Vareseko lakua

Gianni Rodari idazle italiarraren ipuin bat dakarkizuegu gaurkoan Berbaratzara. Bere liburu ezagunenetako bat euskaraz irakurtzeko aukera duzue dagoeneko, Jolas egiteko ipuinak ekarri baitzuen euskarara Joxean Ormazabalek 1985ean. Egia esan, oraingo honetan proposatzen dizueguna ipuina baino kondaira da, Lombardiako herri txiki bati buruzko kondaira. Baina ez dugu ezer gehiago kontatuko horren inguruan, ez dizuegu eta irakurketa “hondatu” nahi. Zein ote da Vareseko misterioa? 207-img

VARESEKO LAKUAREN KONDAIRA

Laku bakoitzak kondaira ezberdin bat du, haren sorrera izugarrizko zehaztasunarekin kontatzen duena. Belaunaldiz belaunaldi kontatzen den kondaira da hori, bildumagileren batek paperean idatzi eta inprimatu arte, beltza zuriaren gainean.

Gure lakua, Vareseko laku bikaina, beltzaren gainean zuri ikusiko duzue ilargia ateratzen den gauetan; begirada bakarrarekin ulertzen da diodana. Laku honek, nik dakidala, ez du bere sorrera azaltzen duen kondairarik. Izan ere, aitona zintzo batek ere ez du istoriorik asmatu behar izan logurarik ez duen iloba lokartzeko. Inork ez du kontatu aingeruek egindakoa, haran oso bat ontziekin urrez bete zutela, irlatxoa babesten zutela txakur zaindarien gisa, eta beste hainbeste kontu.

Hori bai prosazko lakua! Pentsatuko duzue.

Lasai, badago ordaina.

Ez al duzue inoiz ikusi Sasso kalea igotzean edo jaistean, Comeno eta Gavirate kaleen artean eskuinetara dagoen elizatxoa? Ate txikitxo bat eta kanpai mutu bat ditu.

Ez. Ez zarete inoiz gelditu. Auto zaratatsua baduzue, ez zarete ezertaz konturatu. Erromes doazen frantziskanoak bazarete, ez zarete gelditu, ez duzue begiratu leihotxo batetik eta ez duzue ikusi Hirutasun Santuaren omenez eraikitako elizatxoa iluntasunean.

Eta are gutxiago, ez zarete elizaren ateko harresitxoan eseri urrunean dardarka dagoen lakuari so egiteko. Eliza honek kondaira bat du.

Niri elezaharretan eta herrietako kantoi ezezagunetan azaltzen den adineko andre batek kontatu dit.

Hortaz, bazen aspaldi (batek daki noiz!) negu gorrian herriak zeharkatzen zituen zaldun bat. Elur anitz zegoen, zeruko errota guztiek haien irinarekin Lombardiako lautada estali zutela zirudien.

Bat-batean, zaldunak izugarrizko elur pilarekin egin zuen topo, eta bertan aurkitu zituen zuhaixka bat eta zuhaitz eskeletiko bat besoak zerurantz zuzenduta.

Mirari bat balitz bezala, belardia luzatu zen bertan bat-batean. Eta atzean, urrunean, etxe gutxi batzuek herrixka bat zegoela adierazten zuten.

Zaldunak zalantza izpirik gabe zeharkatu zuen lautada: zaldiari kolpe bat eman zion eta pasatzean elur-boladak altxatuz egin zuen aurrera lauhazka bizian.

Herrixkako txabola hondatuetara iritsi zen. Atea jo zuen pasaeran, norbaitek erantzungo ziolakoan. Behin eta berriz jo zuen, baina ez zion inork erantzun. Orduan, zaldiak izugarrizko zarata egin eta ate bat jo zuen.

 — Egunon dizuela!

Azkenean ireki zen atetxoa, gontzekin zarata eginez, eta adineko emakume txikitxo bat azaldu zen itzal ilunen artetik (baliteke istorioa kontatu zidan amona baino urrunagokoa izatea amona hori).

— Egunon Jaungoikoaren zalduna!

Zaldunak irmotasunez hitz egin zion:

 — Esadazu, nor da hor behean ikusten den zuhaitz eta makil gabeko soro horren jabea? Bertatik igaro ondoren erosteko gogoa piztu zait!

 — Jaungoiko maitea! —esan zuen emakumeak aitarenka—. Horren gainetik pasatu al zara?

— Arraioa, bai. Baina zer duzu? Zergatik estaltzen duzu gorputz guztia? Pagano itxura al dut?

Emakumetxoak harrituta erantzun zion:

— Ez jauna. Zu ez zara paganoa: horrela izango balitz Jaungoikoak ez zizun utziko lakuaren gainetik pasatzen zaldiaren apatxek izotza apurtu gabe!

Ordungo horretan zalduna harritu zen; abentura asko bizi izan baitzituen, baina inoiz ez zen izoztutako laku baten gainetik pasa zerupeko belardi bat zelakoan.

Jendea hurbiltzen hasi zen eta miresmenarekin begiratzen zioten, mirariaren zalduna haiekin zegoen orain. Txaboletatik emakumeak azaltzen ziren lakuaren gainetik pasatu zen zalduna ikusteko.

Zaldunari harridura pasatu zitzaionean urrez betetako poltsa bat hartu eta honela esan zien baserritarrei:

— Entzudazue herritarrok. Gure Jaungoiko Bakar eta Hirukoitzari eskerrak emateko eliza bat eraikitzea nahi dut, bertan otoi egin dezazuen.

Herritarrek baietz esan zuten, zaldunak eskerrak eta dirua eman zizkien eta alde egin zuen, ez zuten gehiago ikusi.

Eta horrela, Hirutasun Santuaren eliza eraikitzen hasi ziren, edo hala diote istorioek behintzat. Garai berriak etorri ziren, Gavirate handitu egin zen eta industria garatu zen, eliza eguneratu beharra zegoen, eta baliteke orain garai hartakoa bezalakoa ez izatea .

Baina lakua berbera da: batzuetan izoztu egiten da eta beste batzuetan barre egiten du.

Maite dugun lakua da oraindik, adineko batzuek diote uholdeen soberakina dela, Jaungoiko Bakar eta Hirukoitzaren borondatez herria lurperatuta utzi zuena.

Baina herri bat existitu zen, egiaz, gaur egun uhinak sortzen diren urertzean.

Nola eta noiz lurperatu zen?

Eser zaitezte istorioko elizaren hormatxoaren kontra: egin so zuen begiekin ikusten duzuen lakuaren zatiari, eta baliteke egun batean lurperatuta gelditu ziren mutikoen barre-algarak entzutea uhin artean, baina oso urrun, haien egurrezko etxe zaharretan.

Gianni Rodari – 1936ko abuztuak 21

Maite

Irudia: http://en.lagomaggiore.net/80/lake-varese.htm

One thought on “Vareseko lakua

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s