Izarrarteko bidaia

Azken asteetan Berbaratzaren arrastoa jarraitu baduzue, honezkero jakingo duzue Zapatismoaren lanketa txiki bat egin eta SupGaleanoren harribitxi batzuk euskarara ekartzen ari garela. Galera izan zen aurreko astekoa, eta Izarrarteko bidaia tokatzen da gaur.

Lurra atzean utzi eta goazen izar artean bueltaxka bat ematera!

16707270_10212555711072088_3557821728616207526_o

Izarrarteko bidaia

SupMarcos zenak utzitako paper eta marrazki pilaren artean orain irakurriko dizuedan hau aurkitu nuen. Gidoi batentzako edo halako zerbaitentzako zirriborro edo apunte modukoak dira , zientzia-fikziozko film baten gidoiarentzat edo. Honela du izena:

Begirada norantz?

Lur planeta. Etorkizuneko urteren bat da, demagun 2024.a. Helmuga turistiko berrien artean, orain espaziora bidaia daiteke eta munduari bira eman diezaiokegu, ad hoc moldatutako satelite batean. Espazio-ontzia Ilargiaren erreplika bat da, eskalan egina, eta leihate handi bat du, bidaia osoan zehar Lurra ikusteko. Beste aldean, atzealdean, alegia, etxeko leiho arrunt baten tamainako sabai-leiho moduko bat dago, uneoro galaxiaren gainerako zokoetara begiratzeko. Turistak, kolore eta nazionalitate anitzetakoak, leihate parean pilatu dira, jatorrizko planetari begira. Selfieak ateratzen ari dira eta senide eta lagunei streaming bidez bidaltzen dizkiete laranja bat bezain urdina den munduaren irudiak. Baina bidaiari guztiak ez daude alde berean. Gutxienez lau lagun atzealdeko leihoan daude. Kamerak alde batera utzi dituzte eta estasiatuta daude zeruko gorputzek osatzen duten collage nahaspilari begira: Esne Bideak uzten duen argi-hautsezko trazu bihurgunetsuari, agian jada ez dauden izarren dirdira ñirñirkariari, astroen eta planeten eromenezko dantzari.

Pertsona horietako bat artista da; ez dago geldirik, buruan notak eta erritmoak, lerroak eta koloreak, mugimenduak, sekuentziak, hitzak, errepresentazio finko zein mugikorrak, irudikatzen ari da; eskuak eta atzamarrak nahi gabe mugitzen ditu, haren ezpainek hitz eta soinu ulergaitzak esaten dituzte zezelka, begiak ixten eta irekitzen ditu etengabe. Arteek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begira daitekeenari begiratzen diote.

Beste bat zientzialaria da; haren gorputzean ezer ez da mugitzen, argi eta koloreei begira-begira dago, baina ez gertukoei, urrunekoei baizik; buruan galaxia pentsaezinak irudikatzen ditu, mundu bizigabeak eta bizidunak, izarren jaiotzak, zulo beltz aseezinak, banderarik gabeko planetarteko espazio-ontziak. Zientziek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begiratu daitekeenari begiratzen diote.

Hirugarren laguna indigena da, nahiko txikia, azal iluna eta antzinako hazpegiak ditu, eta leihotik begira dago hura ukitzen duen bitartean. Haren gogoa eta gorputza materia solido gardenaren gainean pausatu dira. Buruan bidea eta urratsak, abiadura eta erritmoa irudikatzen ditu; uneoro aldatzen den helmuga bat irudikatu du. Jatorrizko herriek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begiratua izateko sortzera irits daitekeen biziari begiratzen diote.

Laugarrena zapatista da, gorpuzkera eta azal-kolore aldakorrekoa, eta kristalaren beste aldera begiratu eta hura ukitzen ari da kontu handiz; oharren koadernoa atera du eta sutsuki idazteari ekin dio. Buruan kontuak, betebeharren zerrendak, hasi beharreko lanak egiten hasi da, planoak marrazten, amesten. Zapatismoak begiratzen dionari begiratzen dio eta eraiki beharreko munduari begiratzen dio, arteek, zientziek eta jatorrizko herriek beren begirada zuzendu dezaten.

Bidaiaren amaieran, gainerako bidaiariak duty free dendan azken souvenirrak erosten ari diren bitartean, artista korrika txikian joan da bere estudiora edo dena delakora, bere begirada besteek ere sentitu dezaten; zientzialariak beste lagun batzuei dei egin die, teoriak eta formulak proposatu, frogatu eta aplikatu behar direlako; indigena bere kideekin bildu da eta bidaian ikusitakoa kontatu die, begirada horrek guztien artean bidea zehatz dezan, eta urratsak, lagunartea, erritmoa, abiadura eta etorkizuna.

Zapatista bere komunitatera joan da eta herriko batzarrean azaldu du zehatz-mehatz zer egin behar den, artistek, zientzialariek eta indigenek bidaiatu ahal izateko. Hasieran, istorioa edo ipuina edo gidoia edo dena delakoa kritikatu du batzarrak, landako eta hiriko langileak ez direlako agertzen. Hortaz, komisio batek SupMarcos zenari gutun bat idatz diezaiola proposatu da, ipuinean bosgarren elementu bat sartzeko eskatuz, Katu-txakurra, hain zuzen; izan ere, Interneten kablea eta Tercios Compasen bi USB jan ditu jada eta ordenagailuko saguaren atzetik pasatzen du eguna, eta beraz, hobe eramaten badute. Eta seigarren elementu gisa jar dezala Sexta, hori gabe historiak ez baitu zentzurik . Behin hori onartuta, batzarrak proposamenak egin, eztabaidatu, gehitu, kendu egingo ditu, denborak antolatu, lanak banatu, akordio orokorra bozkatu eta lan bakoitzerako komisioak izendatuko ditu.

Batzarra amaitutzat jo eta bakoitza bere lanekin hasi aurretik, neskatila batek hitza eskatu du.

Aurrera joan gabe, zutik dago etxe komunalaren atzealdean; ahalik eta ahots altuenez zera esan du neskatilak: “emango diozuen eramateko gauzen zerrendan pilota bat eta pozol-bola bat gehitzea proposatzen dut”.

Batzarreko beste guztiak barre algaraka hasi dira. SubMoyk errespetua eskatu du bilera koordinatzen den mahaitik. Jendea isiltzea lortutakoan, SubMoyk zer izen duen galdetu dio neskatilari. “Defentsa Zapatista naiz” esan du, eta “ez dira pasatuko, estralurtarrak izanda ere” adierazten duen aurpegia jarri du. Orduan, SubMoyk Defentsa Zapatistari galdetu dio zergatik proposatu duen hori.

Neskatila egurrezko bankura igo da eta arrazoi hauek eman ditu:

“Pilota esan dut, joan nahi duzuen leku horretan ezin bada jolastu, alperrik zoaztelako. Eta pozol-bola indarra izateko eta bidean ez zorabiatzeko da. Eta han, urruti, beste munduak dauden tokian, nondik gatozen ez ahazteko”.

Neskatilaren proposamena aho batez onartu da.

SubMoy bilera amaitutzat emateko zorian dagoenean, Defentsa Zapatistak eskutxoa altxatu du, berriz ere hitza eskatuz. Eman egin zaio.

Neskatila hizketan hasi da, esku batean futboleko baloi bati eta bestean animaliatxo bati eusten dien bitartean; animaliatxoak txakurra dirudi… edo katua, edo katu-txakurra:

“Esan nahi nuen taldea ez dagoela osatuta, baina ez larritu, laster izango gara gehiago;  batzuetan denbora behar izaten da, baina laster izango gara gehiago”.

Fedea ematen dut.

Guau-miau.

Ainhoa

ITURRIAK:

http://enlacezapatista.ezln.org.mx

http://radiozapatista.org/

https://elblogdegiap.wordpress.com/

 

Gabezia

Joan den urtearen amaieran zapatismoari  eta mundu ero honi buruz gogoeta egin genuen (hemen) eta, urte berria gehiegi aurreratu baino lehen, hari hori luzatu nahi izan dugu. Pasa den astean zapatismoari buruzko kontuez aritu ginen: nortzuk dira zapatistak?, noiz sortu zen mugimendua?, nola antolatzen dira? Aste honetan, aldiz, SupGaleanoren kontakizun labur bat ekarri dugu euskarara, ezin hobea baita zapatistek barrurantz nahiz kanporantz duten ikuskera  ezagutzeko.

Katu-txakurraren oharren koadernoko fikziozko kontakizunek fantasiaz eta ironiaz apaintzen dute errealitatea. Eta, sinetsi iezadazue, SupGaleanok ez du sekula Literaturaren Nobel Saria eskuratuko (seguruenik ezta nahi ere), baina aldiro lortzen du ehunka pertsonek barre egitea. Probatu nahi duzu?

Gabezia

SupGaleano

Mexikon, 2016ko abenduan

Katu-txakurraren oharren koadernotik.

Nire etxolan nengoen, Maradona eta Messiren jokaldien bideo batzuk berrikusten eta aztertzen.

Bihozkada bat balitz bezala barruraino iritsi zen baloi bat boteka. Haren atzetik Defentsa Zapatista sartu zen, abisatu eta baimenik eskatu gabe. Neskatilaren atzetik hainbestetan aipatutako Katu-txakurra sartu zen.

Defentsa Zapatistak baloia hartu zuen eta niregana hurbildu zen sorbaldaren gainetik begiratzeko. Nik nahikoa nuen Katu-txakurrak ordenagailuaren sagua jan ez zezan zaintzearekin; horregatik, ez nintzen konturatu neskatila bideoari begira-begira zegoela interes handiarekin.

— Aizu, Sup —esan zidan—, zuk sinesten duzu Maradona eta Messi on-onak direla?

Ez nion erantzun. Defentsa Zapatistaren galderak direla-eta, esperientziagatik zera dakit: edo erretorikoak dira edo ez zaio interesatzen zer erantzuten diodan. Neskatilak jarraitu zuen:

— Baina ez duzu kontua ondo ikusten, ze arte eta zientziaz maiz hitz egiten den arren, biek gabezia handi bat dute —esan zuen.

Bai, halaxe esan zuen: gabezia. Orduan nik eten egin nuen eta zera galdetu nion:

— Eta zuk nondik atera duzu hitz hori edo non ikasi duzu?

Gaitzituta erantzun zidan:

— Pedrito Astapotrok esan dit. Esan dit ezin dudala futbolean jolastu neskok gabezia tekniko bat dugulako. Amorratu egin nau eta zaplazteko bat eman diot, ze nik ez dakit hitz horrek zer arraio esan nahi duen eta agian zakarkeria hutsa da. Noski, Pedrito Astapotro hezkuntza sustatzailearengana joan da ni salatzera, eta deitu egin didate. Nik andereñoari azaldu diot, ba, nolabait esatearren, egoera nazional eta internazionala, Hidra eta hori guztia alukeria hutsa dela. Eta sustatzaileak ulertzen duenez guk, emakume izateagatik, elkarri lagundu behar diogula, ez dit errietarik egin, baina gabeziak zer arraio esan nahi duen bilatzeko agindu dit. Eta nik pentsatu dut zigor hori kalabazin-zopa jan behar izatea baino hobea dela.

Ulerkor baietz egin nion buruarekin, Katu-txakurrari ahotik sagua kentzen saiatzen nintzen bitartean.

— Beraz, Junta de Buen Gobiernora joan naiz, interneten bilatzera gabeziak ze arraio esan nahi duen, eta orduantxe ikusi dut musikari borrokalarien kanta bat dela, oso alaia, eta denak dantzan hasten dira eta saltoka, inurritegi baten gainean baleude bezala. Orduan hezkuntza sustatzailearengana joan naiz eta esan diot gabezia kanta bat dela eta zera dioela: «goizero, jaiki orduko, ez dut eskolara joateko gogorik». Sustatzaileak barre egin du eta esan dit: «lanera esan nahiko duzu». Orduan esan diot musika norberaren eta bakoitzaren arazoen araberakoa dela; alegia, azalpen politikoa eman diot, baina nik uste ez duela ulertu, ze soilik barre egin du. Eta orduan berriro bidali nau, kantak beharrean, hitzak zer esan nahi duen bilatu behar dudala. Eta, mugi, abiatu naiz berriro, Juntara itzuli naiz eta han zaindariak salaketa bat bidali arte itxoin behar izan dut, eta gero sartu naiz behingoz, eta han irakurri dut gabeziak zerbait falta zaizula esan nahi duela. Eta berriro sustatzailearengana joan naiz eta kontatu diot, eta orduan hark esan dit ez dela zakarkeria bat eta zoriondu egin nau, baina Pedrito sudurluze hori han zegoenez, beste zaplazteko bat eman diot teknika falta zaidala esateagatik. Orduan sustatzaileak esan dit nire amari kontatuko diola nola nabilen, eta hona etorri naiz ezkutatzera, ze badakit ez dela inor etortzen zurekin egotera.

Ziria heroismo apur batekin goxatu nuen, izan ere, azkenean lortu nuen katu-txakurrari sagua kentzea. Defentsa Zapatistak erretolikarekin jarraitu zuen:

— Baina zu lasai, Sup, sartu aurretik arrimatu egin naiz jakiteko ez zeundela emakume biluzien argazkiei begira, ai!, behingoagatik, Sup, ezin dut sinetsi; eta lasai egon, ez zaitut salatuko «Emakumeak garelako» kolektiboan, baina, noski, zuk egiten duzun moduak ez du balio, ze horrek esan nahi du emakumeen gabezia duzula, alegia, SubMoyk haserretzen denean esaten duen moduan: «No tienes madre![1]».

Hona iritsita esan beharra daukat Defentsa Zapatistak dioena ez dela egia; kontua da anatomia kurtso bat egiten ari nintzela korrespondentzian. Edonola ere, neskatilak ni agerian uzten jarrai ez zezan, galdetu nion zergatik esan zuen Maradonak eta Messik gabezia handi bat dutela. Ia ateburuan zegoenean, neskatilak zera erantzun zidan:

— Oso garrantzitsua den zerbait falta zaielako: emakume izatea.

Elixabet

alegre-rebeldia

Iturriak:

Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.

Carlos Humberto Durand Alcántara, Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento crítico frente a la hidra capitalista, Comisión Sexta Adherente, Alegatos, 91. zenbakia, Mexiko, 2015eko iraila/abendua, 737-742 orr.

http://enlacezapatista.ezln.org.mx/

http://seminarioscideci.org/

http://radiochimia.blogspot.de/2014/03/la-izquierda-y-el-1-de-enero-de-1994.html

[1] Ez daukazu potrorik eta, aldi berean, emakumerik.

Zapatismoa

Datozen asteetako postak zapatismoari hertsiki lotuak daudenez ‒zapatista batek idatziak‒, lehenik eta behin fenomeno kurioso eta esperantzagarri honi buruzko pare bat ideia bilduko ditugu, zeren, nola erantzun galdera honi: nortzuk dira zapatistak? Agian zuri ere galdetuko zizun norbaitek noizbait munduko geografia eta egutegiren batean. Egia esan, lan nekeza da hitz gutxitan halako zerbait azaltzea. Eta hanka sartu baino lehen, nahiago izan dut El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista liburura jo; bertan aurkitu dut behar nuen erantzuna, «Zapatista izan» kapituloan, eta euskarara itzuli dut:

«[…] Argi eduki behar da nolakoa den zapatista izatea. Konbentzituta egon behar da, harrokeriak ez baitu balio, baizik eta lan, antolakuntza eta borroka etengabeak; isilik asko egin behar da amaierako emaitzetara heldu arte, bai marko teorikoan bai praktikoan.

Zapatista izatea ez da buruko estalkia jartzea eta kito, baizik eta antolatzea eta sistema kapitalista suntsitzea.

Zapatista izatea ez da “zapatista naiz” hitzak esatea, baizik eta bizitzaren amaieraraino borrokatzea.

Zapatista izatea ez da zapatismoari buruz hitz egitea, baizik eta herri antolatuekin elkarlanean aritzea, nazio mailako eta nazioarteko Sextako lagunek egiten duten moduan.

Zapatista izatea ez da soilik modan dagonean ‒hala esan digute behintzat‒ bertan egotea eta sistema txarrak, gobernu txarrak, erasotzen gaituenean sufrimenduan lagun ez izatea.

Zapatista izatea ez da uniformea jantzita gobernu txarrarengana joatea; izan ere, zapatista ez da errenditzen.

Zapatista izate ez da esatea “ni EZLNko komandantea naiz” eta, aldi berean, gobernu txarrarekin harremanetan egotea; izan eren, zapatistak ez du sekula bere burua salduko.

Zapatista izatea ez da izan nahi duzun horren atzetik ibiltzea, hura lortu, soilik sei urtez borrokatu eta akabo. Zapatistak erabateko aldaketaren alde borrokatzen du bizitza guztian zehar eta ez du amore ematen.

Zapatista izatea ez da bi aldeetan egotea, partiduetan eta zapatismoan, baizik eta bakar batean; bakar batean egotea nahi dugu, gobernatzeko sistema berri bat nahi baitugu, non, herriak agintzen duen.

Zapatista izatea ez da beldurra izatea, baizik eta kontrolatzea eta borrokatu behar izatea.

Zapatista izatea ez da amorru asko izatea eta ez antolatzea, baizik eta duintasun osoz antolatzea.

Nork dio noiz izango zaren zapatista? Herriek.

Nork dio zer den zapatista izatea? Herriek.

Noiz utziko dio zapatista izateari? Zapaldutako herria askatzeko mandatu sakratua betez hiltzen denean».

2015eko maiatzaren 2an, Luis Villoro Toranzo eta Galeano Maisuaren omenaldian SupGaleanok berak irakurritakoari zera gehitu ahal zaio, zapatistak 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zirela. Dena den, duela 500 urte inguru sortu ziren lehen arazoak, europarrek jatorrizko herrien lurrak hartu zituztenean. Hortaz, esan daiteke zapatisten mugimendua hainbat urtetako borroka eta erresistentziaren fruitua dela.

XX. mendearen amaieran, Chiapasen jatorrizko herri asko egoeran larrian zeuden lur txarrak eta pobrezia latza zirela medio; mediku-arretarik ere ez zuten eta, zenbait kasutan, jatorrizko kulturako medikuntzaren jakintzarik ere ez. 80. hamarkadan hain zen prekarioa askoren egoera, non, hainbat komunitate indigena antolatu egin baitziren EZLN ‒Ejército Zapatista de Liberación Nacional‒ osatzeko. Ordurako krisi ekonomiko bat baino gehiago jasan zuten, indarkeria eguneroko ogia zen, eta diskriminazioa, eta esplotazioa. Hori guztia gutxi balitz, gero eta lur gutxiago zuten; eta mexikon esaten den moduan, lurrik gabe, artorik ez, eta artorik gabe, herririk ez (Sin maíz no hay país).

Urte haietan politikariek zenbait aldaketa egin zituzten Mexikoko Konstituzioan, baina lur eskasia zela-eta indigenei lagundu beharren, are gehiago kaltetu zituzten. Hori ikusirik, EZLNk aho batez armak hartzea erabaki zuen eta, Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna indarrean jarri zen egun berean ‒1994ko urtarrilaren 1ean‒, zapatistek hainbat lur berreskuratu zituzten. Ordura arteko urteak latzak izan baziren, ordutik aurrerakoak ez ziren gozoagoak izan: makina bat hildako, beste hainbat desagertu, errepresioa, erdeinua, mehatxuak, engainuak… Denetarik jasan dute.

Gatozen berriro ere XXI. mendera. Estatuaren eta jatorrizko herrien arteko gerra ez da amaitu: non daude Ayotzinapako 47 gazteak? zergatik hartu zituen ejertzitoak 2016 urtearen bukaeran komunitate zapatista baten lurrak eta etxeak? Gaur egun erresistentzia da zapatisten arma bakarra, eta hala ere, non zapatisten karakol bat, han paramilitarren basea.

Zapatistak ondo antolatuta daude eta hobeto antolatzeko lanean dihardute, batik bat, autogobernu, hezkuntza eta osasun arloetan. Erronka ikaragarria da hori, eta tamaina bereko erronka da estatutik edota sistema kapitalistatik datorren ia guztiari uko egitea. Baina zapatistek ez dute amore ematen, eta Chiapaseko mendietan ‒Montes Azules‒ erabateko aldaketaren alde borrokatzen dute; izan ere, beste mundu bat posible da, mundu guztiak kabitzen diren mundu bat.

otro-mundo-es-posible

Elixabet

 

Iturriak:

Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.

http://mexicosolidarity.org/node/317

http://enlacezapatista.ezln.org.mx/2016/10/11/palabras-de-la-comandancia-general-del-ejercito-zapatista-de-liberacion-nacional-en-la-apertura-del-quinto-congreso-del-congreso-nacional-indigena-en-el-cideci-de-san-cristobal-de-las-casas-chiapas/

http://culturacolectiva.com/los-7-principios-del-zapatismo-para-construir-un-mundo-donde-quepan-todos-los-mundos/