Burdinazko erraldoien zaratak ibaiaren lasaitasuna eten du, iratzargailuaren alarmak gau sakona eten duen bezalaxe. Goizeko bostak eta hamabi minutu. Ohetik altxatu, aurpegia eta hortzak garbitu, arropa jantzi, eta «diru-zorroa, giltzak, mugikorra… dena prest». Etxetik atera eta autora abiatu da, gaur ere izotza egin du. Kristal izoztuak garbitu eta martxa; berrogei minutuko bidea du aurretik. Berrogei minutukoa dela dio erlojuak, baina bi ordukoa dela iruditzen zaio. Heldu da, dagoeneko, hainbeste gorroto duen tokira. Hamar orduz lan egin behar duela pentsatzean, adorea guztiz galtzen du segundo erdi baten, baina ezin da gora begira geratu, eta indarra berreskuratzen du, berak ere ez daki nola.
Hogeita zortzi urte dauzka, eta horietatik hamabi lanean igaro ditu. Institutua amaitzean aitak argi eta garbi esan zion: «Badakizu nondik zatozen, langile familia batean jaio zara. Ez pentsa ikasketak egiteko gai izango zarenik». Geroztik, iratzargailua du bidelagunik fidelena, goizero-goizero esaten dio «egun on». Tira, gaurkoa ez da hain egun kaxkarra; otsaila dela kontuan hartuta, nahiko zeru polita dago. Urdina da nagusi, eta laino zuriak tartekatzen dira han-hemenka, kolore-nahasketa atsegina sortuz.
Hamar orduak igaro dira, eta makinatzarrek lortu dute langilerik handiena ere txikienetan txikien sentiaraztea. Nekeak beheraka tira egiten dio, eta kosta egiten zaio urratsak ematea, baina azkenean kotxera heldu da, indargabe. Orain beste berrogei minutu behar ditu etxera iritsi arte, eta denbora-tarte hori nahikoa da bere buruan gogoeta pizteko. Ez zaio beharbada bizitzarik zoriontsuena egokitu, baina badaki ordu gutxi falta direla berriz ere gauaren sakontasunean murgiltzeko, iratzargailuaren alarmak hori eteten duen arte, burdinazko erraldoien zaratak ibaiaren lasaitasuna eteten duen bezalaxe.
Maddalen