Maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat?

II.

 Pasadan astean Erich Kästner idazlea aurkeztu genizuen, baita satiraren generoa ere, eta gaurkoan alemaniarraren satira bat ekarri dugu euskarara, hain justu. Irakurketa on!

Oin-ohar guztiak itzultzailearenak dira.

gortina satira

Maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat?

Erich Kästner

 

Arratsaldeko lehen orduan huts samar dago oraindik kafetegia. Pare bat egunkari irakurle daude han-hemenka. Mandatumutila ur beroa botatzen ari da pitxar txiki batetik alfonbraren ertzetan, zimurtu egin baitira. Arropazaindegiko emakumea mostradorearen atzean dago eta txanpontxoak kontatzen ari da. Ondoan zerbitzaria dago eta, ahalik eta diskretuen, karrerei buruzko berriak irakurtzen ari da. Negozio txarrak. Dubschek delako bati deitu diote telefonoz. Ez, ez dago hemen. Orduantxe andretxo zahar bat sartu da lokalera. Husar txapeltxo bitxiaren azpian Fritz Zaharraren[1] aurpegi berdin-berdina ezkutatzen da: zurbila, sudurluzea, zimurtua. Figura estu, txikitxo baten gainean pausatzen da, zeina felpazko berokiaren handitasunean galtzen baita. Andretxo zaharra zerbitzariaren parean geratu da, eta adi-adi begiratu dio, hark, andrearen presentziak gogaituta, burua altxatzen duen arte. Orduan andretxo zaharrak irribarre egin du arin, eta zera esan du ahots zakar ozenez:

—Barkatu, maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat?

—Zer gertatzen da harekin? —galdetu dio zerbitzariak. Aldez aurretik errezelo justifikatua sentitzen du ezer kontsumitzen ez duten guztiekiko.

—Esan didate hemen jolasten dela billarrean egunero.

—Jolasgelak oraindik itxita daude.

—Barkaidazu atrebentzia, Stobrawa jauna maitalearekin etortzen al da beti?

Bezeroek arreta jarri dute. Arropazaindegiko emakumea nahastu egin da kontatzean. Mandatumutilari belarriak gorritu zaizkio.

—Uste nuen —andretxo zaharrak erreguka— agian zerbait zehatzagoa esan ahal izango zenidala. Lehen beste kafetegi batera joaten ziren maiz. Stralauer kalean. Orain, ordea, bizilekua aldatu du. Hemen inguruan bizi behar du. Eta iluntzen duenean hona etortzen omen dira. Haien arrastoa galdu dut… konprenitzen? Eta, noski… beno, hala da.

Beharbada Stobrawa jaunaren maitalea haren etxean bizi izan zen, eta dirua zor dio oraindik. Halakoak gertatu ohi dira. Baina, beharrezkoa al da horregatik Stobrawa familiaren sekretuak ezezagunen aurrean lau haizetara zabaltzea?

—Izan ere, Stobrawa Jaunaren emaztea naiz —esan du orduan andretxo zaharrak, barkamena eskatuko balu bezala. Irribarre egiten ere ahalegindu da—.  Baina, noski, ez dut enbarazu egin nahi.

—Bi Stobrawa jaun etortzen dira maiz hona —esan dio zerbitzariak—. Abizen hori ez da batere ezohikoa, nahiz eta kontrakoa pentsatu.

—Argazki bat daukat. —Poltsatik argazki bat atera du. Talde baten argazkia da, aspaldiko txango alairen batekoa, garai batean egin ohi zen horietakoa. Familiartekoak daude. Gizon batek basoko zurigune batean kapela kendu zuen, galdezka, posible ote zen jaunei argazki bat ateratzea. Stobrawa jauna momentu horretan umore onez zegoenez, ez zion prezioari erreparatu.

—Aurrean dagoen gizon potoloa, hori da Stobrawa jauna. —Senarraz hitz egiten du, haren neskamea izango balitz bezala.

Luze aztertu du zerbitzariak argazkia.

—Gure Stobrawa jaunetako bat hemengo hau baino lodiagoa da. Eta bestea handiagoa.

—Lodia izan liteke orduan. Argazkiak urtebetetik gora izango du dagoeneko!

Arropazaindegiko emakumeak zerbitzariari begiratu dio sorbaldaren gainetik, ez du txintik esan, eta andretxo zaharrari soilik noizean behin begiratzen dio begi bazterraz.

—Ba —esan dio zerbitzariak—, beste nonbait galdetu beharko zenuke, andrea. Horiek ez dira hona maiz etortzen diren Stobrawa jaunak. Gainera, oso gutxitan etortzen dira emakumeekin!

Kontu handiz argazkia jaso du.

—Barkaidazu, arren —esan du andretxo zaharrak, eta buelta eman du abiatzeko asmoz. Irribarre egin du berriro ere eta denbora-pasa hutsagatik galdetzen duenaren plantak egin ditu—. Agur.

—Agur, andrea —esan du zerbitzariak.

—Agur —esan du arropazaindegiko emakumeak.

Mandatumutila salto batez zutitu da eta ateko gortina ireki du. Andretxo zaharrak buruaz agurtu eta atera nahi du. Orduantxe kanpotik atea ireki da. Barreak entzun dira. Neska gazte bat sartu da. Oso gertu jarraitzen dio gizon lodi batek. Neska barrezka ari da. Haize hotza, freskoa, lokalera sartu da.

Andretxo zaharrak atzera egin du eta gizonari begira-begira dago. Hark ere ikusi du, gorritu egin da, agurtu nahi du, ez du egin, horren ordez, eztula. Neska gazteak egonezinez begiratzen du bere ingurura.

—Mugi! —oihukatu dio. Gizonak duda-mudan begirada baztertu du Stobrawa andrearengandik.

Andretxo txikiak atea zeharkatu du poliki. Kristaletik begiratzen duenak artean ikus dezake. Orain errepidearen ertzean dago eta autoei arretaz begiratzen die, bere bizitzak sekulako balioa balu bezala. Zerbitzariak arnasa hartu du sakon. Mandatumutilak oraindik gortinari heltzen dio. Bezeroak egunkaria irakurtzen ari dira. Orduan zerbitzaria buffetera joan da eta andereñoari zera esan dio:

j—Bi kafe esne askorekin eta mitxoleta hazien strudel zati bat Stobrawa jaunarentzat.

Elixabet

[1] Frederiko II.a Handia, Prusiako Erregea.

1 thoughts on “Maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat?

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?