OIHANAREN DEFENTSAREN GAKOAK. CHICO MENDES ETA SERINGUEIROAK.

Geroz eta gehiago dira gizakiak naturari eragiten dizkion kalteak, eta geroz eta gehiago dira egoera horren aurrean alarma piztu duten pertsonak. Egunkaria hartu eta ingurumenari buruzko berriak irakur ditzakegu egunero; normaltasunaren dinamikan sartu direla dirudi, baina munduko boteretsuenek ez dute hori aldatzeko interesik erakusten. Hala ere, badago ingurumena babestearen alde borroka egiten duenik, Brasilgo seringueiroek edo kautxu-biltzaileek XX. mendean erakutsi zigutenez. Artikulu honetan, Hego Amerikako komunitate horrek abiatu zuen borroka ulertzen lagunduko diguten zenbait gai landuko ditugu, eta, horretarako, Javier Moro idazlearen Senderos de libertad liburuko hainbat pasarte euskaratu ditugu. Oihanaren defentsa sutsuenaren erakusle da seringueiroek 1940ko hamarkadan abiatu zuten borroka.

Bigarren Mundu Gerran, kautxurik gabe geratzen ari zirela ikusita, Estatu Batuetako agintariei berebiziko interesa piztu zien Amazonia oihanak, han baitago munduko kautxu-erreserbarik handiena. Laster otu zitzaien hura ustiatzeko plan bat, eta, hala, milaka brasildar errekrutatu zituzten seringaletan edo kautxu-zuhaitzak zeuden eremuetan lan egiteko. Historiak argi utzi du langile-klasea beti egon dela dirua eta negozioa egin nahi duten nagusien menpe, seringueiroen kasuan, fazendeiro edo lur-jabe boteretsu eta esplotatzaileen menpe, alegia. Horrelako egoeren aurrean, erreakziorik naturalena mugimendu gisa antolatzea da, historian zehar hainbat lurralde eta garaitan gertatu den moduan. Kautxuaren soldadu deiturikoek, sen natural horri jarraiki, hala egin zuten, eta apurka-apurka, lan baldintza ustelez jabetu ostean, antolatzeari ekin zioten. Gizadiaren iraganaldiko gertaerak aztertzen dituen ezagutzak, beste behin, agerian utzi digu mugimendu orok buruzagi bat behar duela. Chico Mendes izan zen Amazoniako kautxu-biltzaileen artean kohesio-lanak egin zituena; ingurukoei irakurtzen eta idazten erakutsiz hasi zen, eta denborarekin hark sortu zituen, nazioarteko beste ekintzaile batzuen laguntzaz, seringueiroen ahotsa izango zen sindikatua eta alfabetatzeko ezinbestekoa izango zen eskola-sarea. Prozesu historiko horren xehetasun guztiak kontatzen dizkigu Javier Moro idazleak Senderos de libertad lanean, hiru urtean zehar Amazoniako eszenatoki esanguratsuenetatik bidaiatu eta protagonistekin hitz egin ondoren.

seringal

Seringueiroak lanean.

 

Ekologismoak egiten gaitu

Brasilgo seringaletan jaiotako borroka horri hertsiki lotuta, ezin dugu ahantzi ekologismoaren gaia. Izan ere, seringueiroek ez zeukaten zalantza izpirik: beren eskubideen aldeko borrokak ezin zuen zentzuzkoa izan ekologismorik gabe. Arrazoia agerikoa da: ingurumena kaltetuz gero, naturak hiltzeko arrisku geroz eta handiagoa dauka, eta harekin batera bertan bizi diren gizaki guztiek. Ingurumenaren babesa, beraz, borroka guztien oinarria da, ekologismorik gabe, ez baikara ezer, eta, hortaz, ezin defendatu gainontzeko eskubide eta ideiak. Kautxuaren soldaduek bizileku zuten oihanaren pixkanakako suntsipena bizi zuten, boteretsuen negozioek eta interesek eraginda. Deforestazioa nabarmena zen; ganaduak dirua ematen zuenez, lur-jabe handien artean baso-eremu zabalak soiltzeko praktika geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari zen. Era berean, Brasilek berak zein munduko beste herrialde ahaldunenek Amazonia zuten jomuga beren makroproiektu suntsitzaileak garatzeko, besteak beste, Transamazónica errepidea, eragin zuen zoritxarraren ondorioz «Transmiseriana» izenarekin bataiatua. Hondamendia datu zehatzen bidez adierazte aldera, hona hemen liburuaren pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Ez zen soilik planetako espezie bizidunen suntsipenik handiena izan Kretazeoa amaitu zenetik. Lur osoaren osasunari mehatxu egiten zioten substantzia kaltegarriz betetzen zuen atmosfera Amazoniaren hondamenak. Hala, Amazoniak herrialde industrializatuen multzoarekin bat egin zuen, Estatu Batuak buru zirela, planetako baliabideen bi heren kontsumitzen baitute, munduan gutxiengo diren biztanle batzuen bizimodua mantentzeko. Paradoxa da Amazoniak, munduan gutxien industrializatutako eremuetako batek, Frantziak eta Espainiak batera baino substantzia kutsatzaile gehiago isurtzea. Segituan deforestazioaren beste ondorioetako bat azaleratu ze zuhaitz gehien mozten ziren eskualdeetan euriteak % 20 murriztu zirela erreparatu ostean, hots, hainbat zientzialarik urtetan zehar aurreikusitakoa: klima-aldaketa eta horren mundu-mailako eragin konponezinak. Izan ere, Amazoniako oihana ez da planetaren birika bat, edota atmosferako elementu garbitzaile erraldoi bat —hirurogeiko hamarkadako ekologistek modu okerrean sinetsarazi zutenez—, hezetasunaren funtsezko erregulatzaile baizik. Oihanean egiten duen euriaren hiru laurden lurrera heldu baino lehen lurruntzen dela aintzat hartuta, erraz uler daiteke zuhaitzak moztean lurrunketa murrizten dela eta, hortaz, prezipitazioak behera egiten duela. Hori Amazonaseko arroaren eskalara egokituz gero —bertako oihanak planetako ur gezaren bolumenik handiena birziklatzen du, Amazonasen 6.720 kilometroei esker munduko ibai guztiek isurtzen duten bolumenaren bosten bat askatzen baitu ozeanoan, hau da, egun bakarrean Tamesis ibaiak urte osoan askatzen duena bezain beste—, erraz uler dezakegu arazoaren larritasuna. Haren 10.000 ibaiadarrei esker —lerro zuzenean 80.000 km neurtuko lukete, mundua ekuatoretik bi aldiz inguratzeko adina—, Amazonaseko adarkadurak planetako izaki bizidun guztiengana heltzen dira kliman duten eraginaren ondorioz. Aurkikuntza horiek partekatzen zituzten zientzialariak harrituta zeuden, XX. mendearen amaieran ilargiaren gainazaleko zenbait eremu hobeto ezagutzen baitziren oihanekoak baino. Amerikar botanikari batek adierazi zuen legez, arazoa zera da: ilargiak ez du aldaketarik jasango milioika urtean zehar, baina bitartean, mende-amaierako urteetan, oihan tropikaletako hogei hektarea desagertzen ari ziren minutuko.

Zinez kezkagarriak dira, bada, gutxi batzuen interesek planeta oso bati eragin diezazkioketen ondorio larriak, kasurik okerrenean, heriotza ekar dezakete-eta. Dena den, egoera katastrofikoenetan ere, beti argitzen du itxaropen-izpiren batek iluntasunean. Seringueiroen komunitatea ez zegoen bakarrik; hasiera-hasieratik Chico Mendesek hainbat elizgizonen babesa jaso zuen, eta Sena Madureiran 1975ean lehen sindikatua sortu zenetik, horien arteko elkarlana giltzarri izan zen. Nazioarteko sostengua beranduago heldu zen, bereziki Estatu Batuetako hainbat ekintzaile ekologistaren eskutik. Sindikalista brasildarrarekin harremanetan jarri eta arazoa nazioartera zabaltzeko kanpaina abiarazi zuten, Brasilgo agintariek begiak estalita zituztela baitzirudien. Oihanaren aldeko borrokak eragindako neke eta sufrimendua ez zen alferrikakoa izan, Chico Mendesi eta izen-abizena duten beste hainbat ekintzaileri esker —kontsekuente izateko, Maria Alegretti eta Bruce Rich aipatu behar, beste askoren artean—, Amazoniako hondamendi ekologikoak mundu osoan oihartzuna izan zuen, eta hainbat sektoretan ardura pizteko balio, adibidez, hainbat politikariren artean. Tamalez, urteek erakutsi digute ez dela lortu naturaren suntsiketa behin betiko amaitzea; bai, ordea, hondamendiaren erritmoa mantsotzea, hainbat herrialdek Amazonian gauzatu nahi zituzten proiektuetako batzuk geldiaraztea lortu baitzuten. Badugu, beraz, zer eskertu zailtasun ororen gainetik ama-lurra defendatzeko hautua egin zutenei.

Indigenekin bat

Seringueiroekin batera, Amazoniako indigenak izan ziren hondamendiaren biktima zuzenenak, hots, XX. mende amaierako kolonialismoaren biktimak. Horren adibide garbia da Polonoroeste proiektua, Boliviarekin muga egiten zuten lurren 25 milioi hektarea ekoizpenera bideratzeko plana. Oihana konkistatzeko saiakerak 1.200 kilometroko errepidea marraztu nahi zuen Brasilgo lurretan, baina bertan bizi ziren indigenak oztopo zirenez, beharrezkoa zen lurrak desjabetzea. Ba al dago kolonialismoak bizirik jarraitzen duela erakusteko adibide garbiagorik? Bigarren Mundu Gerraren ondoren deskolonizazio-prozesua era arrakastatsuan gauzatu zela saldu ziguten, baina oraindik ere, 70eko hamarkadan, indarkeria neurrigabea pairatzen zuten Hego Amerikako biztanle askok. Horren harira, hona hemen Mororen liburuko pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Oihana laukitan zatitu nahi zuten errepideek espazio huts erraldoiak gurutza zitzaten, baina egiazki oihana ez zegoen hutsik. Jendea zegoen: seringueiroak, ribeirinhoak, fruitu-biltzaileak, indioak, cablocoak. Oihanean bizi zen jendea —eta oihanetik bizi zena— eta, hortaz, hura zaintzen zuena. Milaka urtean zehar basoan bizi izan ziren hainbat komunitate indigenez osatutako herriek egun batetik bestera lekualdatu behar izan zuten. Indarrez ebatsitako beren lurretan agrovila direlakoak (nekazari-hiriak) sortu ziren, gobernuak diruz lagundutako nekazaritza- eta abeltzaintza-enpresek sustatutakoak, eta lur berriak irrikatzen zituzten kolonoak joaten ziren hara bizitzera, Amazoniako klimaren eta lurraren ezaugarriak ezagutzen ez zituztenak. Babes tekniko zein finantzariorik gabe, aldez aurreko prestakuntzarik gabe, inolako laguntzarik gabe, porroterako hautagai perfektuak ziren.

Lurren desjabetzea ez zen bukatu gabeko kolonialismoaren jarraipenaren ondoriorik larriena izan, baizik eta hainbat tribu indigenen desagerpena. Basoaren suntsitzaileek ez zuten inolako mugarik, eta patrikak betetzearen truke edozer egiteko gai ziren, kostua edozein izanda ere. Ibaietako kutsadurak eta basoen suntsipenak gaixotasuna eta heriotza baino ez zien ekarri oihaneko biztanleei, eta beren biziraupena arriskuan zegoela ulertu zuten. Horrenbestez, seringueiroek hasitako ibilbideari herri indigenak batu zitzaizkion eskuz esku kolonialismoari aurre egiteko.

Zoritxarrez, berrogei urte beranduago, borrokak jarraitzen duela esatera behartuta gaude, historia berbera behin eta berriz errepikatzen baita. Azken hilabeteotan, esaterako, Standing Rockeko siouxen kasuak zeresan handia eman du. Indioen lurraldea zeharkatuko duen petrolio-hodi erraldoiaren aurkako protestetan milaka herritarrek hartu dute parte, eta gaur egun proiektuaren % 70 baino gehiago eraiki den arren, manifestariek ez dute etsi. Horra kolonialismo sutsuenaren beste adibide bat.

Heriotzak sortzen ditu heroiak

Chico Mendesek oztopo eta zailtasun ugariri aurre egin behar izan zien bere aldarriak zabaltzeko orduan. Brasilgo agintariak entzungor egin zieten seringueiroen eskakizunei, eta haien aurkako gorrotoa hedatzeaz arduratu ziren. Egoeraz jabetuta, Chicok behin baino gehiagotan izan zuen amore emateko tentazioa, baina bidegabekeria guztiekin amaitzeko grinak pisu gehiago izan zuen.

Chico Mendes.

Chico Mendes.

Urte horietan sortutako tentsioa geroz eta handiagoa zen, eta indarkeria egunerokotasunaren zati bilakatu zen, tasa beldurgarriak gainditu arte. Izuaren haziak bikain erein zituzten pistolari taldeek oihaneko bazterrik galduenetan ere; edo hobe esanda, pistolariek, poliziak, gobernuak eta fazendeiroek, guztiak batera elkarlanean aritu baitziren seringueiroen aurkako gurutzada hartan. Seringueiroek erresistentzia baketsuaren aldeko apustua egin zuten arren, asko izan ziren tiroz hildakoak. Eta hilabeteek aurrera egin ahala, Chicok bazekien berak ere hala bukatuko zuela. Nolanahi ere, ez zuen etsi eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, baina Xapurín jaiotako seringueiroak ezin izan zuen bere kezka ezkutatu jendaurrean eman zuen azken hitzaldian:

Ez dut lorerik nahi nire hilotzean, oihanetik hartuko dituztela baitakit. Nire heriotzak hiltzaileen inpunitatearekin amaitzeko balio dezala nahi nuke soilik; izan ere, Acreko poliziaren babesa jasotzen duten horiek 1975. urteaz geroztik nekazarien eskualdean nire pareko diren 50 pertsona baino gehiago hil dituzte, Amazoniako oihana salbatu nahi duten eta suntsipenik gabeko aurrerapena posible dela erakutsi nahi duten seringueiroen buruzagiak, hain zuzen. Adio, plazer bat izan da. Xapuríra itzuliko naiz heriotzarekin topo egitera, inork ez bainau hartaz libratuko, ziur nago. Hil nahi nautenak salatu ditut, baina inork ez du neurririk hartu. Ez naiz fatalista, errealista baizik.

Eta ezin ukatu Chico errealista zenik, egun batzuk beranduago, abenduaren 22an, bi pistolarik haren etxeko lorategian hil baitzuten, seringueiroaren emazteak eta bizkartzainek afaltzen zuten bitartean. Planeta osoan entzun zen Alves aita-semeek jaurtitako bala, eta ordura arte jaramonik egin ez zuten mundu guztiko komunikabideek hitz onak idatzi zituzten Chicori buruz. Hala, Xapuríko gizontxoa heroi bilakatu zuten, eta Amazonian gertatzen ari zen sarraskia bistaratu. Chicoren irudia oso presente dago oraindik ere, eta ama-lurraren hondamenak bere horretan jarraitzen duen arren, hura bezalako jendea dagoen bitartean, ezin esperantza guztiz galdu.

Maddalen

BIBLIOGRAFIA:

– Moro, J. Senderos de libertad. Barcelona: Seix Barral, 1992.

One thought on “OIHANAREN DEFENTSAREN GAKOAK. CHICO MENDES ETA SERINGUEIROAK.

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s