Liburuen poztasuna

Ez al zaizue iruditzen liburu bat irekitzen dugunean horrek bizia hartzen duela? Bai, ez naiz txantxetan ari. Liburuek bizia dute, hizkiz jositako paper multzo horiek arima dute. Hizki batzuetatik abiatuz, gure burmuinetan mota guztietako istorio zenbatezinak sortzeko gai dira, maitale batzuen istorio sutsu eta erromantikotik hasita gerran bizia galdu duen soldadu baten kontakizun lazgarrira arte. Are gehiago, liburuak bakarrik uzten ditugunean, esnatu eta dantzan hasten dira, biziz beterik daudenaren erakusgarri.

Norbaitek ez badit sinesten, «The Joy of Books» («Liburuen poztasuna») izeneko bideoa ikus dezala. Bideoa Sean Ohlenkamp-ek zuzendu du eta stop-motion teknika erabiliz egin da. Teknika hori irudi finkoen kate bat osatzean datza, eta modu horretan geldirik dauden objektuei mugimendua ematen zaie. Bideoan Torontoko Type Books dendako ateak ixten direnean zer gertatzen den erakusten zaio ikusleari. Gehiegi luzatu baino lehen, sakatu play eta gozatu.

Maddalen