G20ren harira

G20ren harira

Kaosa nagusitu da azken egun grisotan Hanburgon, uztailaren 7tik 9ra izan den G20 gailurraren harira. Bloke beltzak hartu ditu kaleak “Ongi etorri infernura” lemapean, eta bai, egia da hiriak infernu itxura hartu duela, sugarrak nagusitu baitira bazter guztietan, baina ez deabruek eragindakoak. Deabruak lasai-lasai joaten dira lotara egunero, deabruak segurtasun-neurri zorrotzenen babesean bizi dira, deabruek oso ondo neurtzen dituzte ekintza guztiak. Etxean jokatzen dutenean, kontu handiz aritzen dira, atzetik, isilean, oin-puntetan, ez dadila asko nabaritu deabrua nor den edo non dagoen. Aldiz, etxetik kanpo jokatzen dutenean, munduko lurralde urrun horietan, hor bai, infernu bihurtzen dute beste batzuen egunerokotasuna: sugarrak, guda, bonbak, odola eta heriotza. Hala jarduten dute izaki zital horiek, mundua nahieran maneiatuz eta gobernatuz, gutako bakoitza gris bihurtu nahian.

Hala ere, badirudi zenbaitek deabrua gaizki identifikatu dutela, XXI. mendeko gizartearen funtzionamendua oraindik ere ulertu ez dutelako seguruenik. Izan ere, hainbat pertsonari ez zaizkie batere gustatu Hanburgon sortu diren istiluak; ez zaie batere gustatu beren hiria ke-hodei artean ikustea, ez eta milaka herritarrek antolatutako manifestazio eta elkarretaratzeek hiriko plazak eta kaleak hartu izana ere. Hori dela eta, elkartasuna erakutsi beharrean, manifestarien aurkako lehia polizia zitalaren esku uztea nahiago izan dute, kerik gabe borroka egin dezan, baina gerrako ekipamenduz ondo hornituta, harik eta herritar eta manifestari askok beren nahia erakustea ekidin arte.

Horrez gain, ez dezagun ahaztu hamaika koloretako manifestazio eta elkarretaratze antolatu direla, eta indarkeria-izpirik egon ez arren, poliziak inolako ezbairik gabe borrak eta ur-txorrotak erabili dituela gazteen, zaharren, umeen zein haurdun dauden emakumeen aurka. Horrek, ordea, ez du komunikabideen interesa piztu, eta, beste behin, gaia desbideratzea lortu dute. Egoerak, bada, grisez tindatutako herritarren arteko indarrak batu beharrean, haustura handiagoa eragin du . Nekez lortuko dugu horrela hauts grisezko geruza hori geure gainetik kentzea eta, 1000 Gestalten ikus-entzunezkoan ikus daitekeen moduan, azpiko koloreak azaleratzea.

G20ak eragindako liskarrak ulertu ezinik dabilenik balego, Hanburgoko kaleetan banatu den eskuorri bat euskaratzeko aukera izan dugu. Ea deabrua nor den identifikatzen laguntzen dizuen!

den Gipfel stören, die Stadt erobern

Ekidin bilera. Berreskuratu hiria.

Eguneroko elkartasuna G20 beharrean

Zer bizi mota da hau?! Hirugarren pisuko amonak elikagai-bankura joan behar du pentsioa nahikorik ez duelako. Kirol-ekitaldi handiek hiria geldiarazi dute hainbat egunez, baina gerraren aurkako azken uneko manifestazioa debekatua izan da. Hogeita hamabost urteko diseinatzaile grafikoak bere lehen bihotzekoa izan du lanak eragindako nekeagatik. Segurtasunekoak egunero dabiltza parkeko gazte-koadrila gogaitzen, baina gazteek ez dute toki publikorik hiri pribatizatuan. Enplegu-zentroko langileak bizitza izorratu dio haurra bakarrik hazten duen amari, haurtzaindegiak gainezka daudenez, ezin baitu astean 40 orduz lan egin. Futbolzaleak ez dira justiziaren datu-bankuetan erregistratuta dauden bakarrak, horiek zelatatu, kontrolatu eta isundu ahal izateko helburuarekin. Sindikatuak greba debekatu die enpresako langileei. Emakumea ez da jendartera eta elkarretaratze handietara joaten inork sinesten ez dion bortxaketa pairatu ondoren. Berrogeita hamar urteko herritarra etxegabetu dute, alokairua azken hiru urtetan etengabe igo denez, hiru tokitan lan eginda ere  ezin baitzuen ordaindu. Artisten doako festa lasaia, musika eta eskuz egindako dekorazioz apaindua, lekutan dagoen autopistaren zubipean ospatu da, baina poliziak desegin du muturreko indarkeria erabiliz. Arrazista, homofobo eta transfoboek errefuxiatu gaztea iraindu eta erasotu dute «ezberdina» izateagatik, eta inork ez dio laguntzarik eskaini. Bi seme-alabadun bikote gaztea senar-emazteentzako aholkulariarengana joan da hiru urtez soilik elkarrekin bizi ondoren, presio ekonomikoak eta sozialak harremana kasik erabat zapuztu baitu;  errua beraiek dutela uste dute, ordea. Lanbide-Heziketako ikasleak kartzelara joan behar du, milagarrenez harrapatu baitute metroan billeterik gabe, baina irabazten duen soldatarekin ezin du ezta hilabeteko abonamendua ere erosi. Eta, noski, lanpostua ere galduko du. Ezagutzen al duzu beste adibiderik zure bizitzan?

Gauaren ertz bateko jakituria: Guztiak borrokatzen dira, makurtzen dira, lehiatzen dira behin eta berriz aberastasun osotik beren pastel zatia, pare bat papur lortzeko, eta maiz etorkizunean pentsatzeak sortzen duen ezegonkortasunari aurre egiteko.

Guk, ordea, proposatzen dugu elkarrekin okindegi osoa hartzea, halako kontuak, bizitza parekidea, goi eta beherik gabe, nagusirik, ordezkaririk, politikari profesionalik gabe geuk antolatzea. Elkartasunez, autogestioz eta ekintza zuzenez beste bizi bat, lan bat, egunerokotasun bat eraiki nahi dugu, ondoan ditugunez arduratuz eta elkar babestuz, eta egunero jasan behar izaten dugun kakaren aurrean defendatu ahal izateko. Horregatik, batzuk jada Hanburgon daude, beste batzuk beste nonbait, baten batzuk etxean daude, baina guztiak hasiak dira… mundu osoan eta ez bakarrik atzo.

Hitz egin jendearekin kalean, hitz egin besteekin kioskoan, hausnartu elkarrekin azokan, eztabaidatu autobus geltokian, entzun zuen bihotzari eta entzun besteenari, antolatu zuen baldintzei eta arazoei aurre egiteko. Partekatu zuen ardurak eta beldurrak; ez dira desagertuko, baina ez dira aurrerantzean zuen eskuetan egongo. Ez ahaztu sekula zuen ametsak eta desirak, babesgarri indartsuak izan daitezke une latzetan. Eta zer esanik ez barrea. Parte hartu, esku hartu ekintzetan eta fidatu besteez, bizi on bat izatearen alde egin; ez bakarrik zuretzat, planeta honetako guztiontzat baizik.

Sortu batzordeak auzoan edota lantokian, elkarte sekretuak, talde irekiak, hitz egin lagun taldeen artean, antolatu brigadak, auzoko kontseiluak, talde koloretsuak, denbora librerako eskolak… ondoen datorkizuena eta gustukoen duzuena. Marmar egin, kritiko eta errebelde izan zaudeten tokian zaudetela, minutuero, orduero, egunero. Herritarren talde polit, bihoztun, burugogor batek zera esaten badu: «Nahikoa da! Honaino heldu gara, aurrerantzean ez dugu honela bizi nahi», konturatuko zarete ez zaudetela bakarrik, baizik eta elkarri eskua emanda. Elkartzen bazarete, talentu handiko etsai boteretsua izango zarete gizartearen, naturaren eta ingurumenaren aurka dagoen gerran, kapitalismo deiturikoan.

Eskuorria gustatu bazaizue kopiatu, itzuli hizkuntza gehiagotara, banatu lagunei, familiakoei, ezagunei, zabaldu sekretuan edo publikoki lantokian, eskolan, unibertsitatean, etxean, hirian, herrialde osoan.

Izan ere, bat eginik soilik zaindu dezakegu benetako bizia.

make capitalism history

Maddalen, Ainhoa eta Elixabet

Uda usaina

Ainhoa Mendiluze Ormaetxea naiz, tolosarra izatez, Itzulpegintza eta Interpretazioa ikasten ari naiz Gasteizen. Irakurzalea bezain ameslaria, geldirik egon ezin duen horietakoa, galtza bete ilusio eta asmo beti, tximista batek zuhaitz bat jotzeko duen zori edo kasualitate berak ekarri nau Berbaratzara, zori-on kolpe batek alegia. Aukera sortu eta ttak! airean heldu nion, bi aldiz pentsatu gabe, eta konturatzerako hara non ikusten dudan nire burua proiektu honekin sorginduta. Oinez ikasten ari den haurraren tankeran arituko naiz nire lehen urratsetan, herren samar akaso, inozentziaz seguru, baina arian-arian estiloa fintzeko esperantzaz, oinez, korrika, eta hitz artean dantzan ikasi arte, airoso, hasi berriak duen freskura eta graziaz. Hiru, bi, bat… Has dadila festa!

Uda usaina

Galerak eta hausturak bizitzako lege dira. Baina bizitza petrala izan liteke eta oso malkartsua

Zapia ezagutzen dut, aspalditik baitaramat soinean, bada nahiko denbora ez gogoratzeko, ez, ordea, karga nire sorbaldetan sentitzeko. Burka ikusezin bat da, estali eta urratu egiten zaitu, eta sumindu eta ito uzten badiozu, eta tentagarria da amore ematea: auto-errukia oso droga gogorra da. Barnean, zeure burua isolatzen duzu, zulo guztiak ondo tapatuz: aurikularrak belarrietan, izara sudurraren gainean, masailezurra estu-estu, begiak ondo josita, hankak eta besoak gurutzatuta izter eta bularrei tinko amarratuta. Kanpoko edozeri zarratuta, zeurearekin tematuta, bizirik giltzapetuta. Barne-barneko negu horretan, nahiz kanpoan eguzkiak gogoz berotu, plazer oro ukatzen duzu, edota neurrigabe heltzen diezu errudun sentitu arte. Azken batean, hura, edo haiek, egon badaude, baina ez daude, edo badoaz, edo joanak dira dagoeneko. Izan ere, ez, ez da egia dena konpon daitekeela. Bai, beno, ados, galerak eta hausturak bizitzako lege dira. Baina bizitza petrala izan daiteke eta oso malkartsua. Halaxe zaudenean, nahiz eta odola izoztuta izan, neurrigabe izerdituko duzu zerbaitek edo norbaitek epeltzen zaituen arte, nahiz kanpoan izotza izan eta giltzarraporik gabe lo zaudela konturatu, udako kanta jasangaitz hori auto-ilaretan orroka kantari. Ez da gutxi. Egia esan, hori da dena.

Aurrekoan, Isabel Allende idazleak pozarren adierazi zuen lau haizetara 75 urterekin maitemindu egin dela, hain zuzen, bikotekidearekin hiru hamarkada oso igaro eta gero. Adierazi zuenez, negu gorrian konturatu zen uda garaiezina zeramala barnean, bide batez Camusi ere aipuz. Kontuak kontu, hitz horiek minduta hedabideetara gustu txarreko iruzkinik bidali zuenik izan zen, argudiatuz adin hartako emakume batek tamaina horretako pasiorik ezin senti dezakeela, okurritzea ere. Horiek bai aluak. Denok nahi dugu Allendek aipatzen duen hori. Berotasun hori, irrika hori, arduragabekeria hori. Heldu da zentzumenak dantzan jartzeko garaia, zuloak betetzeko garaia, bizkarra laztantzeko garaia. Eta horrek ez du epe-mugarik. Uda usaina dario, ezta?

Ainhoa Mendiluze

 

Jatorrizko testuaren iturria: http://elpais.com/elpais/2017/06/07/opinion/1496859760_522742.html

Denbora bako denbora

Oraingo honetan Hego Amerikara egingo dugu salto, Uruguain baitu jatorria gaurkorako aukeratu dugun irakurgaiak. Jada hitz egin dizuegu autoreari buruz, haren ipuin labur bat ekarri baikenuen euskarara duela pare bat urte; Mario Benedettiri buruz ari gara. Haren gurasoak jatorriz italiarrak izan arren, Mario bera Uruguaien jaio eta bizitu zen. Ibilbide luzea izan zuen idazle gisa, 45eko belaunaldiaren parte izan zen eta 80 liburutik gora argitaratu zuen.

Gaurkoan zer pentsatua eman digun olerki bat duzue irakurgai. Espero dugu zuen gustuko izatea. Gozatu!

DENBORA BAKO DENBORA

Denbora bako denbora behar dut

beste batzuek abandonatzen dutena

soberan dutelako edo ez dakitelako

zer egin

denbora

zuria

gorria

berdea

edo gaztainkara

ez du axola koloreak

denbora bakuna

ezin dut nik zabaldu eta zarratu

ate bat balitz bezala

 

Zuhaitz edo argiontzi bati begira egoteko denbora

atsedenaldia sentitzeko

negua gozatzeko

eta pixka bat hiltzeko

eta segituan jaiotzeko

eta jabetzeko

eta jarraitzeko

denbora behar dut

Bizitzan zehar plisti-plasta ibiltzeko

eta ene tristuraren arrazoia bilatzeko

eta nire lehengo eskeletora ohitzeko

 

Oilarrak kukurruku egitean

ezkutatzeko denbora

eta irrintzi eginez berragertzeko

eta eguneratuta egoteko

eta gauero egoteko

neurri eta erloju bako denbora

 

Zehaztu behar da

beharrezkoa baita

beharrezko baitut

denbora bako denbora

Maite

ITURRIAK:

Argazkia: http://www.playbuzz.com/ortografiayliteratura10/test-cu-nto-sabes-de-mario-benedetti

 

Walter Benjamin III. atala

Hemen gatoz, berriz ere, Walter Benjaminen testu batekin. Oraingoz hauxe da Lourdes Izagirrek eta Silvie Straußek eman diguten azken itzulpena. Aurrerago akaso argitaratuko ditugu Walter Benjaminen lan gehiago, perla interesgarriak ditu-eta. Eta Lourdes eta Silvie kolaborazio gehiago egiteko prest badaude, ongi etorriak!

Gaurko istorioa ere Berliner Kindheit um neunzehnhundert liburuan aurki dezakegu. Bildumakoko hogeita hirugarren kontakizuna da, “Mamu bat” (Ein Gespenst). Nolabait deskribatzearren, autorea haurra zeneko eszena baten kontakizun grafiko eta deskribatzailea dela esan daiteke. Gozatu!

Walter Benjamin

MAMU BAT

Zazpi edo zortzi urte nitueneko iluntze bat zen gure Babelsbergeko udako egoitzaren atarian. Gure neskameetako batek auskalo zein hiribidetara daraman hesi-atearen ondoan jarraitzen du artean denboraldi batez. Sasiz jositako inguruetan alderrai ibili naizeneko lorategi handia itxita dago niretzat dagoeneko. Ohera joateko ordua iritsi da. Beharbada nire joko maiteaz asetu naiz, alanbrezko hesiaren inguruko sastraka artean nire Heureka-pistolaren gomazko kabilaz egurrezko txoriak destatuz, horiek, jaurtigaiaren kolpeaz, jarrita dauden hostotzaz margotutako itutik erortzen direla.

Egun guztian zehar sekretu bat neraman barruan gordeta: bart gaueko ametsa. Mamu bat agertu zitzaidan bertan. Nekez azaldu nezakeen mamu hura buru-belarri aritu zen lekua. Bazuen, ordea, ezagutzen nuen arren sartu ezin nintzen leku baten antzik. Gurasoek lo egiten zuten gelan zegoen, felpazko gortina more margul batek estaltzen zuen izkina zen, eta haren atzean zintzilik amaren txabusinak zeuden. Errezelen atzeko iluntasuna misterio hutsa zen: amaren arropa-armairuarekin batera irekitzen zen paradisuaren baliokide lizuna zen txoko hura. Armairuaren arasetako ertzeko zinta zurian zehar Schillerren «Die Glocke» olerkiaren testu zati bat hedatzen zen urdinez brodatuta. Apal horietan maindireak eta bestelako oihalak zeuden pilatuta, azpiko eta gaineko izarak, mahai-zapiak eta ezpainzapiak. Ateen barrualdeko oihal tolesdunaren gainetik zintzilik zeuden zetazko zakuto mukuru beteei izpiliku-lurrina zerien. Halakoa zen lantze eta ehuntzearen xarma misteriotsu zahar hura, behinola goru barneko tokiaren jabe, zeru eta abernuko erreinutan erdibitua. Bada, ametsa azken hartakoa zen: mamu bat buru-belarri ari zen zetazko ohialkiak zintzilik zeuden egurrezko egitura batean. Oihalki horiek ostu egiten zituen mamuak. Ez bereganatu, ezta eraman ere; ez haiekin ez haiei, funtsean, ez zien ezer egiten. Eta halere nik banekien: lapurtu egiten zituen; kondairetan bezala, non mamuen oturuntza baten lekuko suertatzen direnek, haiek otorduan ari direla antzematen duten, mamuak jaten edo edaten ari direla kausitu gabe, ordea. Amets hori zen nire baitan gorde nuena.

Amets hori izan eta hurrengo gauean, eta aurreko ametsean bigarren bat txertatuko bailitzan, gurasoak nire gelan sartzen antzeman nituen ezohiko ordutan. Nire gelan geratu eta atea barrutik giltzaz itxi zutela jada ez nuen ikusi. Hurrengo goizean esnatu nintzenean ez zegoen gosaririk. Ulertu nuenagatik, pisuan lapurreta egin zuten. Eguerdian senideak etorri ziren behar genituen oinarrizko gauzekin. Lapur andana handi bat isilean sartu omen zen gauez. Eta zorionez, zioten, haiek ateratako zaratak andanaren tamaina igarrarazi zuen. Goizaldera arte iraun omen zuen bisita lanjerosak. Alferrik egon ei ziren gurasoak nire leihoaren atzean egunsentiaren zain, kalerantz keinuak igorri ahal izateko itxaropenez. Gertatutakoaz bi hitz esateko eskatu zidaten. Baina aurreko arratsean hesi-atearen aurrean egon zen neskamearen jokaeraz ez nekien ezer. Eta benetan jakin uste nuena, nire ametsa, isilpean gorde nuen.

Lourdes eta Silvie

ITURRIAK

-Jatorrizko testua:
Benjamin, Walter: Berliner Kindheit um neunzehnhundert, Suhrkamp, Frankfurt, 2006. 62-63 or.

-Argazkia: CC BY-NC-SA 2.0 Renée, hemendik hartua: https://www.flickr.com/photos/schauecker/7184317940

 

Georg Kreisler

Georg Kreisler

Georg Franz Kreisler Austriako hiriburuan jaio zen 1922an eta Salzburgon zendu zen 2011n. Judutar familia bateko seme bakarra zen, eta gazte zela mugimendu nazionalsozialista tximistaren abiadan zabaldu zenez, aitak AEBra joateko paperak eskuratu zituen. Edonola ere, ezin izan zion gerrari guztiz ihes egin, Bigarren Mundu Gerran AEBko armadan interprete militar gisa lan egitea tokatu baitzitzaion. Urte batzuk beranduago, Hollywoodeko filmografian lanean aritu zen, beste batzuen artean, Charlie Chaplinen filmetako musika konposatzen; eta beranduago, gauetan New Yorkeko klubak musikatzen zituen.

Bigarren Mundu Gerra amaitu eta egoera zertxobait lasaitu zenean, 1955ean, Kreisler Europara itzuli zen. Ordurako nahiko famatua zen idazle, poeta, musikagile, piano jotzaile, kabaretista, pertsona satiriko eta anarkista gisa; jendeak nahi zuena pentsa zezakeen, izan ere, umore beltzez zipriztindutako abestiak idazten jarraitu zuen austriarrak, nahiz eta hainbat eta hainbat zentsuratu. Horietako bat ekarri dugu hain justu gaurkoan gure atarira, non, Kreislerrek ohi bezala umore beltza erabili baitzuen zenbait egoera irrigarri uzteko eta desobeditzeko.

georg_kreisler_Süddeutsche_Zeitung

Ez dut gogorik

Zuk ere gorroto duzu norbaitek zerbait diktatzea?
Edo tentel batek zure izenaren letrak esatea?
Jendeak uste du inozoa eta umila zarela?
Eta hori ez duzu aguantatzen, nik bezela?

Dentistarenean aldiro beldurrez akabatzen zara?
Eseri orduko, mina sentitu gabe joaten baita.
Bikotea duzu eta horrek kezkatzen zaitu?
Orduan nik bezala, esaiozu:

Ez dut gogorik zurekin oporretan joateko,
ez dut gogorik zure arima ulertzeko,
Ni zurekin oporretan joatea hamar zaldirekin ere ez duzu lortuko.
Eta niregandik zure arima lapurtzen badidate, hobeto.

Ez dut gogorik zure erretolika jasateko,
ez dut gogorik zure azukre koxkorra izateko,
Eta nirekin hitz egin nahi baduzu, laburtu,
eta are hobea litzateke gehiago egingo ez bazenu!

Baina bikoteak esango balizu: gaur ez dut txintik esango!
Sinetsi iezadazu, ez da koldarra delako.
Zugandik zerbait lortu nahi du
eta iluntzean nahiko du zure ondora arrimatu.

Musu eman zion kopetan eta soilgunean
eta laztandu zuen hemen eta han
Baina bularra ukitu hari,
eta hara non oihuka esan zion: «ez dut gogorik!»

«Ez dut gogorik!» esaldia bihurtu da eskubide
obligaziorik okerrenak izan dezaten ihesbide
Gero eta gehiago nekatzen zara lanean?
Orduan esan: «Ez daukat gogorik!» eta etzan zuzenean!

Edo, adibidez, ogasuneko ordezkaria isiltzen ez denean,
nahi duelako zuk zergak ordaintzea,
batzuetan nekaezina da eta bakerik ez duzu
esaten diozun arte: «Orain entzun!»

Ez dut gogorik! Gaur ez dut esku-dirurik;
ez dut gogorik! Hurrengo urtean ordainduko dut nik,
hasteko ordaintzeak ematen baitu lana
eta, are gehiago, badut aitzakia ona:

Ez dut gogorik, ez zait gustatzen dirua ematea;
ez dut gogorik, hain nekeza da-eta irabaztea.
Agian ogasunekoak ez du nire dirurik beharko
azken finean ez diot jendeari ezer ordainduko.

Baina ogasuneko norbait etorriko balitz
eta Pertsiar alfonbra mokokatzen utziko balio kuku bati,
orduan utzi gaztetxoari ondo pasatzen,
ze alfonbrak lurrean jarraituko du aldi batez.

Eta hurrengo egunean kotxe bat etortzen bada,
zure alfonbra polita eramatera,
orduan esaiozu argi eta garbi:
«Alfonbra hemen geratuko da! Ez dut gogorik!»

Ezagutzen duzu morea? Ezagutzen duzu gorria?
Biak harrapatu ditu kolpeak, biak daude hilak.
Ezagutzen duzu beltza? Ezagutzen duzu berdea?
Biak gaixorik daude ohean eta izerditzen dituzte aspirinak.

Zu banintz lotsatuko nintzateke gaixotuz gero,
niri ez baitzait gertatuko.

Ez dut gogorik, nire ustez, gaixo egotea txarra da;
ez dut gogorik, nik daukat urrezko osasuna.
Eta medikuak esaten badit, «oso gaixo zaude»,
orduan hari builaka hasten naiz, bera gaixotu arte.

Ez dut gogorik, gaixo batek nau ulertuko;
ez dut gogorik nire hiletara joateko.
Eta burutik beherakoa harrapatuz gero,
zera esaten dut: «Zoaz betiko!» eta akabo.

Baina bizitzan behin nire bizitzak,
nahi ez izanda ere, topatzen badu heriotza,
eta hark esango balit: «Lagun maite, ez larritu,
orain etorri behar duzu, ordularia ez baita gelditu.»

Orduan esango diot: «Ba, ez! Pozez lagunduko dizut,
baina derrigorrez gaur izan behar al du?»
Eta erantzungo dit: «Zergatik zalantzati? Ez duzu aukerarik!»
Orduan esango diot: «Ez, ez dut gogorik!»

Bibliografia

http://www.zeit.de/kultur/musik/2011-07/georg-kreisler-lieder

http://www.spiegel.de/kultur/musik/meister-des-schwarzen-humors-kabarett-legende-georg-kreisler-ist-tot-a-799368.html

http://www.sueddeutsche.de/kultur/georg-kreisler-gestorben-der-tod-das-muss-ein-wiener-sein-1.1197063

https://de.wikipedia.org/wiki/Georg_Kreisler

 

Elixabet

Ehungarrenez

Badira dagoeneko ia-ia hiru
urte Berbaratzako lehen loreaBerbaratza
ernatu zela. Geroztik era
askotako makina bat post
argitaratu dugu, bateko
itzulpenak, besteko
sorkuntza-lanak, hitzez
azaldutako irudiak. Hasi
ginenean gutako inork ez
zuen espero Berbaratzak hain
luze eta sasoi oneko iraungo
zuenik. Baina, tira, askotan
gertatzen da uste denaren
alderantzizkoa, ezta?

Gaurkoa 100. argitalpena da,
zalantzarik gabe, elkarlanaren
eta laguntasunaren fruitua. Eta
zuri, irakurle fin horri, eskerrak
eman nahi dizkizugu arreta eta
interesagatik. Eman
Berbaratzaren berri interesa
izan dezaketen lagunei, eta
guztion artean lau haizetara
zabalduko dugu!

 

Duela ia hiru urte sortu genuen Berbaratza ataria eta geroztik makina bat posta argitaratu dugu, ehungarreneraino iritsi arte! Hori dela eta, argitalpen guztiak biltzen dituen katalogo bat egin dugu. Helburua zera da: orain arteko testuak eskura jartzea, testu motaren araberako bilaketa erraztea, egun hartan irakurri eta hainbeste gustatu zitzaizun argitalpena berriro ere erraz bila dezazun. Gainera, urtemugak parada aproposa izaten dira atzera begiratzeko eta ordura arte jarraitutako bidearen inguruan gogoeta egiteko.

Hasiera-hasieratik argi izan dugu Berbaratzaren helburua zein den: gustuko ditugun testuak euskara itzultzea edo guk geuk sortzea, euskararen munduari gure ekarpen txikia egiteko. Eta helburu hori gauzatzeko bidean, aniztasuna bilatu dugu orain arte. Askotariko kultura, herrialde eta gaiak plazaratzen saiatu gara, eta hain ezagunak ez diren egileen ahotsa bilatu dugu maiz. Beraz, gure blogaren bidez autore edo gai berriren bat ezagutu baldin baduzue, edo besterik gabe, irakurketa gozagarri suertatu bazaizue, danbolinik gabe dantzan hasiko gara!

Hala ere, ezin dezakegu uka testu-genero zehatz bat nagusitu dela gure atarian; izan ere, agerikoa da narrazioak hartu duela esparrurik zabalena, batez ere, ipuin laburrek. Atsegin handiz itzultzen ditugulako izango da agian, eta, noski, gustura itzultzen dena irakurleek ere gustura irakurriko dutela espero dugu.Orain arte aipatutakoa berresten du jarraian ikus dezakezuen ipuin laburren zerrenda luzeak:

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Txanogorritxu Ainhoa eta Elixabet EU Ipuina
Alas Clarín, Leopoldo Euli jakintsua Ainhoa ES Narrazioa
Atwood, Margaret Amaiera zoriontsuak Ainhoa EN Ipuin laburra
Benedetti, Mario Aingeruaren sexua Maddalen ES Ipuin laburra
Böll, Heinrich Barregilea Elixabet DE Ipuin laburra
Böll, Heinrich Pasadizoa lanaren morala gutxitzeaz Ainhoa DE Ipuin laburra
Borchert, Wolfgang Ogia Elixabet DE Ipuin laburra
Campbell, Melodie Biktima perfektua Ainhoa EN Ipuin laburra
Chopin, Kate Ordubeteko istorioa Maite EN Ipuin laburra
Coll, Pedro Emilio Apurtutako hortza Elixabet ES Ipuin laburra
García Márquez, Gabriel Larunbateko lapurra Maddalen ES Ipuin laburra
Gustavo Adolfo Becquer Hosto lehorrak Ainhoa ES Ipuin laburra
Hemingway, Ernest Zubiko agurea Maddalen EN Ipuin laburra
Kästner, Erich Maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat? Elixabet DE Ipuin laburra
Konny Gizon tantakaria / Lanaren kantua Maddalen DE Ipuin laburra
Mansfield, Katherine Krabelina Ainhoa EN Ipuin laburra
Reinig, Christa Eskorpioia Elixabet DE Ipuin laburra
Stamm, Peter Neskarik politena Ainhoa DE Ipuin laburra
Schweblin, Samanta Txoriak ahoan Elixabet ES Ipuin laburra
SupGaleano Gabezia Elixabet ES Ipuin laburra
SupGaleano Izarrarteko bidaia Ainhoa ES Ipuin laburra
SupGaleano Lorearena da errua Maddalen ES Ipuin laburra
TAZ Zuhaitza hartzera etorriko? Muxu. Aita Maddalen DE Ipuin laburra
Walter Benjamin Neguko goiza Lourdes Izagirre Ondarra eta Silvie Strauß DE Ipuin laburra
Wolf, Johann Wilhelm Sugea suzko basoan Elixabet DE Ipuin laburra

Ipuinak ez dira, hala ere, narrazio-generoaren baitan landu ditugun testu bakarrak, eleberriari ere bere tartea eskaini baitiogu. Hiru urte hauetan, hainbat eleberriren pasarteak itzuli ditugu, eta itzulpen horiek gure irakurleei amua botatzeko aukera gisa baliatu ditugu, nolabait esatearren. Ezpainak eztiz busti, eta gehiago nahi izatekotan, liburua osorik irakurri beharko!

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Dangarembga, Tsitsi Nervous conditions Ainhoa EN Eleberria
Mebtouche, Ali Herri baten ohoreagatik Maite FR Eleberria
Minier, Bernard Ez itzali argia Maite FR Eleberria
Minier, Bernard Drama lirikoa Maite FR Eleberria
Regener, Sven Neue Vahr Süd Maddalen DE Eleberria

Narrazioak alde batera utzita, poesia aipatu behar dugu; gutxiagotan landu dugun arren, geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari baita Berbaratzan. Hemen duzue orain arte itzuli ditugun olerkien zerrenda:

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Carducci, Giosuè Neguko unadura / Antzinako negarra Maite IT Poesia
Carducci, Giosuè Trena Maite IT Poesia
Ezezaguna Koloreduna Elixabet EN Poesia
Londers, Albert Marsella Maite FR Poesia
Mistral, Gabriela Iheslaria Maite ES Poesia
Sands, Bobby Ama maitea Maddalen EN Poesia
Storni, Alfonsina Moderna / Erosentzat Maddalen ES Poesia
Storni, Alfonsina Otsemea Maddalen ES Poesia
Storni, Alfonsina Arkatz bat Maddalen ES Poesia
Textor, Katharina Elisabeth Urte oso baterako errezeta Ainhoa DE Poesia

Eta askoz gutxiago izan diren arren, ezin ditugu ahaztu Berbaratzan landu ditugun bestelako genero hauek: antzerkia, saiakera, kondaira, kronika, laburmetraia, abestia, etab.

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Borchert, Wolfgang Orduan, aukera bakarra daukazu! Maddalen DE Manifestua
Brahim, Aziza Malkoak jario zaizkio lurrari Ainhoa ES Abestia
Brender, Irmela …eta abrakadabra Ainhoa DE Hitz-jolasa
Danquart, Pepe Bidaiari ilegala Maddalen DE Film laburra
Fernand Reynaud Mugazaina Elixabet FR Satira
Konny Gizon tantakaria / Lanaren kantua Maddalen DE Abestia
Melua, Katie Azoka-eguna Gernikan Ainhoa EN Abestia
Mrożek, Sławomir Itsaso zabalean Ainhoa PL

(zubi-hizkuntza: ES)

Antzerkia
Nino, Antonio De Arrain distiratsua Maite IT Kondaira
Rodari, Gianni Vareseko lakua Maite IT Kondaira
Sepúlveda, Luis El Tano Elixabet ES Bidaia-kronika
Taylor, Debbie Gobernatu ahal izango banu… Elixabet DE Saiakera
Tucholsky, Kurt Hizlari txarra izateko gomendioak Ainhoa DE Satira

Itzultzeaz gain, sorkuntzan ere aritu gara. Guk geuk sortutako testuak edota besterik gabe interesgarriak iruditu zaizkigun gaiak ekarri ditugu, itzulpenaren bidez lotura eginez. Era askotako testuak idatzi ditugu, hala nola olerkiak, haikuak, artikuluak, istorioak eta kronikak. Hemen dituzue Baratza ataleko gure sorkuntza-lanak:

Izenburua Idazlea Testu mota
Begirada galduak Maite Poesia
Biharamuneko haikuak Ainhoa eta Elixabet Haikuak
Haikuak emakumeari Ainhoa, Elixabet, Maddalen, Maite Haikuak
Hizkuntzalarien sindromea Maddalen Artikulua
Itzuliz itzuli Elixabet, Ainhoa, Maddalen, Maite Bertsoa
Txakurraren antza al du jabeak? Elixabet Film-kritika
Kutxiko Erresuma Elixabet Ipuin laburra
L@s Zapatistas ya las ConCIencias por la Humanidad. Pobreziaren gerrikoa agerian. Elixabet eta Maddalen Kronika
Latinoamerikako hizkuntza-aniztasuna I Elixabet Katalogoa
Latinoamerikako hizkuntza-aniztasuna II Elixabet Katalogoa
Leku txiki askotan Maddalen Artikulua
Oihanaren defentsaren gakoak; Chico Mendes eta seringueiroak Maddalen Saiakera
Perrexil, bizi ala hil? Elixabet Umorea
Perrexilaren erreakzio gazi-gozoak Elixabet Umorea
Testigantza marroia Elixabet Ipuin laburra
Udazkeneko haikuak Ainhoa eta Elixabet Haikuak

Berbaratza ataria sortu eta urte eta erdira Irudiak Hitz atala sortu genuen, irudiak eta hitzak uztartuz gure gogoetak adierazteko. Atal honetako argitalpenek argazkiak dituzte oinarri, eta testu laburrak sortzeko baliatzen ditugu.

Izenburua Idazlea Argazkia
24 Elixabet Zurriola eta Zarauzko hondartzak
Idaztea Maite Egongelako telebistaren txokoa
Ahantzi ditugu Maddalen
Bacalar Elixabet Bacalar, Quintana Roo
Burdinazko erraldoiak Maddalen Hanburgoko portua
Egunero-egunero Maite
Eraztunak Elixabet
Han goian Maddalen Kalifornia udaberrian
Itsasoaren zirrara Elixabet Portuko ura
Kaleko bakarrizketak Elixabet Hondarribia
Koloretako eguna Maite Sajorami, Cadiz
Matriarka eta latina? Elixabet La Laja, Jalisco
Nostalgia Maite Diagonal kalea, Bartzelona
Zenbat geruza… Ainhoa Tapiz-fabrika Turkian

Azkenik, interesgarriak iruditu zaizkigun kontuak ere argitaratzen ditugu, hainbat formatutan: albisteak, biografiak, kritikak… Hemen duzue orain arte osatu dugun bilduma.

Izenburua Idazlea Testu mota
Liburuen poztasuna Maddalen Ikus-entzunezkoa
Gizarte-kritika 37 margolanetan Paqel Kuczynsky Szczecin Artea/Satira
Euskararen sustraiak Elixabet Zientziaren dibulgazioa
Art in a Toilet: koloreak eta hitzak komunean Maddalen Artea
Zerealaren glosarioa Elixabet Glosarioa
Errekarriak Elixabet Berria
Marseillako Euskal Etxea Maite Kronika
Samba Maite Film-kritika
Irakurzaletasunaren alde… apalategi publikoak Ainhoa Berria
Merkatuaren legea Maite Film-kritika
Baratzeak hirian Elixabet Berria
Urteko hilabeteak Teresa Sabaté i Rodié, Rita Culla i Perarnau Ipuin irakurria
Politikoki zuzena? Elixabet Film-kritika
Erich Kästner idazlearen biografia laburra Elixabet Biografia
Adreiluak Elixabet Berria
Zapatismoa Elixabet Zientziaren dibulgazioa

Katalogoak agerian uzten du gure ezagutza linguistikoak zer hizkuntzetara mugatzen diren. Gure ezagupen horietatik abiatuta herrialde eta kultura ezberdinetara heltzen saiatu gara. Nahiz eta gure testu asko kultura hegemonikoetakoak diren —Alemania, Italia, Frantzia, Austria, etab.—, kultura ezezagunagoak lantzen saiatu gara. Hego Amerikako idazle dezente ekarri ditugu gurera, hala nola, Coll, Storni, SupGaleano, Sepúlveda, Benedetti, eta beste. Eta, askoz gutxiagotan izan den arren, idazle afrikarren bat euskaratu dugu. Munduko bazter ugari ditugu oraindik itzulpenaren bidez ezagutzeke, baina ez izan zalantzarik urruneko kulturak hurbiltzeko lanean jarraituko dugula.

Hauek izan dira gure lehen 100 argitalpenak. Ea gutxienez beste hainbeste kaleratzen ditugun!

Berbaratza

Berbaratza

Lorearena da errua

Zenbat gustatzen zaizkigun SupGaleanoren ipuinak eta zer gustora euskaratzen ditugun! Berbaratzan zapatismoa lantzen jarraitu nahi dugu, gaurkoan beste kontakizun polit eta berezi batekin. Irakurketa on!

Lorearena da errua

SupGaleano

2016ko abenduaren 27an

Katu-txakurraren oharren koadernotik:

Defentsa Zapatista, artea eta zientzia.

Ezinezkoa izan da arrazoia zein izan zen argitzea. Batzuek diote apustu bat izan zela. Beste batzuek, Pedrito urrunegi joan egin zela, eta horrexegatik gertatu zitzaion gertatutakoa. Zenbaiten arabera, praktika bat besterik ez zen izan. Gutxiengoak benetako futbol-partidu batez hitz egiten du, zeina azken segundoetan erabaki baitzen, jokozainak, SupMoisések, zigor gorena ezarri zuenean.

Kasua, edo beharbada gauza, zera da: Defentsa Zapatista izeneko neskatila penalti-puntutik metro batzuetara zegoen, eta baloi zirpildu bat zain zeukan bertan.

Atean, Pedrito besoak astintzen ari zen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohiko selekzioko atezaina izan zenak bezalaxe: Lev Yashin, «armiarma beltza». Pedritok irribarre egin zuen trufati, neskatilak baloia nora jaurtiko zuen aurreikusteko gai zela uste baitzuen: «Defentsa Zapatistak buruan darabilena oso erraz aurreikus daiteke. Mezularien hizketalditik itzuli berria denez, behera eta ezkerrera jaurtiko du ziurrenik».

Metro bat pasatxo neurtzen duen neskatilak, orduan, burua biratu zuen futbol-zelaiaren albo baterantz. Izatez, bazkaleku bat zen hura; behiak zein zekorrak ustekabean sartzen ziren, arduragabe, baita zaldi begioker bat ere.

Hauek ikus zitezkeen alboan: izaki bitxi bat, erdi txakur erdi katu, buztana pozarren astintzen, eta bi norbanako. Azken horiek, lurralde zapatistan zeudela aintzat hartu ezean, esan zitekeen ez zetozela paisaiarekin inondik inora bat. Batek gorpuzkera ertaina eta ile urdindu eta motza zeuzkan, eta gabardina gisako bat soinean. Argala, altua eta trauskila zen bestea, eta beroki dotore bat eta buruan kapela barregarri bat zeramatzan.

Neskatila talde bitxiarengana hurreratu zen. Zaldi itsua ere hurbildu zitzaien. Bilduta zeudenean, gizon argalak irudi bitxiak marraztu zituen zoruan. Neskatilak, bitartean, arretaz begiratzen zion, eta aldian behin buruarekin baietz egiten.

Defentsa Zapatista neskatila eremu handira itzuli zen, bere kokalekura. Lasterka egin zuen baloirantz, baina aurrera jarraitu hura ukitu gabe, eta Pedritok zaintzen zuen atearen eskumako aldean geratu zen, metro gutxira. Mesfidati begiratu zion hark neskatilari. Defentsa Zapatista geldi-geldi zegoen, eta, belauniko, lurra haztakatzeari ekin zion lore bat hartu nahian, oso-osorik, sustrai eta guzti. Arretaz, eskutxoetan eraman zuen lorea, atetik urrun ostera landatu, eta zelaira itzuli zen.

Ikusleek, urduri, susmoa zuten munduaren historian errepikatuko ez den gertakizun horietako bat ikusten ari zirela.

Pedrito, bere aldetik, seguru baino seguruago zegoen. Zalantzarik izatekotan, Defentsa Zapatistak akats larria egin zuen; izan ere, lorea bere kokalekutik kendu zuenean, agerian utzi zuen jaurtiketa norantz egingo zuen: behealdera eta Pedritoren ezkerretara. Noski, esan zion Pedritok bere buruari, neskatilek loreak zaintzen dituztenez, Defentsa Zapatistak ez luke nahi baloiak lorea errotik erauzterik.

Orain arteko suspensea nahikoa ez, eta neskatila, baloitik hurbil eta atearen parean jarri beharrean, baloiaren alde batean geratu zen Pedritori bizkarra emanez, zeina irri ari baitzen Defentsa Zapatistari penaltia huts egiteagatik zuzenduko zizkion isekak irudikatu bitartean.

Defentsa Zapatistak aurpegia biratu zuen Katu-txakur izeneko izaki bitxia zegoen lekura. Jauzitxoak egiten hasi zen hura, jira-biraka, tximutxo dantzari bat nola. Neskatilak irribarre egin zuen, eta hurrengo hamarkadetan iritzi kontrajarriak sortuko zituen mugimendu bat egiteari ekin zion:

CompArten[1] parte hartzen duten emakume batzuen arabera, balleteko lehen posizioan jarri zen neskatila, eskuineko hanka altxatu eta tolestu, eta biratzeari ekin zion, pirouette en dehors izeneko mugimenduan, birak ematen zituen bitartean relevéak eta passéak eginez. «Bikaina izan zen», gehitu zuten.

SupMarcos[2] zenak esan zuenez, Defentsa Zapatistak egin zuena Ushiro Mawashi Geri Ashi Mawatte bat besterik ez zen izan; alegia, arte martzialetako mugimendu bat. Izan ere, jomugari bizkarra emanda jarri, eta kasik 360 graduko bira egin zuen neskatilak, eta, amaitzeko, aitzinera ostiko bat eman orpoaz.

«Emakumeak garelako» kolektiboko emakume matxinoek adierazi zutenez, aldiz, Defentsa Zapatistak hartutako lorea «Chenek Caribe» izeneko lianarena zen. Loreok txita eta txoritxoen antza daukate, eta horiekin jolasten dira neskatila gaztetxoenak Selva Lacandonako komunitate indigenetan. «Chenek Caribe» landarea bazkalekuetan eta belar luzeko soroetan loratu ohi da, eta lurra artoa eta indabak ereiteko prest dagoela adierazten du.

Supgaleanok, betiko legez, testuan muturra sartu, eta esan zuen hain agerikoa zenak Pedrito nahasi zuela: Defentsa Zapatistak behealdera eta ezkerrera jaurtiko zuen, noski, baina Pedritok BERE behealdean eta ezkerraldean pentsatu zuen, eta jaurtiketa behealdera eta ezkerrera izan zen, bai, baina neskatilaren ikuspegitik.

Watson Doktorearen esanetan, Sufien ordenako Dervicheen meditazio-dantzaren emulazio motza egin zuen Defentsa Zapatistak, Sema delakoarena. Turkian egon zenean ikusi zuen doktoreak dantza hura: dantzariek birak ematen dituzte mugitzen diren bitartean, planetak kosmosean mugitzen diren bezalaxe.

Sherlock Holmes aholkulari-detektibeak azaldutakoari jarraituz, ez bata, ez bestea. Neskak gorputzen errotazio-inertziari buruz eman zioten azalpena eta indar zentrifugoarena aplikatu zizkion baloiari. «Elementala, Watson maitea», esan zuen Mexikoko hego-ekialdeko mendietan galduta zebilen detektibeak, «argi zegoen: Defentsa Zapatistaren pisua eta altuera aintzat hartuta, ahalik eta indar handienez jo behar zion baloiari; hala, abiadura eta azelerazio egokia lortuko zituen baloiak hamaika metroak egiteko. Noski, jaurtiketa arrakastatsua izateko aukera % 50ekoa zen. Hau da, bazitekeen atezaina aurkako alderantz mugitzea, edo, aldiz, baloia zihoan alderantz, eta hura arazorik gabe gelditzea».

«Eta lorea?», galdetu zuen Watson doktoreak. «Ai!», erantzun zuen Sherlockek, «hori, Watson maitea, neskatilaren ekarpena izan zen, eta ez zitzaidan niri otu. Are gehiago, atea zaintzen ari zen mutikoa bezain harrituta utzi ninduen ni. Egindakoari esker, atezaina lorea zegoen aldera mugitzeko aukerak areagotu zituen neskatilak. Argi dago ez zuela zientziarekin zerikusirik izan, ezta artearekin ere. Berorren baimenarekin, Watson Doktorea, neskatilak bi gauzak batzea lortu zuen, antza. Oso interesgarria, Watson maitea, oso interesgarria».

Iskanbilaren ondoren, Tercio Compasekoek[3] Pedrito elkarrizketatu zuten. Golaren arrazoiez galdetu ziotenean, Pedritok zera erantzun zien motz-motzean:

«Lorearena da errua».

Fedea ematen dut.

Guau-miau.

 Maddalen

[1] CompArte: oinarrizko eskubideen aldeko festibal zapatista.

[2] esaten dutenez, SupGaleanoren, ipuinaren idazlearen, izen ohia.

[3] Tercio Compas: komunikazioaz eta hedabideez arduratzen den talde zapatista.

ITURRIAK:

http://enlacezapatista.ezln.org.mx

http://radiozapatista.org/

Izarrarteko bidaia

Azken asteetan Berbaratzaren arrastoa jarraitu baduzue, honezkero jakingo duzue Zapatismoaren lanketa txiki bat egin eta SupGaleanoren harribitxi batzuk euskarara ekartzen ari garela. Galera izan zen aurreko astekoa, eta Izarrarteko bidaia tokatzen da gaur.

Lurra atzean utzi eta goazen izar artean bueltaxka bat ematera!

16707270_10212555711072088_3557821728616207526_o

Izarrarteko bidaia

SupMarcos zenak utzitako paper eta marrazki pilaren artean orain irakurriko dizuedan hau aurkitu nuen. Gidoi batentzako edo halako zerbaitentzako zirriborro edo apunte modukoak dira , zientzia-fikziozko film baten gidoiarentzat edo. Honela du izena:

Begirada norantz?

Lur planeta. Etorkizuneko urteren bat da, demagun 2024.a. Helmuga turistiko berrien artean, orain espaziora bidaia daiteke eta munduari bira eman diezaiokegu, ad hoc moldatutako satelite batean. Espazio-ontzia Ilargiaren erreplika bat da, eskalan egina, eta leihate handi bat du, bidaia osoan zehar Lurra ikusteko. Beste aldean, atzealdean, alegia, etxeko leiho arrunt baten tamainako sabai-leiho moduko bat dago, uneoro galaxiaren gainerako zokoetara begiratzeko. Turistak, kolore eta nazionalitate anitzetakoak, leihate parean pilatu dira, jatorrizko planetari begira. Selfieak ateratzen ari dira eta senide eta lagunei streaming bidez bidaltzen dizkiete laranja bat bezain urdina den munduaren irudiak. Baina bidaiari guztiak ez daude alde berean. Gutxienez lau lagun atzealdeko leihoan daude. Kamerak alde batera utzi dituzte eta estasiatuta daude zeruko gorputzek osatzen duten collage nahaspilari begira: Esne Bideak uzten duen argi-hautsezko trazu bihurgunetsuari, agian jada ez dauden izarren dirdira ñirñirkariari, astroen eta planeten eromenezko dantzari.

Pertsona horietako bat artista da; ez dago geldirik, buruan notak eta erritmoak, lerroak eta koloreak, mugimenduak, sekuentziak, hitzak, errepresentazio finko zein mugikorrak, irudikatzen ari da; eskuak eta atzamarrak nahi gabe mugitzen ditu, haren ezpainek hitz eta soinu ulergaitzak esaten dituzte zezelka, begiak ixten eta irekitzen ditu etengabe. Arteek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begira daitekeenari begiratzen diote.

Beste bat zientzialaria da; haren gorputzean ezer ez da mugitzen, argi eta koloreei begira-begira dago, baina ez gertukoei, urrunekoei baizik; buruan galaxia pentsaezinak irudikatzen ditu, mundu bizigabeak eta bizidunak, izarren jaiotzak, zulo beltz aseezinak, banderarik gabeko planetarteko espazio-ontziak. Zientziek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begiratu daitekeenari begiratzen diote.

Hirugarren laguna indigena da, nahiko txikia, azal iluna eta antzinako hazpegiak ditu, eta leihotik begira dago hura ukitzen duen bitartean. Haren gogoa eta gorputza materia solido gardenaren gainean pausatu dira. Buruan bidea eta urratsak, abiadura eta erritmoa irudikatzen ditu; uneoro aldatzen den helmuga bat irudikatu du. Jatorrizko herriek begiratzen diotenari begiratzen diote eta begiratua izateko sortzera irits daitekeen biziari begiratzen diote.

Laugarrena zapatista da, gorpuzkera eta azal-kolore aldakorrekoa, eta kristalaren beste aldera begiratu eta hura ukitzen ari da kontu handiz; oharren koadernoa atera du eta sutsuki idazteari ekin dio. Buruan kontuak, betebeharren zerrendak, hasi beharreko lanak egiten hasi da, planoak marrazten, amesten. Zapatismoak begiratzen dionari begiratzen dio eta eraiki beharreko munduari begiratzen dio, arteek, zientziek eta jatorrizko herriek beren begirada zuzendu dezaten.

Bidaiaren amaieran, gainerako bidaiariak duty free dendan azken souvenirrak erosten ari diren bitartean, artista korrika txikian joan da bere estudiora edo dena delakora, bere begirada besteek ere sentitu dezaten; zientzialariak beste lagun batzuei dei egin die, teoriak eta formulak proposatu, frogatu eta aplikatu behar direlako; indigena bere kideekin bildu da eta bidaian ikusitakoa kontatu die, begirada horrek guztien artean bidea zehatz dezan, eta urratsak, lagunartea, erritmoa, abiadura eta etorkizuna.

Zapatista bere komunitatera joan da eta herriko batzarrean azaldu du zehatz-mehatz zer egin behar den, artistek, zientzialariek eta indigenek bidaiatu ahal izateko. Hasieran, istorioa edo ipuina edo gidoia edo dena delakoa kritikatu du batzarrak, landako eta hiriko langileak ez direlako agertzen. Hortaz, komisio batek SupMarcos zenari gutun bat idatz diezaiola proposatu da, ipuinean bosgarren elementu bat sartzeko eskatuz, Katu-txakurra, hain zuzen; izan ere, Interneten kablea eta Tercios Compasen bi USB jan ditu jada eta ordenagailuko saguaren atzetik pasatzen du eguna, eta beraz, hobe eramaten badute. Eta seigarren elementu gisa jar dezala Sexta, hori gabe historiak ez baitu zentzurik . Behin hori onartuta, batzarrak proposamenak egin, eztabaidatu, gehitu, kendu egingo ditu, denborak antolatu, lanak banatu, akordio orokorra bozkatu eta lan bakoitzerako komisioak izendatuko ditu.

Batzarra amaitutzat jo eta bakoitza bere lanekin hasi aurretik, neskatila batek hitza eskatu du.

Aurrera joan gabe, zutik dago etxe komunalaren atzealdean; ahalik eta ahots altuenez zera esan du neskatilak: “emango diozuen eramateko gauzen zerrendan pilota bat eta pozol-bola bat gehitzea proposatzen dut”.

Batzarreko beste guztiak barre algaraka hasi dira. SubMoyk errespetua eskatu du bilera koordinatzen den mahaitik. Jendea isiltzea lortutakoan, SubMoyk zer izen duen galdetu dio neskatilari. “Defentsa Zapatista naiz” esan du, eta “ez dira pasatuko, estralurtarrak izanda ere” adierazten duen aurpegia jarri du. Orduan, SubMoyk Defentsa Zapatistari galdetu dio zergatik proposatu duen hori.

Neskatila egurrezko bankura igo da eta arrazoi hauek eman ditu:

“Pilota esan dut, joan nahi duzuen leku horretan ezin bada jolastu, alperrik zoaztelako. Eta pozol-bola indarra izateko eta bidean ez zorabiatzeko da. Eta han, urruti, beste munduak dauden tokian, nondik gatozen ez ahazteko”.

Neskatilaren proposamena aho batez onartu da.

SubMoy bilera amaitutzat emateko zorian dagoenean, Defentsa Zapatistak eskutxoa altxatu du, berriz ere hitza eskatuz. Eman egin zaio.

Neskatila hizketan hasi da, esku batean futboleko baloi bati eta bestean animaliatxo bati eusten dien bitartean; animaliatxoak txakurra dirudi… edo katua, edo katu-txakurra:

“Esan nahi nuen taldea ez dagoela osatuta, baina ez larritu, laster izango gara gehiago;  batzuetan denbora behar izaten da, baina laster izango gara gehiago”.

Fedea ematen dut.

Guau-miau.

Ainhoa

ITURRIAK:

http://enlacezapatista.ezln.org.mx

http://radiozapatista.org/

https://elblogdegiap.wordpress.com/

 

Gabezia

Joan den urtearen amaieran zapatismoari  eta mundu ero honi buruz gogoeta egin genuen (hemen) eta, urte berria gehiegi aurreratu baino lehen, hari hori luzatu nahi izan dugu. Pasa den astean zapatismoari buruzko kontuez aritu ginen: nortzuk dira zapatistak?, noiz sortu zen mugimendua?, nola antolatzen dira? Aste honetan, aldiz, SupGaleanoren kontakizun labur bat ekarri dugu euskarara, ezin hobea baita zapatistek barrurantz nahiz kanporantz duten ikuskera  ezagutzeko.

Katu-txakurraren oharren koadernoko fikziozko kontakizunek fantasiaz eta ironiaz apaintzen dute errealitatea. Eta, sinetsi iezadazue, SupGaleanok ez du sekula Literaturaren Nobel Saria eskuratuko (seguruenik ezta nahi ere), baina aldiro lortzen du ehunka pertsonek barre egitea. Probatu nahi duzu?

Gabezia

SupGaleano

Mexikon, 2016ko abenduan

Katu-txakurraren oharren koadernotik.

Nire etxolan nengoen, Maradona eta Messiren jokaldien bideo batzuk berrikusten eta aztertzen.

Bihozkada bat balitz bezala barruraino iritsi zen baloi bat boteka. Haren atzetik Defentsa Zapatista sartu zen, abisatu eta baimenik eskatu gabe. Neskatilaren atzetik hainbestetan aipatutako Katu-txakurra sartu zen.

Defentsa Zapatistak baloia hartu zuen eta niregana hurbildu zen sorbaldaren gainetik begiratzeko. Nik nahikoa nuen Katu-txakurrak ordenagailuaren sagua jan ez zezan zaintzearekin; horregatik, ez nintzen konturatu neskatila bideoari begira-begira zegoela interes handiarekin.

— Aizu, Sup —esan zidan—, zuk sinesten duzu Maradona eta Messi on-onak direla?

Ez nion erantzun. Defentsa Zapatistaren galderak direla-eta, esperientziagatik zera dakit: edo erretorikoak dira edo ez zaio interesatzen zer erantzuten diodan. Neskatilak jarraitu zuen:

— Baina ez duzu kontua ondo ikusten, ze arte eta zientziaz maiz hitz egiten den arren, biek gabezia handi bat dute —esan zuen.

Bai, halaxe esan zuen: gabezia. Orduan nik eten egin nuen eta zera galdetu nion:

— Eta zuk nondik atera duzu hitz hori edo non ikasi duzu?

Gaitzituta erantzun zidan:

— Pedrito Astapotrok esan dit. Esan dit ezin dudala futbolean jolastu neskok gabezia tekniko bat dugulako. Amorratu egin nau eta zaplazteko bat eman diot, ze nik ez dakit hitz horrek zer arraio esan nahi duen eta agian zakarkeria hutsa da. Noski, Pedrito Astapotro hezkuntza sustatzailearengana joan da ni salatzera, eta deitu egin didate. Nik andereñoari azaldu diot, ba, nolabait esatearren, egoera nazional eta internazionala, Hidra eta hori guztia alukeria hutsa dela. Eta sustatzaileak ulertzen duenez guk, emakume izateagatik, elkarri lagundu behar diogula, ez dit errietarik egin, baina gabeziak zer arraio esan nahi duen bilatzeko agindu dit. Eta nik pentsatu dut zigor hori kalabazin-zopa jan behar izatea baino hobea dela.

Ulerkor baietz egin nion buruarekin, Katu-txakurrari ahotik sagua kentzen saiatzen nintzen bitartean.

— Beraz, Junta de Buen Gobiernora joan naiz, interneten bilatzera gabeziak ze arraio esan nahi duen, eta orduantxe ikusi dut musikari borrokalarien kanta bat dela, oso alaia, eta denak dantzan hasten dira eta saltoka, inurritegi baten gainean baleude bezala. Orduan hezkuntza sustatzailearengana joan naiz eta esan diot gabezia kanta bat dela eta zera dioela: «goizero, jaiki orduko, ez dut eskolara joateko gogorik». Sustatzaileak barre egin du eta esan dit: «lanera esan nahiko duzu». Orduan esan diot musika norberaren eta bakoitzaren arazoen araberakoa dela; alegia, azalpen politikoa eman diot, baina nik uste ez duela ulertu, ze soilik barre egin du. Eta orduan berriro bidali nau, kantak beharrean, hitzak zer esan nahi duen bilatu behar dudala. Eta, mugi, abiatu naiz berriro, Juntara itzuli naiz eta han zaindariak salaketa bat bidali arte itxoin behar izan dut, eta gero sartu naiz behingoz, eta han irakurri dut gabeziak zerbait falta zaizula esan nahi duela. Eta berriro sustatzailearengana joan naiz eta kontatu diot, eta orduan hark esan dit ez dela zakarkeria bat eta zoriondu egin nau, baina Pedrito sudurluze hori han zegoenez, beste zaplazteko bat eman diot teknika falta zaidala esateagatik. Orduan sustatzaileak esan dit nire amari kontatuko diola nola nabilen, eta hona etorri naiz ezkutatzera, ze badakit ez dela inor etortzen zurekin egotera.

Ziria heroismo apur batekin goxatu nuen, izan ere, azkenean lortu nuen katu-txakurrari sagua kentzea. Defentsa Zapatistak erretolikarekin jarraitu zuen:

— Baina zu lasai, Sup, sartu aurretik arrimatu egin naiz jakiteko ez zeundela emakume biluzien argazkiei begira, ai!, behingoagatik, Sup, ezin dut sinetsi; eta lasai egon, ez zaitut salatuko «Emakumeak garelako» kolektiboan, baina, noski, zuk egiten duzun moduak ez du balio, ze horrek esan nahi du emakumeen gabezia duzula, alegia, SubMoyk haserretzen denean esaten duen moduan: «No tienes madre![1]».

Hona iritsita esan beharra daukat Defentsa Zapatistak dioena ez dela egia; kontua da anatomia kurtso bat egiten ari nintzela korrespondentzian. Edonola ere, neskatilak ni agerian uzten jarrai ez zezan, galdetu nion zergatik esan zuen Maradonak eta Messik gabezia handi bat dutela. Ia ateburuan zegoenean, neskatilak zera erantzun zidan:

— Oso garrantzitsua den zerbait falta zaielako: emakume izatea.

Elixabet

alegre-rebeldia

Iturriak:

Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.

Carlos Humberto Durand Alcántara, Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento crítico frente a la hidra capitalista, Comisión Sexta Adherente, Alegatos, 91. zenbakia, Mexiko, 2015eko iraila/abendua, 737-742 orr.

http://enlacezapatista.ezln.org.mx/

http://seminarioscideci.org/

http://radiochimia.blogspot.de/2014/03/la-izquierda-y-el-1-de-enero-de-1994.html

[1] Ez daukazu potrorik eta, aldi berean, emakumerik.