Larunbateko lapurra

Jatorrizkoa: Gabriel García Márquez, Ladrón de Sábado.

LARUNBATEKO LAPURRA

Hugo, asteburuetan baino osten ez duen lapurra, etxe batean sartzen da larunbat gau batez. Ana jabeak, hogeita hamar urteko emakume eder eta insomniodun porrokatuak, in fraganti harrapatzen du. Pistolaren mehatxupean, emakumeak bitxi eta baliozko gauza guztiak ematen dizkio eta hiru urteko alaba Paulirengana ez hurbiltzeko eskatzen dio. Hala ere, neskatoak ikusi egiten du, eta lapurrak magia-trikimailu batzuen bidez limurtzen du. Hugok zera pentsatzen du: «Zergatik joan behar dut hain goiz, hemen hain ondo banago?». Asteburu osoa han geratu, eta egoera bete-betean goza dezake; izan ere, senarra ez da igande iluntzera arte itzuliko negozio-bidaiatik. Zelatatu dituelako daki. Lapurrak ez du askorik pentsatzen: etxeko gizonaren prakak janzten ditu, eta Anari janaria prestatzeko eskatzen dio, baita ardoa hozkailutik ateratzeko eta afaltzeko musika apur bat jartzeko ere, musika gabe ezin baita bizi.

Anari, Pauliz kezkatuta eta afaria prestatu bitartean, tipoa etxetik ateratzeko zerbait bururatzen zaio. Baina, Hugok telefonoaren kableak moztu dituenez, ezin du gauza handirik egin: etxea oso urruti dago, gaua da eta inor ez da haraino iritsiko. Hugoren kopan lo hartzeko pilula bat jartzea erabakitzen du Anak. Afaltzen duten bitartean, lapurra, astean zehar banketxe bateko gauzain dena, ohartu egiten da bere irratsaio kutuna Anak gidatzen duela. Gauero entzuten du, hutsik egin gabem herri-musikaren inguruko irratsaioa. Hugo miresle aparta da, eta kasete batean Benny bikainaren «Cómo fue» abestia entzuten duten bitartean, musika eta musikariei buruz egiten dute solas. Ana damutu egiten da; izan ere, Hugo lasai dago, eta ez du Ana mintzeko edo indarkeriaz jokatzeko asmorik, baina berandu da jada: somniferoa kopan dago, eta lapurrak, oso pozik, osorik edaten du. Dena den, nahaste bat egon da, eta Anak edan du piluladun kopa. Aitaren batean lo geratzen da.

Hurrengo goizean, Ana bere logelan esnatzen da, erabat jantzita eta tapaki bat gainean. Lorategian, Hugo eta Pauli jolasean dabiltza, gosaria prestatzen bukatu dute-eta. Ana harriturik dago: Pauli eta lapurra oso ondo moldatzen dira. Gainera, izugarri gustatzen zaio lapurrak prestatutako janaria, eta, azken finean, nahiko erakargarria iruditzen zaio. Ana zoriontasun bitxi bat sentitzen hasten da.

Orduantxe, lagun bat azaltzen da Anarenean, hura bazkaltzera gonbidatzeko asmoz. Hugo urduritu egiten da, baina Anak alaba gaixorik dagoela asmatzen du, eta agur esaten dio berehala. Hala, hirurak elkarrekin geratzen dira etxean, igandeaz gozatzen. Hugok, txistu artean, bart hondatu zituen leihoak eta telefonoa konpontzen ditu. Anak Hugo dantzari trebea dela jakin berri du; danzón dantza dantzatzen du. Anak biziki maite du dantza hori, baina ezin du inorekin dantzatu. Lapurrak pieza bat dantzatzeko proposatzen dio, eta hain ondo moldatzen direnez, arratsaldea ematen dute dantzan, berandu arte. Pauli begira dute, txalo artean, eta, azkenean, loak hartzen du. Akituta, egongelako besaulki batean botata amaitzen dute.

Dagoeneko ahaztu egin zaie senarra heltzear dagoela. Anak nahi ez duen arren, lapurtu zuenaren gehiengoa itzultzen dio Hugok. Halaber, aholku batzuk ematen dizkio lapurrak etxean sartzeko, eta, tristurak hartuta, bi neskak agurtzen ditu. Anak aldentzen ikusten du. Hugo desagertzear dago, eta Anak deiadarka hots egiten dio. Itzultzen denean, begietara tinko so eginez, datorren asteburuan senarra berriz ere kanpoan egongo dela esaten dio. Larunbateko lapurra pozik doa, auzoko kaleetan zehar dantzatuz, iluntzen ari duen bitartean.

Maddalen

One thought on “Larunbateko lapurra

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s