Lorearen errua da

Zenbat gustatzen zaizkigun SupGaleanoren ipuinak eta zer gustora euskaratzen ditugun! Berbaratzan zapatismoa lantzen jarraitu nahi dugu, gaurkoan beste kontakizun polit eta berezi batekin. Irakurketa on!

Lorearen errua da

SupGaleano

2016ko abenduaren 27an

Katu-txakurraren oharren koadernotik:

Defentsa Zapatista, artea eta zientzia.

Ezinezkoa izan da arrazoia zein izan zen argitzea. Batzuek diote apustu bat izan zela. Beste batzuek, Pedrito pasa egin zela eta, horrexegatik gertatu zitzaion gertatutakoa. Zenbaiten arabera, praktika bat besterik ez zen izan. Gutxiengoak benetako futbol-partidu batez hitz egiten du; azken segundoetan erabaki zen hori, jokozainak, SupMoisések, zigor gorena ezarri zuenean.

Kasua edo, beharbada, gauza zera da: Defentsa Zapatista neskatila penalti-puntutik metro batzuetara zegoen, eta baloi zirpildu bat zain zeukan bertan.

Atean, Pedritok besoak astintzen zituen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohiko selekzioko atezaina izan zenak bezalaxe: Lev Yashin, «armiarma beltza». Pedritok irribarre egin zuen trufati, bere ustez, neskatilak baloia nora jaurtiko zuen aurreikusteko gai baitzen: «Defentsa Zapatistak buruan darabilena oso erraz aurreikus daiteke. Mezularien hizketalditik itzuli berri denez, behera eta ezkerrera jaurtiko du ziur aski».

Metro bat pasatxo neurtzen duen neskatilak, orduan, burua biratu zuen futbol-zelaiaren albo baterantz. Bazkaleku bat zen berez; behiak zein zekorrak ustekabean sartzen ziren bertara, arduragabe, baita zaldi begioker bat ere.

Hauek ikus zitezkeen alboan: izaki bitxi bat, erdi txakur erdi katu, buztana pozarren astintzen, eta bi norbanako. Azken horiek, lurralde zapatistan zeudela aintzat hartuko ez bagenu, esan zitekeen paisaiarekin inondik inora bat ez zetozela. Batek gorpuzkera ertaina eta ile urdindu eta motza zeuzkan, eta gabardina gisako bat zeraman soinean. Argala, altua eta trauskila zen bestea, eta beroki dotore bat eta buruan kapela barregarri bat zeramatzan.

Neskatila talde bitxiarengana hurreratu zen. Zaldi itsua ere hurbildu zitzaien. Bilduta zeudenean, gizon argalak irudi bitxiak marraztu zituen zoruan. Neskatilak, bitartean, arretaz begiratzen zion, eta aldian behin baietz egiten zion buruarekin.

Defentsa Zapatista neskatila area handira itzuli zen, bere kokalekura. Baloirantz lasterka joan zen, baina aurrera jarraitu zuen, hura ukitu gabe, eta Pedritok zaintzen zuen atearen eskumako aldean geratu zen, metro gutxira. Mesfidati begiratu zion neskatilari. Defentsa Zapatista geldirik geratu zen, eta belauniko, lurra haztakatzeari ekin zion, lore bat osorik hartzeko, sustrai eta guzti. Arretaz, lorea bere eskutxoetan eraman zuen, atetik urrun ostera landatu, eta zelaira itzuli zen.

Ikusleek, urduri, susmoa zuten munduaren historian errepikatuko ez den gertakizun horietako bat ikusten ari zirela.

Pedrito, bere aldetik, seguru baino seguruago zegoen. Zalantzarik izatekotan, Defentsa Zapatistak akats larria egin zuen, lorea bere kokalekutik kendu zuenean, agerian utzi baitzuen jaurtiketa norantz egingo zuen: behealdera eta Pedritoren ezkerretara. Noski, esan zion Pedritok bere buruari, neskatilek loreak zaintzen dituztenez, Defentsa Zapatistak ez luke nahi baloiak lorea errotik erauzterik.

Orain arteko suspensea nahikoa ez, eta neskatila, baloitik hurbil eta atearen parean jarri beharrean, baloiaren alde batean geratu zen Pedritori bizkarra emanez. Hark irri egin zuen, Defentsa Zapatistari penaltia huts egiteagatik zuzenduko zizkion isekak irudikatzean.

Defentsa Zapatistak aurpegia biratu zuen Katu-txakur izeneko izaki bitxia zegoen lekura. Hura jauzitxoak egiten hasi zen, jira-biraka, tximutxo dantzari bat bezala. Neskatilak irribarre egin zuen, eta hurrengo hamarkadetan iritzi kontrajarriak sortuko zituen mugimendu bat egiteari ekin zion:

CompArten[1] parte hartzen duten emakume batzuen arabera, neskatila balleteko lehen posizioan jarri zen, eskuineko hanka altxatu eta tolestu zuen, eta biratzeari ekin zion, pirouette en dehors izeneko mugimenduan, birak ematen zituen bitartean relevéak eta passéak eginez. «Bikaina izan zen», gehitu zuten.

SupMarcos[2] zenak esan zuenez, Defentsa Zapatistak egin zuena Ushiro Mawashi Geri Ashi Mawatte bat besterik ez zen izan, arte martzialen mugimendu bat, alegia; horretarako, neskatila jomugari bizkarra emanda jarri zen, kasik 360 graduko bira egin zuen, eta, amaitzeko, ostiko bat aitzinera, orpoarekin.

«Emakumeak garelako» kolektiboko emakume matxinoek adierazi zutenez, aldiz, Defentsak Zapatistak hartutako lorea «Chenek Caribe» deritzon lianarena zen. Loreek txita eta txoritxoen antza daukate, eta horiekin jolasten dira Selva Lacandonako komunitate indigenetako neskatila gaztetxoenak. «Chenek Caribe» landarea bazkalekuetan eta belar luzeko soroetan loratu ohi da, eta lurra artoa eta indabak ereiteko prest dagoela adierazten du.

Supgaleanok, betiko legez, testuan muturra sartu, eta esan zuen hain agerikoa zenak Pedrito nahasi zuela: Defentsa Zapatistak behealdera eta ezkerrera jaurtiko zuen, noski, baina Pedritok bere behealdera eta ezkerretara izango zela pentsatu zuen, eta jaurtiketa behealdera eta ezkerretara izan zen, bai, baina neskatilaren ikuspegitik.

Watson Doktorearen esanetan, Sufien ordenako Dervicheen meditazio-dantzaren emulazio motza egin zuen Defentsa Zapatistak, Sema delakoa. Doktoreak Turkian egon zenean ikusi zuen bezala, dantzariek birak ematen dituzte mugitzen diren bitartean, planetak kosmosean mugitzen diren bezalaxe.

Sherlock Holmes aholkulari-detektibeak azaldutakoari jarraituz, ez bata ez bestea. Neskak gorputz baten errotazio-inertziari eta indar zentrifugoaren aplikazioari buruz eman zioten azalpena baloian aplikatu zuen. «Elementala, Watson maitea», esan zuen Mexikoko hego-ekialdeko mendietan galduta zebilen detektibeak, «argi zegoen: Defentsa Zapatistaren pisua eta altuera aintzat hartuta, baloiak jaso beharreko indarrak ahalik eta handiena izan behar zuen eta, hortaz, baloiak beharrezko abiadura eta azelerazioa lortu behar zituen hamaika metro egiteko. Noski, jaurtiketa arrakastatsua izateko aukera % 50ekoa zen. Hau da, atezaina aurkako alderantz mugi zitekeen, edo baloiaren alderantz, eta hori arazorik gabe gelditu».

«Eta lorea?», galdetu zuen Watson doktoreak. «Ai!», erantzun zuen Sherlockek, «hori, Watson maitea, neskatilaren ekarpena da, eta ez zait niri otu. Are gehiago, asko harritu ninduen, atea zaintzen zuen mutikoa harritu ei zuen bezainbeste. Egindakoari esker, atezaina lorea zegoen aldera mugitzeko aukerak areagotu zituen. Argi dago horrek ez zuela zientziarekin zerikusirik, ezta artearekin ere. Berorren baimenarekin, Watson Doktorea, neskatilak bi gauzak laburbiltzea lortu zuela zirudien. Oso interesgarria, Watson maitea, oso interesgarria».

Algararen ondoren, Tercio Compasekoek[3] Pedrito elkarrizketatu zuten. Jasotako golaren arrazoien inguruan galdetu ziotenean, Pedritok zera erantzun zuen, hitz gutxitan:

«Lorearen errua da».

Fedea ematen dut.

Guau-miau.

 Maddalen

[1] CompArte: oinarrizko eskubideen alde borrokatzen duen festibal zapatista.

[2] esaten dutenez, SupGaleanoren, ipuinaren idazlearen, izen ohia.

[3] Tercio Compas: komunikazioaz eta hedabideez arduratzen den talde zapatista.

ITURRIAK:

http://enlacezapatista.ezln.org.mx

http://radiozapatista.org/

Zapatismoa

Datozen asteetako postak zapatismoari hertsiki lotuak daudenez ‒zapatista batek idatziak‒, lehenik eta behin fenomeno kurioso eta esperantzagarri honi buruzko pare bat ideia bilduko ditugu, zeren, nola erantzun galdera honi: nortzuk dira zapatistak? Agian zuri ere galdetuko zizun norbaitek noizbait munduko geografia eta egutegiren batean. Egia esan, lan nekeza da hitz gutxitan halako zerbait azaltzea. Eta hanka sartu baino lehen, nahiago izan dut El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista liburura jo; bertan aurkitu dut behar nuen erantzuna, «Zapatista izan» kapituloan, eta euskarara itzuli dut:

«[…] Argi eduki behar da nolakoa den zapatista izatea. Konbentzituta egon behar da, harrokeriak ez baitu balio, baizik eta lan, antolakuntza eta borroka etengabeak; isilik asko egin behar da amaierako emaitzetara heldu arte, bai marko teorikoan bai praktikoan.

Zapatista izatea ez da buruko estalkia jartzea eta kito, baizik eta antolatzea eta sistema kapitalista suntsitzea.

Zapatista izatea ez da “zapatista naiz” hitzak esatea, baizik eta bizitzaren amaieraraino borrokatzea.

Zapatista izatea ez da zapatismoari buruz hitz egitea, baizik eta herri antolatuekin elkarlanean aritzea, nazio mailako eta nazioarteko Sextako lagunek egiten duten moduan.

Zapatista izatea ez da soilik modan dagonean ‒hala esan digute behintzat‒ bertan egotea eta sistema txarrak, gobernu txarrak, erasotzen gaituenean sufrimenduan lagun ez izatea.

Zapatista izatea ez da uniformea jantzita gobernu txarrarengana joatea; izan ere, zapatista ez da errenditzen.

Zapatista izate ez da esatea “ni EZLNko komandantea naiz” eta, aldi berean, gobernu txarrarekin harremanetan egotea; izan eren, zapatistak ez du sekula bere burua salduko.

Zapatista izatea ez da izan nahi duzun horren atzetik ibiltzea, hura lortu, soilik sei urtez borrokatu eta akabo. Zapatistak erabateko aldaketaren alde borrokatzen du bizitza guztian zehar eta ez du amore ematen.

Zapatista izatea ez da bi aldeetan egotea, partiduetan eta zapatismoan, baizik eta bakar batean; bakar batean egotea nahi dugu, gobernatzeko sistema berri bat nahi baitugu, non, herriak agintzen duen.

Zapatista izatea ez da beldurra izatea, baizik eta kontrolatzea eta borrokatu behar izatea.

Zapatista izatea ez da amorru asko izatea eta ez antolatzea, baizik eta duintasun osoz antolatzea.

Nork dio noiz izango zaren zapatista? Herriek.

Nork dio zer den zapatista izatea? Herriek.

Noiz utziko dio zapatista izateari? Zapaldutako herria askatzeko mandatu sakratua betez hiltzen denean».

2015eko maiatzaren 2an, Luis Villoro Toranzo eta Galeano Maisuaren omenaldian SupGaleanok berak irakurritakoari zera gehitu ahal zaio, zapatistak 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zirela. Dena den, duela 500 urte inguru sortu ziren lehen arazoak, europarrek jatorrizko herrien lurrak hartu zituztenean. Hortaz, esan daiteke zapatisten mugimendua hainbat urtetako borroka eta erresistentziaren fruitua dela.

XX. mendearen amaieran, Chiapasen jatorrizko herri asko egoeran larrian zeuden lur txarrak eta pobrezia latza zirela medio; mediku-arretarik ere ez zuten eta, zenbait kasutan, jatorrizko kulturako medikuntzaren jakintzarik ere ez. 80. hamarkadan hain zen prekarioa askoren egoera, non, hainbat komunitate indigena antolatu egin baitziren EZLN ‒Ejército Zapatista de Liberación Nacional‒ osatzeko. Ordurako krisi ekonomiko bat baino gehiago jasan zuten, indarkeria eguneroko ogia zen, eta diskriminazioa, eta esplotazioa. Hori guztia gutxi balitz, gero eta lur gutxiago zuten; eta mexikon esaten den moduan, lurrik gabe, artorik ez, eta artorik gabe, herririk ez (Sin maíz no hay país).

Urte haietan politikariek zenbait aldaketa egin zituzten Mexikoko Konstituzioan, baina lur eskasia zela-eta indigenei lagundu beharren, are gehiago kaltetu zituzten. Hori ikusirik, EZLNk aho batez armak hartzea erabaki zuen eta, Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna indarrean jarri zen egun berean ‒1994ko urtarrilaren 1ean‒, zapatistek hainbat lur berreskuratu zituzten. Ordura arteko urteak latzak izan baziren, ordutik aurrerakoak ez ziren gozoagoak izan: makina bat hildako, beste hainbat desagertu, errepresioa, erdeinua, mehatxuak, engainuak… Denetarik jasan dute.

Gatozen berriro ere XXI. mendera. Estatuaren eta jatorrizko herrien arteko gerra ez da amaitu: non daude Ayotzinapako 47 gazteak? zergatik hartu zituen ejertzitoak 2016 urtearen bukaeran komunitate zapatista baten lurrak eta etxeak? Gaur egun erresistentzia da zapatisten arma bakarra, eta hala ere, non zapatisten karakol bat, han paramilitarren basea.

Zapatistak ondo antolatuta daude eta hobeto antolatzeko lanean dihardute, batik bat, autogobernu, hezkuntza eta osasun arloetan. Erronka ikaragarria da hori, eta tamaina bereko erronka da estatutik edota sistema kapitalistatik datorren ia guztiari uko egitea. Baina zapatistek ez dute amore ematen, eta Chiapaseko mendietan ‒Montes Azules‒ erabateko aldaketaren alde borrokatzen dute; izan ere, beste mundu bat posible da, mundu guztiak kabitzen diren mundu bat.

otro-mundo-es-posible

Elixabet

 

Iturriak:

Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.

http://mexicosolidarity.org/node/317

http://enlacezapatista.ezln.org.mx/2016/10/11/palabras-de-la-comandancia-general-del-ejercito-zapatista-de-liberacion-nacional-en-la-apertura-del-quinto-congreso-del-congreso-nacional-indigena-en-el-cideci-de-san-cristobal-de-las-casas-chiapas/

http://culturacolectiva.com/los-7-principios-del-zapatismo-para-construir-un-mundo-donde-quepan-todos-los-mundos/