Politikoki zuzena?

Politikoki zuzena?

 

Mundua erotu egin da; beno, ez, jendarteak erotu du mundua. Hainbat katramila irakurtzen dugu egunkarian, hamaika istorio entzuten dugu irratian, eta horri guztiari buruz eztabaidatzen dugu mahai inguruan eta tabernan. Baina argi ibili esaten duzunarekin! Edo, hobeto esanda, kontuan izan nola esaten duzun. Politikoki zuzena al da? Nahikoa da hitz bakar bat norberaren iritzia argi erakusteko.

Zuzentasun politikoaren kontu horiek, ordea, ez dira gaur goizekoak. George Orwell idazle ingelesaren 1984 eleberriaren harira, zuzentasun politikoari buruzko pare bat kontu ekarri nahi izan ditugu Berbaratzara. Aurkezpen gutxi behar du Orwellek, aski ezaguna baita, eta zeresanik ez bere lana. Edonola ere, memoria freskatzeko 1984 distopiaren argumentua eta testuingurua gogora ekarriko ditugu.

1984

Bigarren Mundu Gerraren ostean argitaratu zen lehenengoz eleberria, 1949an. Indiako polizia inperialean lan egin zuen Orwellek eta, bigarren mundu gerraren garaian, bere burua behartuta sentitu zuen Ingalaterraren aldeko propaganda egitera BBCrentzat lanean ari zela; sistemarekiko eta gobernuarekiko sentitzen zuen gorrotoa agerikoa zen, eta bere liburuetan ere horixe islatzen du. Winston Smith da 1984 eleberriko pertsonaia nagusia, eta hark ere gorroto du gobernua. Londresen lan egiten du Egiaren Ministerioan eta historia berridaztea da bere zeregina. Badaude ministerio gehiago, besteak beste, Maitasunarena, Bakearena eta Oparotasunarena. Munduan, aldiz, hiru superpotentzia daude 1984an: Eurasia, Ekialdeko Asia eta Ingsoc (“sozialismo ingelesa”). Azken horretan Anaia Handiak ‒alderdi politiko bakarrak‒ dauka aginte guztia, eta etengabe begira dago, beti erne. Hizketa berria ezinbesteko erreminta da herritarren bizitzak kontrolatzeko. Etorkizunean inork ez ditu hizketa zaharreko hitzen esanahiak gogoratuko, baina 1984an badago oraindik hitzen jatorrizko esanahia gogoratzen duenik, esate baterako, Winston. Hori arriskutsua da alderdiarentzat, eta pentsamenduaren poliziak zigortu egingo du pertsonaia nagusia eta ahaztera behartu. Eta, hizkuntzaren baitan ez dagoenik ezin denez pentsatu, ez dago askatasun intelektualik.

Hortaz, ez da kasualitatea pentsamenduaren poliziak askorik ez pentsatzea, Egiaren Ministerioa hizketa zaharrean gezurrarena izatea, eta Bakearena gerrarena. Politikarekin zerikusia duen hiztegia ez da ideologikoki neutrala. Gaur egun ere gertatzen da halakorik: nola azaldu, bestela, defentsa ministerio deitzen diogula gerraren ministerio izan beharko lukeenari? Edo albo kalteei buruz hitz egiten dela hildakoak kontatu beharrean; edo energia nuklear deitzen zaiola energia atomikoak arriskutsuagoa dirudielako ‒bonba atomikoa gogorarazten duelako‒, eta zerbait gertatuz gero istripua izaten dela eta ez katastrofea.

hizketa berria

Sistema totalitario oro kritikatzen du 1984 eleberriak, baina galdera hauxe da: etorkizuna aurreikusi zuen Orwellek? Bestela esanda, gaurko jendarteak badu antzik Orwellek 1984 eleberrian deskribatzen duenarekin?

Elixabet