela, Nhamo zazpi urte bete zituen urtean hasi zen eskolan, eta ni izan nintzen hurrengoa, urtebete gazteagoa nintzen eta.
Dena den, auskalo zergatik, ez dut gogoan ezer ulertzen nuenik, izan ere, ez zuen taxuz egin euria, gure soroak ez ziren emankorrak izan ni eskolan hasi nintzen urtean. Gosez hiltzetik salbatzeko adina arto erein bagenuen ere, ez zitzaigun ezer geratzen saltzeko. Horrek esan nahi zuen etxean ez zegoela dirurik. Diru-faltak eskola-kuotak ez ordaintzea esan nahi zuen. Eskola-kuotarik ez ordaintzeak eskolarik eza esan nahi zuen. Dirua aurrezteko esperantzarik ere ez zegoen, izan ere, Babamukuruk misioa utzia zuen Ingalaterrara joan eta hezkuntzari buruz gehiago ikasteko.
Bost urte bakarrik nituen Babamukuru Ingalaterrara joan zenean. Ondorioz, abiatzera zihoaneko inguruabarrei buruz gogoratzen dudan bakarra da denak zoratzen eta liluraturik zeudela. Orduz geroztik, garai hartan zer geratu zen ulertu asmoz, eta gerora etorri zena konprenitzeko, jende askori eskatu diot ―Maiguru eta Babamukuru, gure aita, gure ama, Nyasha eta Chido― gogoratzen dutena kontatzeko. Jakin dut, ulertzekoa denez, eztabaidak eta haserreak eta tentsioak egon zirela alde egite hura zela-eta, eta ni haur txikia nintzenez, ez nintzela gai ezertaz konturatzeko.
Babamukuruk ez zuen nahi misioa uztea. Ez zuen nahi berriro ere etxetik urrun joatea, behin jada ama han utzia baitzuen, Hego Afrikara joan zenean, eta denbora gutxiegi zeraman etxean ohartzeko ama adinean aurrera joana zela eta bere zahartzaroan errotuta eta eroso zegoela. Eta hori gutxi balitz, orain familia propioa ere bazuen. Ingalaterran ikasteko beka eskaini zioten misiolariek Maigururentzat beste bat eskaini bazioten ere (hain zeuden aztoratuta bikote buruargi diziplinatu gaztea euren herriarentzat erabilgarri bihurtzeko preparatuko zelako), haurren kontuak hor jarraitzen zuen. Babamukururen abiatzean arreta eragiten zuena ez zen hainbeste haurrekin zer egin behar zuen. Esker oneko zegoen Babamukuru eskaini zioten aukeragatik; are gehiago, ezetz esatea bere buruaz beste egiteko modu bat zatekeen. Bere eskertxarkeriak misiolariak minduko zituen, eta haiekin zuen harremana gaiztotu, eta etorkizun oneko beste afrikar gazte bat hartuko zuketen babesean. Etxean baliozko titulurik lortu ezin zuenez, ez zuen bost urterako atzerriratu beste aukerarik, denborarekin bera eta bere familia naturaren eta karitatezko misiolarien mende egotetik salbatu nahi bazuen. Gure amonak uste zuen haurrak hobeto egongo zirela etxean, ohitura ezagunen eta familia-giroaren babesean. Baina Babamukuruk, nekazari-bizitza zein gogorra zen gogoratuz, ez zuen nahi haurrek berak txikitan berak bizitutako gabezia eta estualdiak bizi zitzaten. Gainera, nahiago zuen haurrak alboan izatea, haien heziketa, garapena eta bestelako oinarrizko kontuak zaintzeko. Hori horrela, Chido eta Nyasha Ingalaterrara eraman zituzten. Gure aitak, jakina, bost urte anaiaren sostengurik gabe egotea asko zela ohartuta, eta bere kabuz moldatu beharko zuela jakinda, kontsolamendu gisa zeukan Babamukuruk goi-mailako tituluekin itzultzean lehen baino laguntza oparoagoa emango ziola. Amak ez zuen esperantza galtzen. Aitak halako batean arduraz jokatuko zuela pentsatzen zuen.
Nhamorekin Babamukururen heziketaz izandako eztabaidaz gogoratzen naiz. Naho liluratu egiten zen horrenbeste ikasketa existitzen zirela pentsatze hutsarekin. Esan zidan Babamukuruk jaso beharreko heziketak oso garrantzitsua izan bide zuela, hain urrun joan bazen horretara. «Ingalaterra», esan zidan autoritate astunez, «oso urrun dago; Hego Afrika baino askoz ere urrunago». Baina nola zekien hori?
Nhamok gauza asko zekizkien garai hartan. Gehiago zekien orduan hil zenean baino. Esate baterako, bazekien handitzean ikasketa asko burutuko zituela Babamukuruk bezala, eta zuzendari izango zela Babamukuru bezala. Bazekien bere esku zegoela arreba txikiek ikasi ala ez, eta ikasten ez bazuten, zaindu egin beharko zituela, Babamukuruk bere anai-arrebekin egin zuen eta egiten jarraitzen zuen bezala. Bazekien belarretan eta abereekin lagundu beharra zeukala eta jendearekin atsegina izan beharra zeukala. Baina horren guztiaren gainetik, bazekien gogor egin beharko zuela lan eskolan, eta gelako onena izaten jarraitu. Azken hori agudo egin zuen lehen eta bigarren ikasturteetan. Bigarren urteko emaitzekin bereziki pozik geratu zen, bi puntugatik besterik ez baitzion irabazi hurrengo mutikoari. Orduan, hain ondo aritu eta gero, ezingo zuela eskolan jarraitu esan zioten, ez baitzegoen dirurik eskola-kuotak ordaintzeko. Negar egin zuen.
Zorionez, gure ama tinko agertu zen urte hartan. Arrautzak egosten hasi zen, eta autobus-geltokira eramaten, handik pasatzen ziren bidaiariei saltzeko (horrek esan nahi zuen guk ezin genituela jan). Barazkiak ere erein zituen ―koltza-landareak, kipulak eta tomateak―, ortua zabaldu eta salgai gehiago izan genitzan. Negozioa hola-hola zihoan; ondo jaiegunetan, Salysbury1, Fort Victoria2, Mount Darwin eta Wankie3 bezain urruneko bisitariek etxerako beharrezko zutena baino zertxobait gehiago erosteko tentazioa izaten zutenean. Modu horretan, nire anaiak eskolan jarraitzeko beste diru biltzea lortu zuen. Konturatu nintzen barazkiak saltzea ez zela oso negozio errentagarria. Konturatu nintzen ez zegoela nire eskola-kuota ordaintzeko adina diru. Bai, konturatu nintzen zergatik ez nintzen eskolara joango, baina benetan gogoko nuen eta ona nintzen eskolan. Hortaz, egoerak ez zidan batere onik egin.
Gure aitak uste zuen ez zitzaidala inportako. «Arduratzeko modukoa da, ala? Ba, ba, ez da ezer», berretsi zidan, biderik errazenetik guztiari itzuri egiteko zuen ohiko abileziarekin. «Posible al da liburuak kozinatzea senarrari jaten emateko? Gelditu etxean amarekin. Ikasi sukaldean aritzen eta garbitzen. Hazi barazkiak».
Itzultzailearen oharrak:
1Gaur egungo Harare hiria, Zimbabweko hiriburua, 1982 arte Salisbury deitua.
2Gaur egungo Maswingo hiria, Zimbabwen, 1982 arte Fort Victoria deitua.
3Gaur egungo Hwange hiria, Zimbabwen, 1982 arte Wankie deitua.
Ainhoa