Ez da Alfonsina Storniren olerkiak euskaratzen ditugun lehen aldia, eta espero dugu azkena ez izatea. Argentinarraren olerki-bildumako orrietan galtzen naizen bakoitzean, haren hitzek harrapatu egiten naute. Olerki bat, beste bat, beste bat… kosta egiten zait liburua ixtea. Ezin esango nuke zein den niretzat olerkirik kutunena, baina gaur itzuli duguna gogokoenen artean dago, hainbat arrazoirengatik: batetik, idazleak bertsoak baliatzen dituelako edertasunez beteriko istorio bat kontatzeko, eta, bestetik, objektu soil batetik abiatuta, olerki aparta sortzen duelako. Eta zein da objektu hori? Arkatz bat, arkatz arrunt bat besterik ez
Bada, Stornik berak ez zuen batere erraz eskuratu halako objekturik. Garaiak, klaseak, haurtzaroko bizipenek eta generoak hezkuntza eta kulturarako bidea oztopatu zioten, eta bere kabuz ikasteko hautua egin zuen. Emakume autodidakta izan zen, XX. mendearen hasierako gizarteak ezartzen zituen ereduetatik oso urrun. Izan ere, zenbat emakumek zeukaten ikasteko aukera? Arkatz arrunt bat lortzeko ere arazoak zituzten eta! Storniri, ordea, txikitatik piztu zitzaion liburuek eta beste jakintza-iturriek eskaintzen zutenaren inguruko interesa, eta bereak eta bi egin zituen ezagutza horiez jabetzeko. Horixe da, alegia, arkatzak Storniren olerkian ezkutatzen duen esanahia ulertzeko gakoa, arkatza eta, oro har, idazketa, borrokarekin lotzen baititu, beharbada, ezagutza lortzeko egin zuen bide malkartsuarekin. Are gehiago, kanoi batekin alderatzen du minadun objektua, baita bonba batekin ere, horren indarra eta boterea agerian utzi nahian.
Era berean, olerkia idatzi zueneko garaiari erreparatu behar diogu, ez baita kasualitatea sonetoa bizitzako azken urteetan kaleratu izana, gaixotasunaren itzalpean. Egoera horrek, agian, bizitzako gauza ustez baliogabeak mirestera bultzatu zuen Storni, eta horren harira, egunerokoaren txikitasunei buruzko hainbat olerki argitaratu zituen Mascarilla y trébol azken lanean, ordura arte landu zituen gaietatik alderatuz, besteak beste, maitasuna, erotismoa eta pasioa.
Gehiegi luzatu gabe, irakurketaz gozatzea opa dizuegu. Has dadila, hortaz, Storni arkatza astintzen!
A R K A T Z B A T
Hamar sosen truk nuen lortu izkinan,
saltzailea zen aingeru trauskil bat,
hark zorroztu orduko antzematen nion
kanoi txiki sendoaren itxura.
Mina lehertu zen ideien eztandan,
kamusturik gero aingeru goibelak.
Irten nintzela, brontzezko aurpegiak
hustu zidan oroimena. Oharkabe
poltsara sartu nuen, zapi, gutun,
lili lehortu, hodi koloredun,
billete, paper, gozokien artean.
Batek daki nora nindoalarik
ibilgailu batek nau ni aireratu
poltsa joaz, bai eta barneko bonba.
Maddalen
BIBLIOGRAFIA:
- Astrada, E. «Figura y significación de Alfonsina Storni». Cuadernos Hispanoamericanos, 211 zenbakia (1967ko uztaila), 127-144.
- Silberman de Cywiner, M. E. «Alfonsina, en cuerpo y escritura». Espéculo. Revista de estudios literarios. 2010.
- Storni, A. Mascarilla y trébol. El Ateneo: Buenos Aires. 1938.
Berbaratzan euskaratutako beste olerki batzuk: