Duela egun batzuk Miren Amurizari irakurri nion ohitura kurioso bat duela: oroitzapen bereziak eragiten dizkioten gauzatxoak ezkutatzen ditu gerora aurkituko dituela dakien tokietan. Gero, urteak pasa ostean, kasualitatez aurkitzen dituenean sorpresa ederrak hartzen dituela dio.
Nire kasua bestelakoa da. Gaurkoan itzuli dudan istorioa ez nuen nahita gorde, etorkizunean aurkitu, euskarara itzuli eta Berbaratzean argitaratzeko asmoarekin. Nire kasuan, behin batean irakurritako istorioaren fotokopia zimurtua nire logelako zokoren batean galdu zen, eta hiru urte beranduago esku artera etorri zait, kasualitatez. Nahita egin ez banuen ere, Mirenen adinako ilusioa egin dit.
Melodie Campbell kanadar idazlearen istorio labur bat da hau, 2011n argitaratu eta Bony Pete kontakizun laburren saria irabazi zuena. Campbellek 200 argitalpenetik gora dauzka, eta horietatik 40 inguru dira istorio laburrak. Idazle oparoa izateaz gain, sari ugari jaso ditu azken urteotan.
Horixe ba, esateko neukana. Gozatu istorioarekin!
BIKTIMA PERFEKTUA
Adineko andreak biktima perfektua zela zirudien.
Sashak irribarre egiteko gogoari eutsi eta aurrera jarraitu zuen interesa erakutsiz, errespetu osoz.
“Gustatzen zaizkizu katuak… andereño? Nola ahoskatzen da zure izena?
Sashak ia-ia keinu zatar bat egin zuen, baina kontrolatu egin zen. “A, bai, gustuko ditut”, erantzun zion azkar, etxeari begirada bat botatzen zion bitartean. Ezer ez begi bistan, baina altzariak ederrak eta sendoak. “Zuk ba al duzu katurik?”
“Oraindik ez”, esan zuen adineko andreak. “Horregatik behar dut lanerako laguntzaile bat. Zaintzen lagun diezadan”.
Sashak irribarre eginez erantzun zion. Lana lortuko zuela konbentzituta zegoen, ordura arte inoiz ez zuen hutsik egin. Ile arrunta, makillajerik ez eta arropa kontserbadoreak… erraza zen ziria sartzea. Eta agentziek kobratzen zietena baino askoz diru gutxiago eskatzen zien, beti ere aurretiaz eta esku-dirutan ordainduz gero. Ondo zegoen tratuak esku-dirutan egitea.
Adineko andreak katuei buruz hizketan jarraitzen zuen bitartean, Sashak gelan iltzatuta zeuzkan begiak. Altzari garestiak, estatuatxo pila bat, zilarrezko kandelabrua —zilar aratzezkoa, ziurrenez— komoda gainean… Logela nagusan bitxi baliotsuak egongo ziren zalantzarik gabe, eta baita diru mordoa ere. Hura bezalako atso zaharrak ez ziren fio bankuko txartelekin. Sashak ez aurreratzea erabaki zuen. Ez zuen asko itxaron beharko baliozko zerak non gordetzen zituen jakiteko.
“Te gehiago nahi, bihotza?
Sashak baietz erantzun zion irribarrez. Teontziari eusten zioten eskuak adinak eragindako orban marroiz josita zeuden eta zain konkortsuak nabarmentzen zitzaizkien. Sashak katilua trebeki mugitu behar izan zuen tea borborka ateratzen ari baitzen bazter guztietarantz.
“Ai ama!”, egin zuen oihu andreak ahots finez.
“Dena ondo, Mortify andrea?”
“Ez, tira..”, lotsatuta zirudien. “Unetxo bat besterik ez… ez bazaizu axola…”. Balantzaka jaiki zen besaulkitik eta logela nagusirantz abiatu.
Komuna, otu zitzaion Sashari ameslari. Teari zurrutada bat eman zion, gustura, eta irribarre egin zuen bere zorte onaz ohartuta. Baliteke atsoak denborarik galdu ez izana erreferentziak aztertzen; inoiz ez dute egiten. Adinekoak hain dira naifak.
Sasha sofan hondoratu zen eta begiak itxi zituen. Errazegia izango zela zirudien.
Hogei minuturen buruan Elvira Mortify logelatik atera zen berokia soinean zuela, eta oinak arrasta zituela joan zen Sasha Sachanskaren gorputz abailduaren parera. Irribarre bihurri batek aurpegia zimurtu zion.
Ezustean lapur-jarrera hartu, eta urrezko lepokoak kendu zizkion neskari —hiru lepoko— eta baita urrezko uztai-belarritakoak, eskumuturrekoak eta ezkontzako eraztuna ere. Ezin hobeto kabitzen zitzaizkion tweed oihalezko berokiaren barruko kremaileran.
Atzamar mengelak bere poltsaraino luzatu zituen, zuzenean diru-zorroaren bila.
“Zortziehun dolar! Aldi baterako badugu nahikoa”, pentsatu zuen. Albaitarien fakturak garestiak dira, ba.
Adineko emakumeak sofaren atzealdean zeukan poltsa hartu, ireki, eta termo urdin luze bat atera zuen bertatik. Bi katiluetan, teontzian eta esnegain-ontzitxoan geratzen zena bertara hustu zuen kontu handiz. Te-zerbitzuko piezak ezin hobeto kabitzen ziren poltsiko banatan. Poltsaren kremailera itxi eta zutitu egin zen.
Adineko andreak azken begiratua eman zion gelari. Apartamentuak hain ziren egokiak. Jabeak beti kanpora joaten ziren asteburutan.
Neska oraindik gogortuta zegoen. Baliteke poliziari abisatu ere ez egitea, inoiz ez zuten egiten. Harroegiak… tontoegiak.
Elvirak bere biktimari begiratu eta burua astindu zuen. Gazteak hain dira naifak.
Atera bidean, Sashak andrearen orkatilei eraso zien.
Ainhoa